1970eko hemeroteka

Euskalkietatik euskarara

Atzo neuri gertatua. Saratar bati nik galde:

- Akitu zirea?
- ?
- Akitu ahal zera?
- Ez dut konprenitzen.
- Ia nekatu zeran, ia... si vous êtes fatigué..
- Ia unatu naizen?

Horra hor euskeraren «aberastasuna», batzuen ustez... Euskalkietatik euskera osatu eta bakarrera pasa nahi dugunon asmoa, berriz, 'traidoreek' asmatutako txaplata omen: «Luchemos para que nuestro euskera en sus diversas expresiones subsista y dé vida...»

Harira bihurtuz. Hazparnen, esate baterako, Saratik 20 bat kilometrotara, "akitu" entzuten da, edo-ta "akhitu" Saratarrek eta hazpandarrek, beraz, ia ia hauzoko izanik ere, alkar ez badute konprenitzen, zein da euskalkien alde ona? Ez dut ikusten; gure herria ez bait da dialektologia-eremu bat, gizon eta emakume talde bat baizik. Euskaldun gisa dialektologiatik atera egin behar dugu. Moix katalanak bezela esango dut nik ere: «La lengua que pueda ser un juguete de cuatro gramaticos no me interesa». Zer da, beraz, traizioa: euskalkiei erderaz eutsi nahi izatea, ala euskera osatua euskeraz indartzea?

Batasunaren arazoa ez da, ez, "H" batzuen gora-behera huts bat. Goitik behera dugun behar gorri bat da; hizkuntza ez bait da folklore-jazkera bitxi bat, turisten aurrean igande arratsaldeetan erabiltzekoa; herri baten mintzabidea baizik. Eta hau denean, batasunaren beharra gauza agiria da.

Zer idatzi behar du zerbait esan nahi duenak: ekarri dabela, ekarri duela, ekarri duala, ekarri dula, ekai dola, ekharri diala, ala ekharri dila? Areago: guk "diala" entzun, eta hika hitzegiten zaigula pentsatuko genuke, baina baxenabartar batek ez. Burura datorkit beste hura: "gixonak" esaten zuela bizkaitar sermoilari famatu batek Gipuzkoan, eta entzuleak hasarretu egin zitzaizkiola.

Are gehiago: esan duela, ala esan duala? Bigarren formak hika-kutsua du, bainan ez beti eta nun-nahi. Zer da "esan duela" bestalde: harek esan duela, ala haiek esan duela? Eta abar, eta abar, eta abar.

Eta ez esan, gero, gauza hauek txikikeriak direnik: gauza hauetxek dira-ta, aitzitik, gure hizkuntzaren "patois-keria" eta hondamena. Gazteleraz ezin diteke idatz: "hemos ido", "hamos ido" edo "amoz io", idazlearen gogora. Ez. Ez frantsesez edo errusieraz ere. Zergatik bai euskeraz? Gu desberdinak garelako? Zertan desberdin, analfabetismoaren mallan ez bada? «Aberastasuna» esan ohi den saltsa-nahaspila hori, ez ote da, ordea, beste akats sakonago baten oihartzuna? Alegia: gure leinukeria, gure tribalismoa, eta Kondaira-Aurretik ezin irtetzea.

Erderara jo-arazten gaituzten arrazoinetatik bat (bat diot, eta ez nagusia; badakit) euskalki-keria da hain zuzen, atzoko neure gertakarian argiro ikus ditekean bezela: euskaldunok elkarri zerbait funtsezkorik esan behar diogunean, mintzabide egiazkora jotzen dugu, folklorekeriak zokoratuz. Euskalkiei, beraz, EZ indar guziez; eta euskera osatuari BAI, indar eta premia guziez ere. Hauxe da nere iritzia.

Euskaldunok (txinatarrek eta madagaskartarrek bezelaxe) mintzabide bakar bat behar dugu gure biziera aurrera eramateko: euskera bat, ala erdera bat. Hots, hizkera bat mintzabide (elkar konprenitzeko tresna) ez bada, folklorezaleek eta euskalkizaleek zernahi esanagatik ere, euskaldunek berek utzi egiten dute alde batera; eta utziaz arrazoin dute, hizkuntza gizonaren zerbitzaria eta tresna bait da; eta ez alderantziz.

Gure aukerakizuna, hortaz, ez da: euskalkiak/euskera osatua, euskera osatua/erdera baizik. Erderak osatuak bait dira, eta alderdi guzietatik tresna on eta baliagarri.

LARRESORO, Zeruko Argia, 1970-V-10

Gure Mendea