1967ko
hemeroteka
Astos y astokillos
edo aldapa behera arin batean azken pauso bat
Ez da denbora asko euskal idazle fin bat negarreztatu egiten zela euskal deporte baserritarrean astoen arteko karrerek hartzen duten inportantziaz. Barregarria dela, holako izenak (Josefina, Napoleon, Anquetil, Poulidor) astoei ematea ez dela gauza serioa, oraindanik aurrera ez garela Pirinioetan dantzatzen duen herria izanen, ezpada astoen gainean zaldun gabiltzan asto-talde bat, eta ez dakit zenbat lamentazio, kexa, negaranpulu, beztimenta-urratze eta buruaren gaineko hautserre-isurtze deitoragarri, guztiak arrazoiezkoak, zentzudunak eta realidade triste baten kontra burrukalariak. Hau omen da gure folklorea, gure herriaren jakintza (tamalgarria!), astoei korrikan eragitea, astakeria, hori eta tronpalariak (zibutalariak izanen da euskeraz), deporte galanta, gero!, leku ederretara etorri gara.
Baina ez dadila inor kexa. Hori merezi dugu. Gure folklore aberatsa mistifikatu dugu, komenzitu egin gara, ezpata-dantza bizkaitarra ilargi-betearen argitara eta bildotslarruz jantzirik dantzatu behar dela, zaldiaren irrintzina gizon batek egin dezakeen deiadarrik ederrena eta emeti dezakeen bozik arrazoiezkoena dela, eguzkiaren semeak garela (hortik omen datorkigu izena, euskaldunak, eguzkaldunak), eta beste milla astakeria ergelez. Euskaldun-fededun slogan intolerablea aizatu dugu eguzkiaren lau puntuetara, erlijioak hizkuntzarekin batere zerikusirik baleduka bezala, kristau federik ez dadukagunok euskeraz hitzegiteko eskubiderik ez bagenduka bezala. Gure herriaren bizitzea filosofia teolofiko baten dogmei supeditatu diogu, eta abar, eta abar, eta abar.
Zergatik kexatzen gara orain? Merezi duguna dugu. Aldapa behera arin batetik abiatu ginen. Eta nortzuk alegindu ziren eroriera lamentagarri hori detenitzen? Oso gutxi, eta gainera kondenatuak izan ziren. Orain azken pauso batera heldu izan gara. Zer da Euskal Herria? Pirinioetako haran artean astoen gainean dabilen astalde bat, hori da gaurko gure kontzientzi errepika. Baina honek ez zuen lekurik edukiko, baldin, behin batean norbaitek Pirinioen gainean dantzatzen dugun herri bat garela esan zuenean, toleratu ez bagenu, permititu ez bagenu.
Gehiegizkoa irudiko da orain diodana, baina ez da. Gizona gizon da, eta herriak herri. Eta gizonaren obligazioa eta patu nagusia ez da dantzatzea, ez da astoaren gainean karrerak egitea, beste bat da, denok dakigu, eta gu, gizon bezala eta herri bezala, hura betetzen ukatu gara. Nahiago izan genuen bide zelaia, estarta erreza, galtzada aisea. Ongi kantatzen dugu, ongi dantzatzen dugu, gure hizkuntzak ahaiderik ez dazagu, gure kraneoak neurri espezialak ditu, gure odolak halako Rh faktore negatiboa daduka. Eta bitartean gure obligazioa bete gabe, gizon eta herri bezala, frakaso nardagarri bat izan gara euskaldunak. Zeren gure obligazioa betetzetik ihes egiteko, edozer gauza ametitu eta onartu dugu gure herritasun eta gizontasunaren ezaugarritzat.
Tomas Meaberen alegi bat etortzen zait burura orain: Zikoiniak. Harentzat zikoiniak, hegaztina bakan hauek, libertatearen sinboloak dira, seinale gertuak, imajina bakarrak. Haek zerutik iragaten direnean, haren ingurura deitu nahi lituzke gal-zorian dagoen herri honetako haur guztiak, ikus dezaten libertatea ez datorkigula ez Frantziatik (gezurra!), ez Ingalaterratik, ezpada gure buruaren gainean pasatu dela maizago, eta gehiago egiten zuela aldarri, bi zikoin-klase diferente daudela, zeru hobeetara hegaz egin nahi duena, eta esklabotasunari lotuta geratu nahi duena, eta lehendabiziko klaseak mako-kolpeka hil nahi duela etxe-artean lotu nahi duen kasta galdu hori, espeziaren etorkizuna eta beren kumeen hegalak arriskuan artzen baitituzte, handik hartu behar dugula ejenplo, azkenean hegalik gabe geratuko garela, oraingo asto-herria izanen garela.
Gure egin-beharra agirian dago. Askotan eta millatan esan dut, ukabilekin deiadar egin dut, harriak enteratu dira. Gure euskera dignifikatu behar dugu, gaurko bizitze modernoarentzat tresna sufiziente bat izan dadien, gizonaren pentsamenturako bide egoki bat izan dadien.
Bien bitartean egin dezagun penitentzia. Bien bitartean, gure zazpi poesi-liburu zazpi erdera diferentetara itzultzen ez diren bitartean, gure teatro-mutilak euskal antzerki bat New York, Londres eta Mosku' ra ematera deituak ez diren bitartean, gure abesti modernoa Europako dizka best-seller bat ez den bitartean, Nobel sari bat irabazten ez dugun bitartean, DEBEKATUTA DAGO, NIK DEBEKATZEN DUT, inork ez du aurrerantzean txisturik joko, inork ez du aurrerantzean ezpata-dantzarik dantzatuko, inork ez du irrintzinarik botako, inork ez du zortzikorikan kantatuko, inork ez du txapelik jantziko.
Ea honela Domingo-Kanpañatasunaren estigmatik libratzen garen.
GABRIEL ARESTI, Zeruko Argia, 1967-IV-30