1971ko hemeroteka

Buruko ileetaraino gaude!

Ez gaude ximplekeriaz ibiltzeko garaietan, Euskera kinka larri-larri batetan sarturik dadukagu eta, euskaltzaleak garela esan eta horren ergel jokatzen dugularik, traidore utsak gara, euskeraren asesinoak.

Ez dezagun geure ergelkeria ezerekin justifika. Ez dezagun aldameneko erdaldunaren bizkar gain bota geure ergelkeriaren zama astuna. Utz dezagun geron haurren erdaltasuna goiko edo beheko erdaldun umeen errua denik esan. Ez dezagun, emaztea erdalduna dugula-ta geron erdalkeria estali nahi izan GARA ALA EZ GARA, eta ez dago beste biderik! Ez dakienari epe bat ematen zaio eta gero, behar balu beste bat; lagundu benetan, baina ARI IZANAZ, EUSKERAZ ARI IZANAZ, dakienak euskeraz hitzeginez beti, BETI: berez ez dakien horrek ikasiko du, beneteko ahaleginetan eta ariketan izanaz eta ez ahulkeria batetan eroriaz.

Euskaltzale borrokatutzat agertu nahi duen KEA besterik ez darion euskaldun aski dago gure erdalkeria bizitzan.

Ez ahal duzue euskaltzainik elkarren artean erderaz sendoki entzun? Nik bai, gizonak, eta arima ere lurrera. Ikastolako andereñorik beren artean?... HAU DENAU ESKANDALOA DA!

Gure ekintza guztiak, ahalik behintzat, euskeraz behar dute izan. Ez da aski haurrak ikastolara "botatzea", eta hau gurasoei doakie. Ezta ere aski andereñoek ikastolan euskeraz egitea, gero kalean adiskideekin edo ta beren etxetan erderaz ari izaten baldin badira. Eta, lantokietan toki bat betetzeko pertsona bila ari garenean, edo ta egunkarietan egiten ditugun dei horien bidez euskeraz jakin behar denik esaten ez badugu, eta telefono hotsari euskeraz "nor da" edo "esan" edo "bai" edo horrela erantzuten ez badiogu, lantegi barrutan, etxean, kalean, kafeterietan eta non-nahi eta beti euskeraz egiten ez badugu UTIKAN automobiletan-eta jartzen ditugun "EUSKERAZ" letrerotxoak. Pikutara haurrei euskal-izenak jartzeko dugun itxurakeria zimel hori! Ken paretik euskal "abizenak", ez beste, harroki agertu nahirik ditugun harroputzok! Presa gara eta ez daukagu denbora galtzerik. Euskeraren alderako ez dakit zer kanpaina egin behar lizateken eta horrelakoak esaten dutenek ere ba ditugu. Kanpainarik hoberena, ordea, egunoroko euskera mintzaketa ugaria, non-nahi, beti, euskeraren praktika hutsa. Lan emankorrik sendoena, BETI EUSKERAZ egitea.

Emagaldu urrikarriei, beren gorputza saltzen dutelako, "prostituta" deritzate. Guk, gerok, geure expresio-biderik jatorrena saltzen dugulako, Euskal Herria ta euskalduna euskaldun egin gaituan EUSKERA saltzen dugulako, "prostituto" batzuk gara.

IMANOL LASPIUR, Zeruko Argia, 1971-III-21

Gure Mendea