1974ko hemeroteka

Musikak ez du piztirik baretzen

Zenbait kritikok dioenez, lehen garai batean, Euskal Herriko koralak Europako onenetariko omen ziren; gaur, aldiz, txarrenetariko. Ez da harritzeko. Europako musikak aldaketa handia jasan du, espresiobide berrien bilaketa etengabea izan da; Hemengo taldeen gelditasun ezjakiña, berriz, ezintasun izugarriaren pareko. Hemen abotsak ez dira esan-nahi baten adierazpidetzat hartzen, soinu edo aitzakia bezela baizik. Abestalde eta koral guztiak amateur huts dira; zuzendariak, are eta amateurrago. Taldean kantatzea tabernan txikitoak hartzen edo telebistan Kun-Fu ikusten egotearen alternatiba bezela hartzen da... Hala ere, afizioa, gogoa badago. Aterabide, argibide eta laguntzak falta dira.

Neri farragura ematen didatenak, atzerriko txapelketetara sari billa ateratzen diren talde horiek dira. Zer sari eta zer kaka? Sari horiek zer eratako lanaren ondoren dira ba, zer bilaketaren fruitu? Zilbor-gurutze oportunistarik ez dezagun, arren, egin. Jendea, oso oker ez banago, koral-taldeen txapelketa eta Europako akordeoi txapelketataz kokoteraino dago oraintxe, edo egon behar luke... Musika zer da ba, karrera ziklista bat, ala?

Ezintasun, hutsune eta zuloak lanaren eta bilatzearen bitartez gainditu behar dira, eta ez hojalatazko medailekin estali.

Euskal Herriko kontserbatorio eta orkesta nagusietaz, eta bertako jendeaz zer esan?... Domine Cabra-ren pupiloak baino estipendio eta urdail-berogarri gutxiagorekin hor dabiltza, gaixoak, ahal dutena egiten.

(...)

Oraingoz, musikoentzat bi aterabide daude: bertan nazka-nazka egin, ala, bestela, Madrilera joan eta han Xenakis-en imitatzaile iberikoen imitatzaile bilakatu...

Esan litekeen azken gauza hauxe da: egoera horren itogarritasuna, gure zenbait musikoren pedantekeria eta harrokeriaren neurriko dela.

Hori horrela izanik, jarrai dezagun seudo-opera eta seudo meza-herrikoiak jo ta ke erditzen; "genio" hilezkortzat geure burua hartzen; eztabaida alferrikakoetan antzutzen; herriarengandik urrun... Eta horrela, hil arte. Ezerezean murgildu arte. Egun haundirarte. Amen.

XABIER LETE, Zeruko Argia, 1974-IV-28

Gure Mendea