1968ko hemeroteka

Zozialist, girixtiño eta euskaldun?

Oraiko egunean gizon bat eta bardin emazte bat izan ditakea denbora berean zozialixt, girixtino eta euskaldun? Pentsu dut lehen lerro hauk irakurtu orduko zonbaitek erranen dutela: «To, gure Kalakari undarra burutik nahasi zaukuk» Eta bitartean?

EUSKALDUN?

Zer da Euskaldun izaitea? Ene iduriko, bada Euskaldun mota bat baino gehiago. Bada lehenik "arrazaz Euskalduna": hori da aita-amak edo bietarik bat bederen Euskaldun dituen haurra; izan dadin Euskal-Herrian edo bertze nun nahi sortua.

Bada gero sortzez Euskalduna: hori da ez aita ez eta ere ama euskaldunak izanagatik Euskal-Herrian sortzen den haurra. Bixtan da badirela bai sortzez eta bai denbora beren arrazaz Euskaldun direnak... orainokoan segurik... eta beharrik!

Izan diteke gero, bai bi lehen mota haukien artean, bai eta ere hautarik kanpo "bihotzez Euskalduna" hau da gure Euskal Herriko mendi, zelhai itsaso eta bazterrak maite dituena, gure pilota, kantu eta dantzak goxatzen dituena eta oraino hobeki, bazter eta posteta haukien guzien alde obratzen dena.

Bada ere "obraz euskalduna", eta ororen buru eni iduritzen zaut hau dela Euskaldunik hoberena. Ene iduriko, obraz Euskaldun izaitea da zerbait "egitea"... eta ez bakarrik "erraitea", Euskaldunak Eskual-Herrian bizi diten.

GIRIXTINO?

Bai Elizako kantuetan bai eta ere ostatu xokoetan emaiten diren bertsuetan maiz entzuten da girela gu Eskualdun eta Fededun. Duela berriki arte, eta behar bada oraino ere zonbait lekutan, Fededun izaitea zen Eliza katoliko batean igandetan mezan aurkitzea, Eguerri Phazkoen egitea, urteko bi, hiru prozesinoetan erabiltzea eta holako. Norbaitek ez bazuen legez kanpoko zerbait ohointza handi egiten edo norbait hiltzen, eta goraxago aipatu Elizako urhatseri zelarik bana bertze aski gidel, onhartua zen "girixtino" gisa.

Nahiz ez nizan ebanjelioko erakaspenetan eta are gutiago kontzilioko xedetan batere trebe, iduri zait halere ez direla gauzak arrunt lehen bezala.

Alde batetik sekulan baino gorakiago Eliza katolikoak berak dio badirela huntarik kanpo girixtino garbiak eta fededunak; hala nola protestantak eta bertze asko.

Bertze aldetik galdatua zaio "girixtino" bati aise lehen baino gehiago Elizako urhatsetarik kanpo ere, egun guzietako bizian "girixtino" gisa erabiltzea. Ez dautzuet nik erranen zer den egin behar eta zer ez den egin behar egun guzietako bizian girixtino erabiltzeko; badut nihaurek aski lan jakitea noiz nizan girixtinoki erabiltzen eta noiz nizan arrunt kanpo edo hegi hegian! Badira bertzalde ni baino argituagoak gauza horietaz mintzatzeko.

Dena den, mintzatu nizan jende guzieri iduritzen zaiote Euskaldun eta Girixtino izaiteak aise adosten ahal direla.

Oraino zonbaitek diote ez dela izaiten ahal Euskaldun, izan gabe Fededun. Ni ez naiz haukiekin batere ados, zeren iduritzen baitzait Eskualdunagoa dela lur huntako gauza bat, aldiz fedeko gauzetan badela izpirituko eta arimako gauza hainitz.

Nere iduriko izan ditake gizon bat Eskualdun garbia, izan gabe Fededun edo girixtino.

ZOZIALIXT?

Bainan Eskualdun eta Girixtinoaren gainerat, gizon edo emazte bat izan ditakea zozialixta? Huntan hainitz badira ez direnak ados. Zendako hori?

Gerla aintzineko zozialixt gehienak ziren Elizaren eta behar bada gehiago oraino apezen kontra; eta bixtan da gisa hortan Elizako buruzagi eta jende gehienek ez zutela onhartzen ahal norbait izan zadin Elizatiar eta zozialixta.

Zozialixtek zioten Elizako buruzagi eta apezak zirela beti "handikariak" eta sosdunen eskualdekoak eta gisa hortan beren obretan zutela beti jende xehea zanpatzen eta zangopetan erabiltzen.

Elizako buruzagi, apez eta hainitz jendek zioten zozialixtan lehen lana zela Elizen hestea eta Elizako urhatsen debekatzea.

Elizako buruzagi, apez eta hainitz jendek zioten zozialixtan lehen lana zela Elizen hestea eta Elizako urhatsen debekatzea.

Batzuk ala bertzek bazituzten pentsamendu mota horien froga gisa etsenplu frango.

Azken hamar edo hogoi urte hauetan gauzak bertzela doazi. Nehork ez du ukatuko badirela oraino bai Elizako buruzagietan bai apezetan beretan usuago jende xehearen aldea baino handikarien alderida atxikitzen dutenak. Bainan nehork ez dezake ere uka badirela gero eta gehiago, bai buruzagietan bai apezetan, langile, laborari ttipi eta bertze jende xehearen alde mintzatzen eta obratzen direnak.

Zozialixtetan ere badira oraino Elizaren eta hunen gizonen kontra errabiatuak. Baina badira ere gero eta gehiago onhartzen dutenak badirela Elizako buruzagi eta gizonetan, Aita Saindutik haste, jendetasunaren eta gizontasunaren alde agertzen direnak.

Ontsa karkulatu eta, zer da zozialixmoa? Ene iduriko zozialixmoa da politikaren, ekonomiaren eta lantegien erabiltzeko maneren ikusmen bat. Bixtan da luzegi litakela kaseta huntan burutik buru esplikatzea zoin diren zozialixmoaren pondu guziak. Iduri zait eni pondurik lehenetan zozialixmoak diola bai politika, bai ekonomia, bai lantegiak behar duela izan ez sosdunen eskuetan ez eta ere sosaren gomendioko, bainan jendetasunaren gomendioko eta jende argituenen eskuetan.

AZKEN HITZ

Eskualdun, Girixtino, eta Zozialixt: nik gauza horiek gorago erran ditudan bezala ikusi eta, iruditzen zait ez dela hauk hiruen artean batere elgarren kontrako gauzarik eta beraz nor nahi izaiten ahal dela denbora berean Eskualdun, Girixtino eta Zozialixt.

Baina arras ongi onhartzen dut ustekari hunen irakurle guziak ez direla enekin ados gauza horien gainean. Plazer nuke jakitea nork zer dion alde edo kontra, zeren elgarrekin gogoetak eginez baitira gauzak argitzen. Izkiria gostuan beraz Herria kasetari.

KAKALARI, Herria, 1968

Gure Mendea