1963ko hemeroteka

Bertsolarien txapelketa, 1967

Maiburuko baten pentsakizunak

Erriaren iritzia errespetagarri da. Erria, bestalde, gauza aundiegia da zipotzkeriz, minberaz eta begirune txarrez artzeko. Txistuka ta asarre bizian artu zuala epai maikoen erabakia? Alare, asitzerako ez dezaket izan Xalbadorren biotzkada baizik:

«txixtua jo diguzute bainan
maite zaituztet oraindi».

«Ez daude zazpiak bat eginik», zion Ifar-Euskalerriko epallari batek, jaialdi zoragarrian, bost euskalkietakoak kantari: Bizkai, Gipuzkoa, Goi-Nafar, Laphurdi, Baxe-Nabarrekoak. Bertsolari batasuna, literatur batasuna, Erriaren batasuna lortuko bada, Baxe-Nabarreko erri-arnasa bera dan Xalbadorri —Lazkao-txikik zion bezela— ez diogu jo bear geiago txisturik, gurea da ta.

«Erriarekin ez dek jolasten», esan zidan apaiz lagan batek, epai maikoen erabakiari buruz. Eman dizkat nere baitan milla jirabira egi mardul oni. Xalbador aukeratzea erriarekin jolastea ote da? Ezetz esan bear derriorrez. Orduan, pentsatzen jarri ta, jolastenago deritzait jakinduri eza, bertso alorrean lanik egin eza, teknikaren berri jakin-eza... Ez ote dira auek erriarekiko pekaturik astunenak eta larrienak? Erori ote dira biziegi ta aldez aurretik iritzia artu zutenak? Au da, bakoitzak bere mallan, barruan aztertu bear deguna, erria zinetan artu nai ba degu.

«Pozik ariko nitzake ari, emendik ilabete batera, liburuak irakurriaz, zinta entzunaz, astiroko bertso miazketa bat egiten gaur txistuka aritu diranakin... Nik au esandakoan, txapeldunak bazterretik: «Orduan, bera (Urepelekoa, alegia) elitzake izango txikiena». (Lengo urteetan gertatua oroituz?)... Gero, nere baitan buruzbide auekin nabillelarik, jabetu naiz erriak txistu aiekin zerbait esan nai zuala: ez dirala, alegia, nolanai uztekoak, baztertzekoak beste iruren saioak, oso goikoak izan zirala. Erabakia, egindako saioa bakarrekin artzerik etzegoala... Egia ote da? Edo ez ote zaigu, aurten ere, urtero gertatzen zaiguna gertatuko, Xalbador irakurritakoan?

Ondo baño obekiago dago erria mai burukoekin bat ez agertzea. Ondo dago txistu jotzea, ados-ezegona azaltzea. Banan sekula ere ez bertsolari baten bizkar, errugabea bait da! Gañera, gure iskanbilla dala ta, ez dezala atzen arnasa eman jaialdiak. Eta nere kolkorako esaten nuan, juradutzan dabillenak bear du, alajaña, iritziya emateko libertadea eta utsegite-ahal-izateko eskubide eta graziya.

Jaialdia, —bai ote du beste bat Euskalerriak jatorragorik, zainberetiagorik?— ederregia da, orrelako eztabaidak dirala ta, bein betirako galtzeko... Txapelketak egiteko era au bukatu ote da? Ez ote lirake artu bear bide berri batzuek? Beste zuzentzalle batzuek eratua? Mai burukoak erriak jarriak? Nola bildu bertsolari gurtiak? Zer egin bein eta berriz txapelketa irabazi dutenekin?

(...)

Xalbadorrek jaso ditu atzeneko txapelketetan entzun diran txistu ozenenak eta txalo ta eskuzarta urratuenak ere... Txalo, gañera, Lopategi aurrena zala. Anaikortasuna Lazkao-Txikiren aotik. Bertsolariak ez dira bakarrik erri-buru, pentsamen eta sentipen aldetik. Oraingoan, gizatasunean ere eman dute esenplu ederra. Erriak ere eman du berea, txistuka jardun zunean arratsalde ta ordu berean, gizatasun ederra, Xalbadorri, esku, eta biotz, eta begi bete betean emanaz.

JUAN MARI LEKUONA, Zeruko Argia, 1967-VII-25

Gure Mendea