1972ko
hemeroteka

MATTIN: «Herria alaitzen saiatzen naiz»
Txorakeria aundia litzake, noski, Treku dela, bertsolaria dela, Ahetzen bizi dela eta orrenbeste urte dituela esanaz astea. Mattin, Mattin da. Ez du beste deitura eta ezaugarri beharrik nor den jakiteko. Ahetzen gaude. Mattinen baserrian. Il onen 16an, Astoria zineman, Mattini eskeiñiko zaion omenaldiak eraman gaitu bertaraiño.
Aizu, Mattin noiz hasi zinan bertsotan?
Ez dakit ba. Amabost bat urtekin edo. Gazte nintzelarik etortzen zen zahar bat basotik berdozturik eta kamioaren erdian, jarri eta biok bertsotan aritzen ginan. Arek bertsoa bota eta nik ere ahal nuena erantzun. Tabernan ere aritzen nintzen Mattin Olaxuria eta Senpereko beste zahar batekin. Kantu zahar asko ere banekien. Aitonek eta amonek ere gogo aundia zuten kantu zaharrak kantatzeko eta nik ikasteko irrika bizia, berriz. Baziran gure aurrekoetan ere, amaren aldetik, bertsolariak.
Orduan jarduten zenduten orain bezala plazan eta?
Ez. Tabernan bakarrik, pixka bat berotutakoan. Ni mutikoa nintzela ikusi nituen Getaria eta Ustaritzeko plazetan, baiña ez zen ohiturarik. Bestaldean ere ez zen orduan plazetan orrenbeste kantatzen. Txirrita eta asi ziren zerbait. Pernando Amezketarrak eta ere egin zuten saio bat Billabonako plazan. Baiña apustu bezala.
Noiz asi ziñan beste aldera bertsotara joaten?
Berrogeitazazpian edo onelatsu. Berrogeitaseian egin zen Donibanen emengo bertsolariekin. Gero ara joan ginen Xalbador eta biok. Gazteen sariketa zen Zarautzen. Basarri, Uztapide, Xalbador eta ni ibiltzen ginen gehienetan.
Bertso-zaletasuna gehitzen ala gutxitzen ari dela iruditzen zaizu?
An gehitzen eta emen gutxitzen. An beti jende asko izaten dugu. Baita gazteetatik ere, nahiz baserritar nahiz kaletar.
Emen zaletasuna galtzen ari dela esan duzu. Zergatik?
Emen gazteak prestatzen ez direlako. Emen ere lagunduz gero aterako lirake. Pelotariek edo abeslariek edo soiñujoleek jarduten ez badira eta obeagoekin ibiltzen ez badira, ez dute aurreratzen. Berdin bertsolariek ere. Bat nor bere erriko eskolarekin gelditzen bada, Unibersidade batera edo atera gabe, ez diteke jakintsu izan. Asko dira berenez oso argi direnak, baiña ez badute ikasi ezjakin dira.
Batzuk esaten asiak dira: abeslariak eta zuek bertsolariok asko kentzen duzuela. Asko kobratzen duzuela iruditzen al zaizu?
Guk, praileak bezala, emandakoa artzen dugu. Jakiña guk ere baserriko lanak utzita joan behar izaten dugu. Ibilliak bere kastua du. Bertsoa sumatzeak bere nekea. Jan-edanak, osasunerako, bere kaltea. Galeran ibiltzeko ez gera gu aberatsak. Baiña utsean ere ibiltzen gera zenbait aldiz premia batzuetarako dirua bildu nahi denean zenbait erritan. Baiña gehienetan, gu joaten geranean, sarrerarekin izaten da. Biltzen bada bidezkoa da lan egin duenari ordaintzea.
Gaur beste zerbait gehiago ere esaten du zenbaitek zuetaz. Zorakerietan denbora galtzen omen duzue. Ez omen dizute Erriaren arazoengatik ajolarik.
Ajola! Bertsolarioi ere ajola zaigu Erria. Baiña beti ezin esan, nahi duguna. Alderdi ontan bai, edozer esaten dugu. Emen ez da ezer gertatzen. Baiña guk ezin esan edonon sentitzen dugun eta ahora etortzen zaigun guzia. Gaiñera beti kezkatsu bizi behar al dugu?
Bai ona da jendeari zenbait kezka eta larri ahaztuaraztea, baiña ondo iruditzen al zaizu Erriaren arazoak ahaztuaraztea?
Ez dut uste bertsolariok Erriari bere kezkak ahaztuarazten dizkiogunik. Bihotzean daramagu guk ere Erria. Min ematen dit orrenbeste euskaldun elkarren aurka ibiltzeak. Nik familia batean ezin konpondua ikusten badut pena artzen dut. Guk familia eskertu bat izan behar genduke. Nere ustez bertsolaritzak mesede aundia egin dio euskerari eta Euskal Erriari. Asko dira alderdi ontan ere Euskal Erria gora eta Euskal Erria behera jarduten direnak, baiña gero beroiek dana erdaraz, ots frantsesez egin...
Zuk bertsoa oso azkar botatzen duzun sona duzu. Zergatik? Erraz ateratzen zaizu ala?
Ona zer gertatu zitzaidan egun batez. «Gurelesa» esne-etxekoak zebiltzan emen jira-biran eta bazkaltzerakoan ala esan zidan lehendakariak: «Oraingo bertsolariok oso mantso, oso geldi, botatzen duzue bertsoa, minutu osoa behar duzue. Lehengoek minutu erdia nahikoa zuten, «Nik ere baietz bota minutu erdian» erantzun nion. Minutu laurdenean, amaitu nuen. Azkar edo geldi ori ohitura bat besterik ez da. Geldi botatzen duenak beta gehiago dauka pentsatzeko. Bertso obea egin dezake. Azkar botatzea baiño obea da geldi eta txukun botatzea.
Zuk parra egin erazteko bertsoetan balio duzu gehiena?
Serioetakoan ere egiten dut ahalegiña. Baiña neri gehiago gustatzen zait jendeari parra eragitea. Eta jendeari parra egin araztea oso garrantzizkoa da erri baten bizitzan. Atzo bertan entzun nion bati telebisioan: parra eragiten zekiten gizonak gutxi zirela. Oso gutxi. Eta onelakoei ondo ordaindu behar zaiela. Beti ez da bat jendeari irria ateratzeko aldartean egoten. Telebisioan ikusi nuen Luis Marianori gertatua ere. Kantatzera irten baiño ogei minutu aurretik ama il zitzaiola esan zioten. Bost milla pertsona zeuden ari entzutera joanak. Iñork igerri gabe abestu zuen. Nik ere ez dut beti barrua alai edukitzen, baiña jendea alaitzen saiatzen naiz.
Zuk uste duzu bertsolari saio bat zenbat eta obeto gertutzen dan orduan eta obeto ateratzen dela?
Bai, noski. Zenbat eta gaiez, tokiz eta gai-jartzailezz obeto eratua orduan eta obeto egiten da. Jendea isillago, entzuten adiago. Bertsolaria saiatuago. Eta jakiña bertso ona botatzeko bertsolari bakoitzari dagokion gela jarri behar zaio ahal dela.
Gaur jarduten zeraten bertsolarietan zein iruditzen zaizu onena?
Danak dira onak. Zer gai duten ere alde aundia dago. Batek ez du gai guztietarako balio. Xalbadorrek beti nik baiño obea egingo du gai serioetan. Baina parra egitekoetan saiatzen naiz ni ere nerea egiten. Pelotariek ere batzuk aurrelari dira. Besteak atzelari. Batzuk banaka dira onak. Besteak binaka.
Zu, Mattin, Lapurdikoa zera. Ez al zaizu iruditzen bestaldean askotan ez dizuela ulertzen?
Ez dut uste. Nik ez dut erranen Xalbadorri eta neri den-dena ulertzen digutenik. Baina asko bai. Ez dut uste ainbesteko aldea duenik angoak eta emengoak. Ohitu egin behar da piska bat. Belarriak jarri behar du. Angoa eta emengoa pixka bat irakurri. Angoek eta emengoek arremanak izan. Itzegin. Ahalegintxo apur bat eginez gero ez dut uste ain zaila denik elkar ulertzea.
Erriak zergatik aukeratu zaituela iruditzen zaizu omenaldi ortarako?
Zaharrenez aurrera egin behar zela erabaki zuten. Eta zaharrena ni naiz.
Baiña ez zaizu iruditzen jendearengan alako maitasun berezia sortzen duzula alai eta graziz abesten duzulako?
Ahalegina egiten dut gustoa egiteko.
ERRIALDE, Zeruko Argia, 1972-I-16