1975eko hemeroteka

Emakumearen Nazioarteko Urtea

Aurrera dijoakigu inoren eta batipat emakumeon gustokoa ez den «Emakumearen Nazioarteko Urtea». Izan ere, zelebrekeria da "nazioarteko" urteak izendatu behar izate hori. Gauza haundienetara ere ohitu egiten gara eta kanpai hotsa behar izaten dugu zerbaitetan berezitasun bizi batez begiak jarriko baditugu. Horrela «Bakearen Urtea», «Giza Eskubideen Urtea», zenbait «Urte Santu» eta... emakumearena ere.

Esan bezala, emakumezko askori lotsa eta amorrazioa eman dio gizonezkoek ezarritako urte polit honek. Hobe litzateke —dio zenbaitek— «gizonezkoen aitormen urtea» izendatu izan balitz, beren probetxurako eratu eta gordetzen saiatu baitira egoera hontaz. Damu dezatela eta hemendik aurrera saia besteen eskubideak arretaz errespetatzen.

Dena den, neure uste apala zer nolakoa den esatera noa. Hauxe da: Nahiz eta askok irrifar desitxarotsuaz hartu izan urte zistrin hau, bertatik emakumearen onerako zerbait ateratzea gerta daiteke. Esango nuke, urtearen haseran baino jende guttiago dela gaur, emakumearen egoera desberdinaz konturatzeke dagoenik.

Ez dezagun ahantz publizidadeak ikaragarrizko indarra duela gaurko gizartean eta gai hori giza-komunikabide guztietan sartu denez gero, ustekabeko bultzada hartua izango duela pentsaeran, giza arazoen artean. Zehar bidez bada ere, publizidadeak berea egingo du eta «Kas» edo «Fagor» edo «Tximist» sartzen den bezala sartuko da kaskagogor askotan ere emakumearen egoeraren tristura. Tristuraz gainera arrazoi sakonen bat eta alda-nahien bat sartzen bada... hori gehiago. Dudarik ez, jendarteko uste zabal hori zerbait jantziko da gaur dakarkigun gai honetaz.

Ez egile, hartzaile eta jasaile baizik izan den emakumeak, oraindik ere puska batean jasan beharko ditu amodioa, legeak, familia, politika, gudua, lana eta beste eguneroko zenbait zapalkuntza, gizartea dezente aldatzen ez den bitartean behintzat. Bainan inor gutxik pentsatu eta esango du horrela behar duela izan eta hori dela zuzena. Zerbait da.

Edozeini iruditzen zaio gaur bidezkoa gizartean, familian, lanean, amodioan, legepean sortzen diren zamak pertsona guztien artean eramateko egiten direla. Edozeini iruditzen zaio bidezkoa, pertsona guztiak eskubide berdinak izan ditzatela; batez ere pertsona izateko eskubidea eta bideak.

Eginkizunetan berriz, ama izateaz aparte, diferentzia gutti dira berezkoak, gizonezkoen edo emakumezkoen gain berez egon behar dutenak.

Esan dezagun, bukatzeko, gizartea bera dagoela atzeraturik. Ez dagoela prest pertsona den emakumea bere bizitza-maila guztietan onartu eta egokitasunez tajutzeko.

Horregatik gizartea erabili eta mugiarazten duten neurri berean dago gizonezkoen eta emakumezkoen eskuetan «Nazioarteko Urte» honetan egin behar dena egitea.

MIREN JONE AZURTZA, Zeruko Argia, 1975-IV-27

Gure Mendea