1972ko hemeroteka

TENE MUJIKA

Zein da zuretzat egungo egoeran euskal literaturan agertzen dan arazorik nagusiena?

Galde au egiten diozan guztiak batasuna lortzea dela erantzungo dizu. Nik ez, ordea. Ortarakoxe, batasuna lortzeko sortu zen ain zuzen ere, Euskaltzaindia orain dela berrogei-ta amabi urte. Zearo lilluratu gintuen asmo orrek orduko gazteok. Zerbait lortuko zen usteak biziro poztu gintuen idazten ikasi nai genduen guztiok. Baiña bereala sortu ziren eztabaidak ta ugari sortu ere, ta jakintsuengandik ikasi nai genduanok erabat gogaiturik geratu giñan.

Beraz, zuek ere sumatu zenduten batasunaren egarria, batasunaren itxaropena?

Bai orixe! Bere lanak utzi bearrean gelditu zen Euskaltzaindia baiña gerra ondoren asi zen berriro eta urte mordua daramagu onela. Eta okerrena jakintsuak aotan artuta, jakintsu naikoak ere baditugula "Marixa makillatzen". Ni ere bat nator D. Nemesio Etxanizek Z. Argian zionaz; alegia bakoitzak bere aldetik lan egin dezala gogoz euskerak bizirik iraun dezan. Nik uste dut, euskera jasoko badugu, bearrezko egin bear dugula: bizibide. Ortarako, ordea, euskaldun geranok etxe eta kanpo bear dugu beti euskeraz itzegin.

Zer dela eta ez da emakume idazlerik sortu gutxi batzuk kenduz gero?

Au izkuntza guztietan gertatzen dana duzu. Gizonezkoa bezain ikasiak ez geralako edo... artaratu ez geralako edo... Irakurle aundiak bai, izan gera emakumeok, baiña irakurgai arin-zale. Leen eta orain nobela txoro ugari emakumeen eskuetan; eta onelako irakurgaiak ezer onik irakatsi ez, baiña burua aizez bete bai. Gaur bertan zer dirutza botatzen duen emakumeak, aundikeria eta gezur-kutxa besterik ez diren aldizkari arin oietan! Euskal irakurgaientzat bagendu dirutza ori!

Zuk, emakumeaz kezkatua zaitugunez gero, ez al duzu ezeren ametsik egin?

Berrogei urte gutxiago banitu... Baiña ontan geranez gero, burutik eta gogotik kendu ezin dudan nai batek erretzen dit barrua: gure-gurea dan aldizkari bat bear-genduke euskal-emakumeok. Emakumea gaurko jakintzaz ikasia ez zen garaian "Euskadi" izparringian, Kirikiño aundiak zuzentzen zuen euskal atalean emakume askok-idazten genduen gerra aurretik. Eta elkarte atsegin bat sortu genduen gure kideko gizasemeekin batera euskerari jaso aundia emanaz. Baiña orduan ere baziren istilluak eta kirikiñoren aurka jarri ziren asko bere orria errikoiegia zela eta... Baiña "pot" egin zuten atal au goi-maillara jaso nai izan zutenek.

Bazenduen, beraz, orduko emakumeok ikasteko eta idazteko gogoa.

Argia izeneko aldizkaria sortu zen garai artan D. Ambroxio Zatarain zenaren esku zabalari esker, D. Bitor Garitaonaindiaren zuzendaritzapean. Orduko idazle nagusia Andres Arzelus edo Luzear zen. Zenbat on euskerari! Orduan eta goi mailako euskal jakintsuak ari ziren beren aldetik, eta goikoen eta behekoen elkarri kalte egin gabe edo obeto esanda elkarri on egiten geniola lan ederra egin zen. Emakumeok ez genuen Luzear-en babespean idazten... Oi nork leukakeen gure etxekoandrak euskaraz erabil ahal izateko aldizkari bat! Emakumeok geure mundua dugu, gizonezkoak ez bezalakoa, baina biek elkar osatzen dutena...

Gaur lantzen al da emakumezkoen sailla, idazle on izatera iritxi dedin? Bear al du landuera berezirik emakumezkoak berari dagokion erako idazle izan dedin eta ez gizonezkoaren araberakoa?

Bai orixe behar duela...! Baina hau gizonezkoak eman ezin lezaiokena da. Gorputzez bezala gera gogoz ere desberdinak giza-emakumeok.

Noiz asi ziñan idazten eta non?

Ogei bat urte nituelarik. Euzkadi egunerokoan asi nintzen Kirikiñoren ardurapean. Onekin asko eta asko ikasi nuen pozik ikusten nituen eta gogoan artu nik idatzitakoei egiten zizkioten ikutuak. Onela ikasi nuen. Gerora Euskaltzale Bazkunako gazte taldeak bere aldizkaria sortu zuen onek ere asko lagundu zidan. Jaungoikozale-n ere idazten nuen ondoren. Aal guzia egiten nuen beti-beti euskerari laguntzea beste ametsik ez nuela. Argia-n urrena. Gero guda... beste kontu batzuk. Zer esango dizut?

ERRIALDE, Zeruko Argia, 1972-XIII-13

Gure Mendea