1973ko
hemeroteka
DONIBANE-LOHITZUNEN EUSKAL UNIBERSITATEA
Manex Goienetxe, Ikas-eko idazkaria
Zer helbururekin antolatu duzue euskal unibersitatea?
Helburu nagusienak hauek zirela uste dugu: Euskal ikasle edo intelektualei, burulangile guztiei, elkar ikusteko eta elkarrekin mintzatzeko, elkar ezagutze egiteko aukera bat eman. Azken hiru urte hauetan Baionan egiten zen Euskal Asteak ere holako zerbait lortua zuen; Unibersitatean oraino gehiago nahi genuke hortarat ailegatu. Bestalde, euskal arazo mota guztiei buruz ikertzeak eta lanak bultzatu eta ahalaz koordenatu nahi lituzke erakunde berri honen bitartez. Eta azkenik euskarazko Unibersitate bat zer izan litzakeen, sinbolikoki bederen, azaldu.
Zer esperantza uzten du Euskal Unibersitate honek?
Urtero egiteko asmoa dugu, toki berean eta arrakasta handituz joango delako esperantzarekin. Arrakasta bai eta ikastaroen maila eta mintegien koordenatzea beti hobetuz ere. Aurten Pradon katalanek boskarren aldikotz egin dute holako Unibersitatea: Bostehun ikasle eta hirurogeita hamar irakasle elkarturik bizi izan dira, han, hamar egunez. Lehen urtean larogei ikaslerekin hasiak ziren. Beraz, aurtengo 110 ikasleak ikusi eta badugu esperantza.
Euskal kultura batetaz jabetu ahal izateko, Unibersitate honen argiaz, zertan ditugula uste duzue prolema eta premiarik nabarmenenak?
Hain segur gure hizkuntza holako gaietan ibiltzeak du bai prolema haundiena sortzen eta bai premia haundiena ere euskal kulturaz jabetu nahi badugu.
ERRIALDE
Zeruko Argia, 1973ko uda