1971ko hemeroteka

Galdezka

Villasante'ren erdal-liburua

Euskal aldizkariak, iritzi bati ateak itxi eta beste bati ireki, bakoitza beren bidea artzen ari dan garai ontan, or datorkigu Villasante'ren liburuska, "polemikoa" omen dana.

Ain zuzen ere, Euskaltzainburu edo Euskaltzaindi'ko Lendakari jaunaren itza dugu, noski. Eta... gazteleraz? Nork sinistu!

Nortzuentzat, ordea, gaztelaniaz idatzitako liburua? Euskaldunontzat? Gure arteko euskal arazoak, ain juxtu ere euskera-arazoak! arrotzeko eta garbitzeko biderik egokiena ori ote da?

Campion, Urkijo, Arana-Goiri, Azkue eta abarren urratsak jarraitzearren ekin ote dio Villasante'k ere gazteleraz? Jaun jakintsu aiengan ain gaitzetsia eta madarikatua izan dan jokabide ber-bera artzera, nola labaindu da Villasante? Zerk darama Euskaltzainburu berria oztopo-arri ortan tupust egitera?

Euskeraz idatzi izan balu ere...! Eta ez omen dala bakarra izanen! "Liburu xorta" izango omen da. Eta, jakiña, gazteleraz danak.

Nortzuentzat, ordea, berriz ere galdegin dezadan? Ez al giñan, bada, oraintsu asi aalik-eta gairik geienak euskeraz erabiltzen eta arrotzen, aztertzen eta lantzen?

Eta orain-oraintxe gaztelaniaz!?

Nortzuentzat? Gaztelarrentzat? Gazteltzaindiarentzat? Ortik eta handik eta aruntzagotik bildu zaizkigun etorkiñentzat? Azkenik, euskaraz ez dakitenentzat?

Erderaz idatzitako liburuak ote dira biderik egokiena gure Euskera zatitua bateratzeko?

"Mitxelena jaunaren proposamentuak aztertu, eta agerian jartzeko idazten da", esaten digu Intxausti'tar Joseba'k. Nola da ori? Euskeraz emandako iritziak, gazteleratuaz, argitzeko?

"Hacia la lengua literaria común" esatean (eta au omen da liburuaren deitura), zeren billa dabil? Gaztelania ez al dago, bada, naiko batua? Gure arazo zail eta neketsua ez al da Bidasoaz bi aldeetako euskal-senideen izkuntza bakarra bateratzea? Nolaz, baiñan, erderaz idatzitako liburuen bidez?

Edo-ta Benabarra, Laburdi eta Zuberoko euskal-senideak, askok, askok eta askok ames dugun euskal-batasunetik at eta kanpo utzi bear ditugu?

GAZTAÑAGA, Zeruko Argia, 1971-III-7


 

Gaztañaga jaunari behazunik gabe

Zergatik egin dudan erderaz? Ba euskaraz lehendik ere egina zegoelako, eta bi aldiz hizkuntza horretan agertua, gainera. Liburuska horren mamia Mitxelenaren proposamenduak dira. Proposamendu horiek jatorriz euskeraz eginak daude, eta euskeraz bi aldiz gutxinaz agertu dira (multikopiaz egindako edizioa kontuan sartu gabe). Beraz nire liburua erderatik euskarara itzultzen ibili beharrik ez du; aitzitik, euskeratik erderara neronek itzuli behar izan dut-eta.

Eta itzulpen lan hori zergatik egin dudan? Gure euskal errebistetan batasunari buruz agertzen ziren eztabaidek garbi asko ematen zuten aditzera oinarri-lan horren mamiaz ia inor ere ez zela jabetu. Mitxelenak berak aitortu zidan hori: «Egin zazu liburua erderaz. Nire euskerazko lana inortxok ere ez du irakurri. Agian, erderaz egina irakurriko dute...».

(...) Batasunari buruz saltsa gehiegi atera dugu azken bolara hontan. Baina herriari argi gutxi eman zaio. Eta argi hori ematera, eta hark errezen jaso dezakean eran ematera beharturik geundela iruditu zait. (...)

VILLASANTE, Zeruko Argia, 1971-IV-4

Gure Mendea