1974ko hemeroteka

Gure artistak eta beren jokaera

Azken bolada honetan, zenbait afari, erakusketa nahiz konziertotan gure herriko hainbat artistarekin egin izan dut topo: Oteiza, Txillida, Lete eta Iriondo, Bonifazio, Lertxundi... eta, beti bezala, hauen lan etengabe, serio eta zintzoaz ohartu naiz, eta orobat nolako arreta duten beren kreazioak gure herria zerbi dezaten. Inoiz pentsatu izan dut, gizon hauek, bere bizia eta lanaren truke ez dutela deus askorik jasotzen. Ez dut esan nahi horren bila dabiltzanik ez behar dutenik, bere barne-mundu sortzailean aski poz eta betegarri bai baitute; baina, bere baitan sofritzen ari direlako irudipena dut.

Zenbaitetan ez baita ezagutzen haien lana eta bai kritikatzen, horregatik sofritzen dute. Ez baititugu ezertarako ere gogotan edukitzen, jendeak uste duelarik txoro batzuk edo direla, edota gauza politak egiten dituzten poetak direla, mundutto burges batean biziz eta egunoroko arazoetatik urrun.

Baina, beste hainbestetan bezalaxe, gauzak ez dira horrela. Ezagutu eta gero jakinaren gainean hitzegin beharko genuke, gutienez. "Burgesatuak" daudela, "romantizismo" nahiz "marxismo" dela eta horrelako beste zenbait "ismo" esanaz azpijaneko panfletoak betetzeak ez du zer ikusirik gure artista eta beren obrekin, bat edo besterekin salbu. Guk bizi ditugun egoera eta zapalketak bizi dituzte horiek ere, gure oraina, presentea, maite dute eta gure geroa lantzen saiatzen dira. Ez da ez guti, jaunok, gure garai hauetarako!

Eta zer eskatzen digute horren truke? Konpreni ditzagula eta uste on dezagula. Zabal ditzagula pittin bat geure buruak eta sakelak. Bizi ere bizi behar baitute artistek, eta biziko badira jan, irakurri, gozatu behar dute guk bezala. Publikoaren oniritzia eta txaloa behar dute aurrera egiteko, noski. Maitasuna eta eurekiko konprensioa bilatzen baitute, beste edonork bezala. Horren itxi eta herstuak ote gara, bada, gure lurrean bizitzeko eskubidea ere ukatzeko?

Ene adiskide batzuen gelan, poetaren harako esaera hura dago idatzia: Zein ona den herriagatik hiltzea; hobe ordea herriagatik bizitzeať. Geure bidea luzea dugula iruditzen zait eta, hala nola gure artistek, guk ere pixkanaka ibili behar dugula, eguneroko seriotasunaz. Su artifizialak eta suziri argidunak politak eta bizkorrak dirateke, baina ez dute argitzen bizi dugun gau iluna. Hala frogatzen du azken hamabi urte honetako historiak.

Ez dut, noski, inor goraipatu nahi izan. Nori berea, bakoitzari zor zaiona eman nahi ukan diot eta justizia egin, denen agirian. Gure artistek, maiz, sofrimendu handia dute eta ez beti bere erruz. Bizi ditugun aldiak eta denborak gaitzak dira, horregatik, Peguy-k dioenez, egun inoiz baino hobeki ordaindu behar da itxaropena, esperantza. Eta gure artistek badute eskubiderik. Ez da eskupekoa zor dieguna, gure konprensioa eta laguntza baizik. Aski bedi "post mortem"-eko omenaldiez!

EDORTA KORTADI, Zeruko Argia, 1974-IV-21

Gure Mendea