1975ko
hemeroteka
Nuklear olak: funtsara jo behar
Daitekeena da, nuklear ola edo zentral nuklearrei buruz mintzatzea, eta oihartzun gutxi jasotzea. Nuklear zentralen gaia alde askotatik eta bazter guztietan ukitua izan baita, gai umel xamarra bihurtu bait zaigu. Gai arrunta, lehenbiziko istilluak sortu zituenetik gaurregunera indar asko, "garra" asko galdu duena.
Zentral nuklearren gaiak eta arazoak holako zabalkundea lortzea, guztiz gertakari bitxia izan da gure errian. Baina, nere ustez, heldu zaigu garaia gertakari honen saihets anekdotikoak alde batera utzirik gauzak objetiboki aztertzekoa. Ze, gauza bat baita zentral nuklearrei buruzko mintzaldi batera frontoi batetan 3.000 lagun biltzea, eta beste bat aurrera ala atzera jotzen ari garen jakitea eta aztertzea. Gaingiroki begiratuta, arazo honi buruz sortu den kontzientzia, positibotzat jo genezake. Baina, horra hor galdera. Sortu den kontzientzia, zer nolako kontzientzia da? Arazoaren oinarrizko atalak ukitzen dituen kontzientria ala, alderantziz, arazoaren atal anekdotiko eta bitxietan geratzen den kontzientzia?
Jakingarri anekdotikoz osaturiko kontzientzia bat sortu bada, gure kaltetan dijoa delako kontzientzia hori. Gure herrian, tamalez, honelako kontzientzi-motaz daude bazter guziak kutsaturik. Politika maillan, adibidez, eta oportunista eta inperialista guzien ondotik ibiltzeko ohitura dugularik, bosgarren edo seigarren maillako problemez ari gera geure dialektika eta indar guziak erretzen, geure indar guziak probatzen, gure sustraietako eta benetako problemak ukitu eta aztertu gaberik gelditzen direla. Honi, bateon batek jarri zion izena: «Euskal Primitibismoa». Eta hala da benetan, halajainkoa!
Zentral nuklearrei buruz gauza bera gertatu ote den galdezka ari natzaio neure buruari. Eta gauzak diren bezala eta ez nahi genituzkeen bezala aitortu beharra baita, zentral nuklearrei buruz nahikoa metafisika egiten ari dela iruditzen zait. Berriro ere, politikaren ordez, metafisika egiten ari gara.
Ez dut esan nahi —libra nazala Jainkoak—, Herri osoaren maillan halako kontzientzia zehatz, benetako eta orokor bat behar dugunik. Baina bai ordea —ahal delarik—, pixu andiko gizarte-taldeetan: hortarako garaia etortzekotan, heuren indarra erakuts lezateken gizarte-taldeetan.
Amar urteko ume batek bere amonari «zentral nuklear bat bonba nuklear bat da, amona» esateak gora behera, ez du garrantzi andirik. Eta izatekotan, guztiz eztabaidatzeko dira halako arrazoibideak. Debako arazoaren aurrean, gure onetan gerta litezke halako arrazoibideak; bainan hemendik urte batzutara, nuklear-energia beharko dugunean (geroago ikusiko dugunez), orduan zer?
BAINA JO DEZAGUN FUNTSERA. Debako arazoaz mintzatzen hasi ezkero, jendeak bajurako arrantza, turismoa, airearen kutsadura, segurtasunik-eza eta holako gaiak darabilzki ahotan. Ez dago txarto; ezin esan daiteke Debako arazoaren kontextutik kanpo dabiltzanik. Baiña oinarrizko galdera dugu zokoratu eta hori da geure erriari egin geniezaiokeen kalterik andiena. Egin behar genezakeen galdera honako hau da: «GAURREGUN, BEHAR AL DU ZENTRAL NUKLEARRIK EUSKALERRIAK?.. Galdera hau egitean, produzio generalaren kontextoan gabiltza. Galdera hau zokoratzean, ordea, funtsezko galdera zokoratuta metafisika egiten ari gara. Eta hori da, hain zuzen, faxismoak zein sozial inperialismoak nai dutena.
Teknikoek diotenez, gutxienez 1980 urtera arte, Euskalerriak ez omen du inungo energia nuklearren beharrik. Berez, behar izatekotan, 1980tik aurrean beharko genuke. Zenbat beharko dugun? Zehatz jakitea guztiz gauza zailla da; zailla, batez ere Iberduerok energiarekiko prebisioak «materia reservada» deklaratu duelakoz berriki. Bestetik, ezin esan daiteke halako industria motak energia gehiago eta beste holakok energia gutxiago beharko dutenik. Badakigu, ordea, gauza bi: batetik, 1980 urtera arte, Euskalerria "Autosuficiente" dela energiaren aldetik; eta Bestetik, 1980tik aurrean energia nuklearraren beharrik dagokeala. Hau erakusten du nonbait egiña den energiarekiko demandaz egindako eredu matematiko batek.
Bestetik, eta arazoaren funtsari heldu gatzaizkionez gero, eta gauzak horrela ikusirik, beste galdera bat letorkiguke burura. «Gauzak horrela izaki, zer dela-ta Iberduerok itsas-ertzeko 50 kilometrotan potentzia izugarrizko iru nuklearrola jartzea?».
Gure herriko beharren arabera —iritzi bat eman behar badugu—, garbi dagoke nuklearrola horietan sorturiko energiaren puxka dexentea exportatzekoa datekeela. Hori bai kopeta! Gure koste sozialekin pagatuko Iberdueroren benefizioak eta gainera Euskalerritik kanpoan hemen sortutako energiez baliatuko... Erderaz esan ohi da: «Eramos pocos y parió la abuela». Ba beste horrenbeste gure etxean; jasaten dugun deskapitalizazioa gutxi bailitzan, horra hor beste bat...
Nolabait, artikulu honen ari nagusiak iru puntutara bil daitezke:
1) Gure herrian, eta gure baldintza objetiboetaz baliatuz, talde oportunista eta inperialista batzuk ari dira zentral nuklearren arazoa beren interesen alde erabiltzen. Horregatik, batetik, eta gure primitibismo politika izugarriarengatik, bestetik, nuklear olen arazoaren funtsari ez zaio heltzen, eta, honen ondorioz, neurri handi batetan alferrik eta gure kaltetan ari gara geure indarrak erretzen.
2) Egiten ez den funtsezko galdera hau da: «behar al du gaurregun Euskal Herriak zentral nuklearrik?»
3) Lehen aipatutako prebisioen arabera, ez al du jakin behar jendeak Iberduerok gure bazterrak izorratuz sortuko duen energiaren puxka dexentea exportatuko duela, Euskal Herritik kanpora bidaliko duela?
Horra hor pentsa arazteko zenbait galdera. Horra hor, han eta hemen egiten ari diren bilkuretan egin beharrezko galderak.