1968ko hemeroteka

" H" bai... "H" ez

Eta aurten, 50 urte oien buruan, beste pauso aundi bat eman nai genduke gure izkuntzaren alde. EUSKERA IDATZIAREN BATASUN BIDEA urratu nai litzake, alegia.

Asmoa ezin obea da, baiña bide ori nola zabaldu, iñork eztu oraindik garbi adierazi. Nolanai, erabakiak "argi-bide" bezela eman bearko dira ta gero, "itxoin lasai". Idazleak, (geienak, ez talde batek bakarrik), erakutsiko dute bakoitzean onartzen ala zapuzten duten euskaltzaiñen urra-bidea.

Erabaki oien artean, "H" zorionekoa darabilgu euskaltzaleon artean; eta esan bearra dago nola artu diran orri buruzko erabakiak.

Gure artean Txillardegi, San Martin eta Jakin aldizkariko taldea izan da batez ere, "H"ren alde atera dana. Talde ori gazte-taldea da ta "euskalkezka" duan taldea, gaiñera. Fubolak burua jan dien gazteen artean, euskal-kezkak betetako talde gazte au, goragarri da guretzat.

Baiña gazteak berekin dakar gauzak azkarregi erabaki nai bizia ta askoren ustez "presa" geiegi artu dute kontu ontan... Baiona'n izan ziranak eta gero Ermua'n izanak, oso gutxi izan dira. Iñork "H"ren kontra itzegin badu batzar oietan, talde gazteak berea bakarrik izan du kontuan, eta besterik gabe "H"ren alde erabaki dala esan digute billera oietan. Onela artu dira gai ontan erabakiak. Berak aurrez pentsatua, ala erabaki dala ta aurrera eraman dute beren aldeko iritzia.

Gu bezela, beste asko ezin joan izan ziran billera oietara, ta onela oso gutxiren iritzia entzun da bilgune oietan. "H"ren alde ta kontra zenbat idazle diran jakiteko, ikusi besterik eztago, ZERUKO ARGlA'n eta beste euskal-paperetan zenbatek "H"rekin eta zenbatek "H"rik gabe idazten duten.

Eta ortan ari dan Batzordeak izan du gertaera ernagarria. Kontu orretan maixutzat berak artu duten batek, (Bidasoaz bestaldekoa bera), garbi asko esan die, berak gure lekuan ez lukela "H"rik sartuko EUSKERA BATUAN. Ori, euskal-baratzean nastea ta oztopo gertatuko litzakela, alegia.

Orra beste askok ere, uste deguna, agirian jarri!

"H" zaleak ematen dizkiguten arrazoiak, aulak arkitzen ditugu. Kontu asko esan diteke ortan. Luzeegi ez egitearren, eztegu emen guzia aitatu nai. Esan dezagun, ala ere, zerbait. Norbaitek esana du: gazteak alde ortara jarriak daudela ta azkenera berak nai dutena egingo dutela. Orregatik, ontan gazteei amor ematea ez ote-litzaken obe...

Guk eztegu ala uste. Izan ere:

1). Euskeraren kaltean ezer ez dute balio, ez gazteen, ez zaarren laiñeza ta setak.

2) Gazte zazpiki oiek, erdal-giroan asiak dira geienak eta euskera egosi gabe dute orregatik. Ortik dotorkie, euskaldunoi emendik letorkigun kalteaz ez konturatzea.

3). "H"ren aldekoak baiño askoz geiago gera "H"ren kontrakoak. Beraz, gauzak aldatzen eztiran bitartean, demokraziak eskatzen duanez, geienen botoa nagusi ta jabe gelditzen da.

Ataka auetako bakoitzak jardun luzea eskatzen du, baiña gaurkoz laburtu dezagun, aspergarri egin gaitezen baiño len.

Gaurko gazteak, biarko zaarrak ditugu. Ondoren datozkien gazteagoak, ez ote-die gaurko gazteei, auek guri egin nai digutena bera egingo ta gaurko erabakia ariñegi aldatu nai izango?

Gu, beintzat, oso bildur gera, "H" ta beste arazoetan, gure erri alper onek jaso ezin duan lanen bat eskatuko ote-diguten lau gazte ameslarik.

Bitartean, gure Iparraldeko anaiek jarrai bezate lasai beren "H" rekin. Guri oso gauza bitxia iristen zaigu "H" ori, beste euskelgi batzuetako beste zenbait kontu bezela.

Ta au ez aztu: "H" ori beste bereizkuntzarik ezpagendu, EUSKERAREN BATASUNA, "H" gorabera, egiña litzake.

Etxaniz’tar Nemesio, Zeruko Argia, 1968-IX-22

Gure Mendea