1969ko hemeroteka

Arrotzak

Izen askotxoekin bataiatuak izan dira beste lurraldetatik guregana etorri zaizkigun zenbait gizon emakume. 'Txurriano', 'Koreano', 'maketo', ta nik al dakit beste zenbat izen. Ainbeste maite zuten sorterri, adixkide, pamilikoetatik aldendurik egun batean eurek amesten zuten Euskalerrira etorri zitzaizkigun. Geroztik geure artean gelditu dira, kabitxoa emen jarri ondoren gero bere gañontzeko lagun ta ahaideko akararazten alegindu zaizkigu. bizitzaren zaiñak euskal lurralde ontan lur artu du.

Auxe da begi aurrean daukagun gertakizun garratza, euskal biziari eman dioten labainkada zorrotza, euskoen egoera mingotsa. Geuk ere egin izan diegun arrera askotan ez da bear bezin maitekorra izan. geienak supritzen dutenak aiek berak dirala ez gera konturatu.

Gizaki orok daukagu tokiz aldatu ta beste lurraldetan bizitzeko eskubidea, bearreak eraginda atzerriratu izan geranean berriz, eskubide ukatu eziñekoa. Gu, euskaldunak, mundu guzian sakabanatuak gaude, izan ere asko dira Euskalerritik irten da bizimodu obeago baten billa.

Len aipatu degunez, bidezkoa da bada, gugana datozeneri ongi etorri obeagoa eskeintzea. Sistema kapitalista batek menpean artu ditu, eziñaren indarrak guganaño, jaurtirik ametsti, bizi berri bati asiera emateko asmoz dabilzkigu.

Badira inmigrazioa gure onurakorra izango dirala esaten dutenak. Baiñan gu, nortasuna arrixku ikaragarrian jarri arazten gaitun ugolde onek neurri bat eskatzen duela konturatzen gera, bizi izaten jarraitzeko berekin duan eskubidearen neurria alegia. Zoritxarrez, ordea, eskubidea au egi biurturik ikusteko gaude. Emen pekatu aundi bat ageri da, sistema baten ondoren galgarriak. Ta euskaldunak, zenbait kapitalista beñepein, ez gera errugabeak.

Gertatua zelakoa dan jakinda gure postura aldrebesak lenballen baztertu bear ditugu. Beti gaizki esaka jardun izan gaituzute, beti negarrez, logaleturik eta ametsetan. Ez gera egundo egizko pausu sakon bat ematen ausartu. Arrotz ditugun anaiek gutar biurtzera iritxi bear gera. Iturria agortarazten saiatzea bidezkoa, baiñan aurrez aurrez dakusgun gertaera baztertu eziñekoa dala ez ahaztu.

Une onetan sentimenduak geiegi eragiten ote nauten bildur naiz. Geroko euskal erria, euskal kultura euskalduna izango bada, ta ortarako eskubide osoa ezezik erantzukizun andia degu, euskalki biziarazten gaituzten baloreak zaindu ta indartu beste erremediorik etzaigu gelditzen, gainontzean arnasik gabeko gorputz biartuko gera, ots bizirik gabeko izakiak. Beraz, guregana etorriak diran ezkero euskoen ahaide izan ditezen saiatuko gera. Ona emen bada zeregin nagusia. Gai ontan, zelakoa izan da gure jokabidea?, gure kezkak ez al dira kritika utsean gelditu?

Gure anai oiek nola euskaldundu dago kakoa, korapillo biurria. Geu gera bada kementsu ekin bear diogunak. Ortarako, gure lurralde ontan erri desberdiñetako gizakumeekin arkitzen gera, danak molde berdiñekoak dirala pentsatzea astakeri aundia izango litzake. Gure artean, gallego. andaluz, gastelakoak, katalandarrak, ekstremeñoak, t. a. ditugu. Ta gogoan artu, bakoitzak bere sorterria maitatzen ez duan bitartean, bere jatorrizko nortasunaren aberastasunaz jabetzen ez dan bitartean, euskaldun biurtuko zaizkigunik ez gero pentsa. Beraz lenen egizko gallego izan dedilla, Galizia egitan maitatu dezala, bere erriaren ondamendeaz samindu dedilla. eta orduan, geu erri bat geranez, berdin gerta ez dakidigun saiatuko da. Lan neketsua benetan, baiñan nik ez det beste biderik ikusten. Sarritan gure gaitzak iturri beretik datoz, bi erri desegin ditzazken sistema beraren ondorenak. Alkarri lagunduaz, egizko kontzientzi bat izatera iritxi gindezke. Ez gera iñolaz ere etsaiak, ezin ditzazkegu erriak alkarren aurka jarri, munduaren osabiderako alkarren aurka jarri, munduarne osabiderako alkarren bearrean gera ta. Folklorea, adibidez, asiera on bat emateko bide egokia degu. Baiñan gure dantzak eta musika eragiten dutena obetoago ulertuko dute, aurrez eure sorterrikoak ezagutu ta maitatzen badituzte. Bide zailla dala badakigu, baiñan egokia dala ezetsi dezakeanik ez da izango noski. Euskalerria nere sorterritzat jabetu nintzan ezkeroztik orain gañontzekoak askoz geiago maitatzen ditut. Mixiolari onenak bere egitan maitatu izan duten aiek izan oi dira, batez ere nor bere erriak supritzen duana ikusirik, berriro gerta ez dedin saiatuko da. Gai ontaz beraz, gure posturak zerbait aldatuaz guziontzat onurakorrago izango dala ziur nago. Personak diranez besarkatu ditzagun, gure laguntza eskeiñiaz euskal-zaletasunaz osatuko zaizkigu. Azkenki, frutu txar auek eman dituan zugaitzak, anaiak nortasuna gal zorian jartzen digun sistema desegitera iritxiko geran esperantzarik ez det galduko.

MIKEL UGALDE, Zeruko Argia, 1969-VII-6

Gure Mendea