1973ko hemeroteka

Euskeraren batasunaz

(...) Beste gauza bat erruz eta maila orotan (baita erlijio eta pastoral mailatan ere) zabaltzen dute Euskaltzaindiaren batasun bideari ateak itxi nahi dizkiotenak: bide hori (euskararen batasunarena) ateoena dela edo erlijio gabeena.

Asmazio honek ez du ez buru eta ez buztanik, ez itxurarik, ez egiarik ez egia antzik ere. Alde hortatik gezurtatzea ere ez luke merezi. Baina behin eta berriz eta azpikeriaz hori sinets arazi nahi dutela ikusirik, egiaren alde aurpegia ateratzera behartuta nago. Neure indar eta ahal guztiaz salatu nahi dut, bada, hori egia ez dela. Arazo honek hizkuntzaz bakar-bakarrik du zerikusi, eta deus ez erlijioz, fedeaz edo politikaz. Bakoitzak eskubide osoa du bere pentsaera edo ikusmolde berezia izateko euskera idatziaren batasun kontuan. Baina Jainkoaren amorioarren! Ez daitezela zeruko gauzak eta lurrekoak berriro nahas.

(...) Ipar eta Hegoaldeko euskaldunen artean idazkera bateratzeko, "h" letra hartzea gomendatu zuen Euskaltzaindiak. Ez da beraz, letra hori ezeren bandera; gehienez ere izan daiteke batasunaren bandera, eta inork ez du eskubiderik, ez alde batetik ez bestetik, hori ezeren banderatzat hartzeko.

Euskaltzaindiak —berriz ere esango dut— ez dio inori hizkuntza arazoetan bere iritzi edo ikusmoldeak defenditzeko eskubidea kentzen. Baina herriaren zerbitzutan eta sortu zenean bere bizkarrean hartutako eginbeharrak bete nahiean egiten dituen lanak hondatzeko eta behera botatzeko erabiltzen diren harmak ikusirik, adierazpen hau egin beharrean aurkitu da. Egintza hauek salatu egin behar ziren eta hala egiten dugu.

Luis Villasante, Euskaltzaindiaren Lehendakaria, Arantzazuko Amaren Santuarioan, 1973-I-1

Gure Mendea