1971ko hemeroteka

Euskal Entziklopedia

(...) Mila aldiz pentsatu dut GRAN ENCICLOPEDIA CATALANA haretaz eta beti puntu batetara doakit burua: Euskal Herriak ez du bere Enziklopediarik. Euskal Herriak ez du bere hizkuntzaz idatziriko kulturarik, ez eta euskal kultura bildumarik.

Bai! erantzun dizaidake norbaitek. Euskal Herrian ba ditugu ENCICLOPEDIA GENERAL ILUSTRADA DEL PAIS VASCO, LA GRAN ENCICLOPEDIA VASCA, edo REVISTA INTERNACIONAL DE ESTUDIOS VASCOS eta COLECCION AUÑAMENDI eta..., kontuz! Ez noa jarraitzera. Arima lurrera erortzen zait.

Ez, Euskal Herriak ez du bere Enziklopediarik.

Enziklopedia hauek gaztelaniaz eginik daudenez, euskaldunenak direnik esan ahal genezake? Bai ote? Xuberotarrek edo ta baxenaferrek ere gaztelaniaz irakurri behar ote dute? Ala euskeraren bidez geure anaia diren mugaz-harunzkoek beste enziklopedia berezi bat egin beharko ote dute frantsesez? Zein da eta izan behar ere euskaldunok elkartzen gaituen hizkera? Ez ote euskerea bera? Ezin ote, beraz, euskera hutsez, euskaldun denontzat izango lizateken enziklopedia bat eratu?

Ez dago dudarik: erdeldunentzat edo euskal-gaztelauentzat eginak diruditen enziklopediak daduzkagu euskaldunok. Mugaz-egoaldekook gaztelaniaz egina baldin badugu "geure" entziklopedia, ipar-aldeko geure anaien aurrean separatista huts agertzen gara; ipar-aldeko euskaldunek frantsesez egina balute, gure aurrean separatista izango lirakeen bezelaxe.

Zer sasi-euskal kontzientzia dugu, baina euskaldunok? Nola, behin eta berriz Euskal Herriari jatorriz letorkion euskeraz egin beharrean erderaz egiten ditugu geure idazlan eta argitaratzeak? Noiz, nola eta zerk elkartuko gaitu betiko euskaldun denok?

Betiko aldaz-beherako bide aldrebes batetan abiatuak gara. Kanpotarren hizkuntzez darabilzkigu geure arazoak, eta Euskal Herriaren bizitza osoa adierazteko ere beti erdera bidez. Ba dirudi euskaldun kontzientzia baino "vascongado" kontzientzia dugula, eta "vascongadotasun"-a kanpotarrek, arrotzek erantsi daukuten izena da, ez beste.

Horrela ari garen bitartean separatista madarikatu batzuk gara euskaldunok edo Euskalerritarrok. Noizko, Euskal Herriaren alderdi bietako euskaldunok kultura aldetik bat egite hori? noizko euskaldunki dagokigun euskera bakarrean eginiko ekintza sakon batez elkartuko gaituen bide hori?

Euskal-frantsesek, frantses eta "euskal-espainolek" gaztelaniaz ari garen bitartean, separatismo joko batetan sartuak ari gara eta ni separatismoaren kontra, aurka, nauzue hain zuzen.

Ez dira, ez, Euskal Herriarenak dotore eta apainki argitaratuta ditugun GRAN ENCICLOPEDIA hauek ez..., lapurditarrek eta xuberotarrek eta baxenaferrek ere Euskal Herria osatzen baitute, baina ez dira lan horiek berentzat eginak, gaztelauentzat baizik.

Euskeraz zuzenduak balira ez lirakeela horrenbeste salduko? Erderaz eginik esku gehiagotara heltzeko bide bat dela? Negozio hobea ahal da erderaz eginez gero? Negozio baten gainez, ez ote dugu euskaldunok benetan euskeraz zuzenduriko Euskal Enziklopedia baten merezimendurik?

Ez dut kultura "baskongadu" bat onartzen, ezta ere euskalkietan zatiturik separatismo baten bitartez letorkiguken sasi-kulturarik, euskera batu edo bateratu batez Euskal Herri osoarentzako kultura eta, baizik. Ez gaitezen "baskongadu" kultura baten negozioan eror. Euskal Herriak euskeraz sustraituriko kultura bere-berea behar du. Beste era guztiak erdal erak dira.

Puntu honetara heldurik hauxe datorkit burura: Aurtengo Urtarrilean Vienan UNESCOk izan zuen batzarretan honako hitz sakonak esan zituen Tunezko Kultura-Ministroa den Habib Boulares-ek: «Prestatutako kultura batez bakarrik elikatzea, beste norbaiten bizitza bizitzea bezala da».

Euskal kultura promozio bide sakon batetan sar dezagun.

Berriz Enziklopedia gai honetara bihurturik, hauxe esan nahi nuke: Zorionekoak izango ahal dira benetako Euskal-Enziklopedia on eta sakon bat egiten eta eratzen noizbait hasiko diren eta dirateken ez dakit nor, gaur gaurkoz, erdera bidez eratuak bait daduzkagu guztiak. Ekintza hori esku onetan eror bedi. Bitartean... bitartean, katalunyatarren Enziklopedia datorkit burura eta haien kultura-orpora ere ez garela heltzen dakusat, tristuraz dakusat. Tokitan naude!!!

IMANOL LASPIUR, 1971ko ekaina

Gure Mendea