1974ko hemeroteka

Euskal antzerkia eraberritu behar dugu

Antzerkiari laster datorkiola heriotza aldarrikatzen duen antzerkigilerik bada, Europan eta Ipar Ameriketan batik bat. Batzuen ustez, telebistaren eta zinearen nagusitzeak ekarriko dio heriotza antzerkiari. Beste batzuen iritziz bere zeregina, inoiz izan badu, galdu egin daiteke.

Halere, urtero-urtero sortzen dira talde berriak nahiz eta gehienetan denbora gutxi iraun bizirik. Iraupenik eza hau hortarako behar den dirurik ezagatik omen datorkie, ‘amateur’ izatetik alegia. Bizitzarako behar den dirua, beste nonbait irabazi beharrak, sakabanatzen du taldea.

Telebista eta zinea Estaduak eta dirudunek zaintzen dute beren zerbitzurako. Jendeari loarrarazten diote, jendea zorabiatzen eta lilluratzen, egiazko arazoez ohar ez dadin. Gizarte arazoak eta herri arazoak izkutaturik, denborapasa batzuk azaltzen dizkigute. Agertzen dizkiguten gertaera latzak ere, gerratekoak adibidez, konponbiderik gabe eta bakoitzak zereginik ez balu bezala ematen dizkigute. Etsipenera bultzatzen gaituzte. «Nik ez dut errurik, nik ez dezaket ezer egin» pentsarazten digute.

Gaurko herri menperatuek antzerkian dakusate herriaren mintzabiderik hoberenetako bat. Antzerkia da hauentzat herria itsumen eta etsipenetik ateratzeko biderik onenetakoa.

1) Badakite, antzerkilariek bakarrik ez dutela egoera aldatuko, baina herriaren ezinbizia sala dezaketela pentsatzen dute.

2) Telebistakoen edo zinekoen eta hoien ikusleen artean baino harreman errazagoak eta azkarragoak dira antzeslari eta ikusleen artean.

Gutxi batzuek bakarrik dute gaurko gizartean lan sortzailean egiteko zoriona. Beste askok ez du ezer sortzen beren eguneroko lanean, tresna baten atal besterik ez dira eta. Bere ahalmenetatik ezer jartzen ez duen jende hau nola aterazi pasibitate hortatik gaueko antzerkiaren edo jaialdiaren bidez?

Hortarako Brecht-en ustetan, ez zaio utzi behar jendeari bere eguneroko egoera eta bizitza ahazten. Bere sena maxiatzailea esnatu eta zorroztu behar zaio.

Meyerhold-ek, «ikusleak ez du ahaztu behar, ezta segundo batez ere, antzokian dagoela», dioenean, eta Etanislawski-k, «ikusleak antzokian dagoela ahaztu behar du» idazten duenean, ados direla pentsatzen dut. Hots, biek uste dute antzerkiaren ekintzak ez duela antzokian bukatu behar. Antzokiak geure egoeraren kontzientzia hartuko dugun leku izan behar du.

Gaurko antzerki lanak, ez du hartzen helburu bezala, mundua eszenara eramatea, ikusleari egia ematea. Nahiago du ikusleak egia bilatzeko eran jartzea, antzokitik kanpora, denen artean, arazoen erantzuna aurkitzeko eran ipintzea. Honela idazten du Armand Gatti-k:

«Nik nahiago dut antzerkia askatasun bide bat bezala ikusi, eta ez bakarrik asmo oker eta zuzengabekerietatik askatuko gaituena, bai eta konformismo eta gure hilobi bihurtzen diren beste pentsaera batzuetatik ere askatuko gaituena».

Zer bide erabiltzen dute hortarako pentsaera hontako antzerkigileek? Adibidez, Genet-ek, ez du antzerkian gertatzen dena jarri nahi, guk gertatzen dela uste duguna baizik. Bere beltzak eta neskameak gure beltz abanikatzaile eta «chachak» dira, guk geure inkonszientzian ditugun bezalakoak. Honen antzerkiaren helburua: gure irudimeneko komedia hau haustea.

Brecht-ek «eloignement» metodoa proposatu zuen:

«lkuslea eta antzerkigilea ez zaizkio bata besteari hurbildu behar urrutiratu baizik. Eta bakoitzak bere buruagandik ere urrutiratu egin behar luke. Bestela, bukatu da zerbaitez jabetzeko beharrezkoa den beldurra eta ikara».

3) Brecht-en antzerkian, pertsonaiek adierazi nahi dutena ez daiteke ikusi gabe uler. Hots antzerkia ikusitakoan bakarrik jabetuko gara hitzon egiazko esanahiaz. Gainera, hitzak ez du antzerki naturalistan edo guk ezagutu dugun Euskal Herriko antzerkian zuen garrantzirik. Gogoan eduki, hontarako, zertan astintzen den batipat galbahea gaurregun. Eta hortik atera ondorioak.

Lehen bezala, gaur ere, antzerki bat idazten denean, antzesteko asmoz idazten da, baina antzerki ikuskizuna ez da antzerkigilearen etxean moldatzen. Honek ez du idazten (eta idazten badu ere berdin zaio) Yon mutil haundia izango dela eta ezkerreko atetik sartuko dela. Mikelek, eskuak poliki-poliki mugituko dituela eta aurpegian tristura adieraziko duela. Hau guztia antzerki-zuzendariaren lana da. Honek aztertu eta ikusiko du beste antzeslariekin batera antzerki-idazkia. Eta honela erabaki ahal izango dute nola egin, nola erabili, zer kendu eta zer ingurumari edo giro txertatu eta abar.

Ezinezkoa da antzerki bat leku guztietarako idaztea, zerbait adierazi nahi badu behintzat. Bere kultura berezia du herri bakoitzak, gauzak ikusteko eta berauen esanahiaz jabetzeko era berezia.

Mozorro-jantziak, hitz-jokoak, ibilerak, musika, oihu-jokoak «environnement»-en arazoa aztertzean, oso beharrezkoa zaigu ikuslea kontuan edukitzea, beronen nungotasuna, kultura, egoera eta abar.

«Campesino» chicano antzerki taldea Frantziara etorri zenean, honela idatzi zuen kritikari batek:

«Gu antzerkitik eta bere zentzu sakonetik ere kanpoan geratzen gera. Kreatibidadea, argitasuna, efikazia onartzen ditugu eta ezin geureganatu ditzakegu, benetan ez bagina bat etorriko antzerkiko egoeran bizi direnekin».

Alderantziz, kritikari hauek Parisen Brecht antzesterakoan Berliner Ensemble imitatzen dutela kexatzen dira. Oharño bat: Guztiek zekiten "Campesino" nola sortua zen eta non eta zein egoeratan. Baita lan-oporrean zeuden nekazarientzat antzesten zela ere. Baina hala eta guztiz ere ez zen ikusleen barruraino sartu. Zergatik? Erantzun bezate klase bateko diren guztiak kultura bera dutela, esanaz dabiltzenek.

4) Ez dut uste gaurko gure egoera azaltzen duen antzerki asko dagoenik Euskal Herrian. Bitartean, beharrezkoa zaigu itzulpenak egitea eta honerako moldatzea.

Bred and Puppet-koak, Bibliako zenbait gertaera antzesten zutenean, argi zegoen «beste zerbait» agertarazi nahi zutela. «Herriaren ibilera luzea, haragia aurkitu nahirik», Mundu guztiko zapalduen borroka adierazi nahi zuten. Amerikatar zapalduen borroka bereziki.

5) Antzerki teknika ere asko aldatu da. Eszena mugimenduan jartzen da, edo mekanismo batzuen bidez osorik aldatzen da, elektronika sartzen da, apainduriak segundo batean aldatzen dira... Nondik atera hortarako behar den dirua, zinearen antzera menpetasunean erori gabe? Horregatik, nere ustez eta oraingoz, euskal antzerkia pobrea izatea beharturik dago. Eta ez Grotowski-ren esanahian; askatasuna gorde nahi duelako baizik.

Labur berritu beharrean aurkitzen gara euskal antzerkia. Beharrezkoa zaigu helbururik aldatu gabe traba guztiak menderatzea. Guk ere egin dezakegu, nere iritziz, beste zenbait herritan egin dutena.

JOXEMARI ARBELAITZ, Zeruko Argia, 1974-I-6

Gure Mendea