1972ko hemeroteka

KOLDO MITXELENA

Zure liburu honetako artikulu bat baino gehiagotan "belaunaldien borrokaz" mintzatzen zara. Gure artean biziki nabari da borroka hori. Lehen eta orain. Zer deritzazu? Azken hamar urte hauetako euskal idazleek izango dute agian onik eta txarrik. Lehengoek bezalatsu. Zer on eta zer txar?

Oraingo jendea euskal kultur gaietara isuriagoa aurkitzen dut, besteak beste, gure sasoikoa baino. Egia ere bada bazela orduan orain ez den beste lanbiderik. Eta, gezurra badirudi ere, hauxe da oraingoei aurkitzen diedan alderik onena: lotsa galdu dutela. Harako guk genuen lotsa gaizto hartaz ari naiz. Etsirik geunden euskaraz "paxamodu" mintzatzea, ahoz nahiz izkribuz ("tolerablemente", zion Ormaiztegik), apur batzuek bakarrik egin zezaketen gauza zela, eta errazegi jotzen genuen erdarara, mordoilokerian ez amaitzearren. Orain, berriz, lehen bakarka baizik erabiltzen ez ziren gaiak ere ausarki darabiltzate, dotoretasunaz gehiegi kezkatu gabe.

Herri xehea galduz omen doa euskera, nahiz azkenaldi honetan euskal literaturak gora handia egin izan. Kolpe huts egiten ari ahal gara? literaturaren loraldiak zergatik ez dakar ondore hoberik euskara bizia indartzeko? bide desberdinetatik, desberdinegitatik, ote dabiltza herri hizkera eta literatur hizkera?

Herriaren artean, oraingoz, gure hizkuntza ez doa aurrera: inora mugitzekotan, atzeraka dabil. Gaitz hori, ordea, ez dugu arestikoa, aspaldidanik datorren eritasuna baino. Euskal literaturaren loraldiak, nik uste, ezin dezake hortan berehalako eraginik izan: eragin hori zenbait urteren buruan baizik ez da nabari izango. Bateratsu, urrutiko helburu bakar bati begira ari behar genuke guztiok, baina nor geure sailean, gogoko ez dugunean ez baitugu gauza zuzenik egingo. Baina goiko, erdiko eta beheko mailako lanen premia gorrian gaude eta ez dut uste bata bestearen etsai denik. Ez luke, behintzat, horrela izan behar.

Batasunerako hiruzpalau urte honetan daramagun bidetik arinegi omen dabil zenbait gazte. Arantzazun aholkatu ziren urratsak handitu egin omen ditugu eta herria —inoiz euskarazko liburuok irakurtzen dituen herria— ezin omen dakigute jarrai. Denbora ttipian urrats handiegiak egitera behartu omen dugu. Zer deritzazu? urrunegi joanak ahal gara denbora ttipiegian?

Daramagun lasterra neurtzea ez da erraz; are gaitzago eraman behar genukeena mugatzea. Baditugu, bestetan bezala, ezinegonak eta lasaiak. Presakaegi ibili nahi luke agian zenbaitek, eta ez da harritzeko. Urte gehiegi iragan zaizkigu "bertan goxo" geundelarik. Orduko geldiak dakar oraingo lehia. Hainbat falta zaigula ikusten duenak, nola esan urrunegi joan garenik? Irakurle sail bakoitzak —irakurleak ere prestatu behar ditugu, ez bakarrik idazleak— gogoko duen bazka hartu behar luke idazleengandik. Hemen eta bestetan, inorentzat ez diren irakurgaiak dituzu okerrenak.

Gure artean, dakizunez —Salamankara ere helduko baitzaizu agian hemengo zaraten oihartzunik— iritzi desberdinak eta, okerrago dena, borroka latz xamarrak ditugu era askotako puntuetan. Batzu baizik aipa ez ditzadan, ikastola, erlijio, herria, politika eta abarretan. Zer gertatzen zaigu? asmo garbiz ari ahal gara? herriaren interesak ala nor bereak aldentzen ari gara?

Antzinako etxe zahar hura lurrikarek iharrosi digute; zimenduak berak ere kilin-kalan dabiltza. Konpon dezagun, nahi baduzue, konpon daitekeena; jakinaren gainean, haatik, ez dugula hor bizitza egokirik aurkituko berriz, eta eraberriturik nora-ezean, eraikitzen hasten ez bagara. Nola ez zitzaigun horrelakorik gertatuko? Har ezazu aipatzen duzun erlijioa Mundu osoa "arre"-ka ari zenean, hemen ari ginen —hobeki esan, hemen ari zitzaizkigun— "izo" eta "izo". Begien aurrean ditugu jokabide itsu horren ondorioak Gure arteko bereizkuntzak urritzeko modua? Niri bederen urteek eta laguntzaileak (ez naiz adiskideez ari) bilatu behar direla non eta noiznahi. Etsaiak, bilatu gabe aurkitzen ditugu: gogorrenak eta hurbilenak zein diren erabakitzea nekezago izaten da. Politika legea izateaz gainera, kristau legea ere badela deritzat horri. Besteen azpijanaz eta sator-lanaz (geureez ahazturik) sumindurik ibili beharrean, pentsa dezagun inoiz edo behin besteek ere, nor bere bidetik, ongiaren irrikaz dabiltzala. Eta, alderantziz, darabiltzagun asmo guztiak ere ez direla geurok darabiltzagulako, artezak eta zuzenak.

Batek baino gehiagok galdetzen du Mitxelena zergatik dagoen Salamankan: ez ahal genuke hemen behar? ez ahal lioke gure herriari hemendik bertatik on handiago egingo? gure zabarkeriaz ote dago dagoen tokian, hemen egon beharrean? Esan nahi ahal diguzu —mintza zakizkigu kupidarik gabe, ahal baldin baduzu— noren erruz zauden, norbaiten erruz baldin bazaude, Salamankan, ala, beste itsu haren gisara «inoren erruz ez itsu, baizik Jainkoaren goresmenerako», euskararen eta gure herriaren on beharrez ahal zauden?

Salamankan nago hemen duten bezalako lekurik hor ez dugulako: ez da orain astirik hori horrela zergatik gertatzen den aztertzeko. Estaduak Unibertsidadea zor digu, unibertsidade osoa, eta euskaldun jendea sartua behar genuke unibertsidade horretan, gero besteri —ikasle eta irakasle euskaldunei— laguntzeko. Behartsuago gara "aberatsak" sail horretan, neure begiez ikusten dudanez, bestetango erromesak baino. Hor sartua nagoeino, uste dut indar gehixeago dudala lehengo (hor duzue, esate baterako, Eusko Ikaskuntza) eta oraingo zenbait euskaldunen gogoaren alde jokatzeko. Bide horretarik "gorago" joateko eskaintzak izan ditut. Nik, ordea, ez dut inora joan nahi, Euskal Herrira izan ezik, baina Euskal Herrira eta bide horretarik. Ez naiz, eta hau argi bedi, bestelako Unibertsidadeen etsai: bada, nik uste, guztientzat lekua eta guztien premia gure artean. Nik, ordea, bide bat hartu nuen jakinaren gainean, ateak zabal-zabalik ez zeudelarik gainera. Nekearen nekez hartu nuen "posizioa" ez dut inolaz ere, erretira dela garbiro entzun arte, utziko.

BENGOETXE, 1971

Gure Mendea