1966ko hemeroteka

Euskeraren iraupena Nafarroa'n

Gauzak ez badira laister aldatzen berandu izan leike

Duela bi milla urte nork esango zuen, agoz ago zebillen izkuntza gaixo batek gure egunetaraño iraun behar zuela, liburu jakintsuak zeuzkaten izkuntzak ez bezala? Arrigarriena gertatu da.

Geroa gauza illuna da. Geroaren berri Jainkoak bakarrik daki. Guk egin dezakegun guzia, aurrekoen jokabidea ikusi; eta gure zitalkeriaren berri ematea da.

Euskeraren arra

Badira euskeraren zorigaitz guzia agintarien gain bota nahi dutenak. Ez naiz uste ortakoa. Egia da agintariek euskerarekin ez dutela begiramendu aundirik izan. Baño, Naparroan euskerari kalterik geiena egin dion etsaia, euskaldunok barnean daramagun arra izan da. Garbi ikusten da:

1.) Apaltasun bezala artzen ginuen gure izkuntza. Lotsa ematen zigun, garai batez, euskaldunak ginela esateak. Ez dut nere buruz itz egin nahi. Altsasuko emakume batek esaten zidana: «haurrak ginela, euskera pobrien gauza zela uste izaten ginuen. Erdara zakitenak, aberatsak. Zenbat inbidi pasatzen ginuen!» Zer egia!!

2.) Balio ez duen trapu zarra bezala zeukatenak ere badira. «Euskera zertako?», esaten da oraindik erritan. Eta erria ez diren jaunak, barnean daramate. Aurten Euskaltzaindian entzundako itzak: «nere seme bat euskera edo inglesa ikastekotan balin bada, inglesa ikasaziko diot nik, eta ez euskera...» Eta galdegiten dut: euskaldun baten semeak nunbaiteko xertoa behar aldu, euskaldun izateko? Ez aldu? Biotza eta odola zertako ditu? Amaren titia bezala ematen badiote euskera, inglesarekin istillurik ez du. Auxe da gure arra!

3.) Gerla. Zorigaiztoko istilluren bat izan omen zen Españan, gure aur denboran. Asko aipatzen dute, beintzat. Asko ilen ziren an; baño itzuli zirenak ere etziren beren nortasun guziarekin itzuli etxera. Gorputzen otza bezela bada jendetasunaren eriotz bat ere; eta, gerrako gauzak: obeditu behar! Erriz erri joan eta, ikusi orai aien aurrak...

4) Agintariak. Danok dakiguna... Erritako maistraren bat edo beste gizon atera da gure artean. Besteak, ezer ez. Ori baño makurrago, arraren su piztale. Euskeraren eriotzean eskuak zikinak dituzte...

5.) Elizgizonak. Orotarik bada. Eta ez dut uste gaizki dabiltzanak gaiztakeriz egingo dutela; alferkeriz, behar bada bai. Euskera eta Euskalerria folklore merkea bezala artu dute beren konzientzian; eta gauz oiek, beste edozein «afiziyo» bezala, txoro gaixo batzuen kontuak dira.

Ez da oraiko istillua. Ezagutzen ditut irurogei urtez gorako emakumeak, euskeraz otoitzean ez dakitenak. Aita gurea, etxean ikasi zutelako! Aitortzako Sakramentura joaten dira eta, lenbiziko itzak: «padre mío espiritual, hace... El primer mandamiento...» Eta amar mandamentuak esan ondoan, itz auek: «Ala erakutsi zidaten, baño nik ez dut entenditzen. Zuk galdetu ta naiago nuke...».

Gure artean badira ogeitamar urtez erri jatorretan, euskeraz itzaldi bat egin ez duten apezak. «Pacem in terris» norentzat? Ori galdetu izan didate... Erantzunaren billa nabil oraindik.

Euskeraren aldeko lanak

Ez naiz erdaraz esan oi den «pesimista». Epel askok ez dute alakorik entzun nahi. Lo goxoa galtzen da. Eta arte ortan euskera badijoa. Ogei ta amar urtez, Naparroan, euskaldun segitzen duten erriak baño geiago dira galdu dutenak. Arakil, Ulzama, Erro aldetik Auritz jo artio, Aezkoa eta Saraitzun genituen erri euskaldunak betiko joan zaizkigu urte auetan.

Eta irauten duen lekutan, ikusi Barranka-Burunda; ikusi Baztango negargarrikeria eta zer gelditzen zaio euskerari, bere sort-etxea duen Naparroan? Larraun, Lekunberri kendu ta. Ori.

Lan jatorra, izan daiken jatorrena, gure Diputazioak asi duena. Amar urtez euskal erritako aur guziak saritu ditu. Euskaldun festa politak egin ditu. Bertsolaritza piztu du.

Duela urte bat "Principe de Viana" izeneko euskal aldizkaritxo bat sortu eta zabaltzen du. Naparroko euskaldun familiak irakurgai bat badute beren etxetan; eta kitorik, Diputazioaren gain gastuak utzirik...

Ulzama'ko eskola alkartuan euskera erakusteko baimena eta laguntza emanik, Leitze'ko langillen eskolan ere euskera onarturik... jokabide agurgarria gure agintariena. Beren gogoa erakutsi dute.

Gero, Diputazioaren itzalak asko esan nahi du. Erritan ikusten da. Euskera ez da orain, lengo pobre kontua. Atsegin artu dute gure zahar eta ez ain zaharrak ere! Aski al da?

Izkuntzaren eskubideak

Euskal erriko eskoletan euskera sartzen ez den bitartean, alperrik gabiltza. Euskaltzaindiak esku tartean daraman eskabideak, lau Diputazioen itzala, eta erri osoaren indarra eskatzen du oraikoan. Eta Imoz aldeko erri jatorrak «oficialki» Iruñeko agintarieri eskatu dietena, jakitea merezi du: Euskalerrira erri-gizon (enpleatu) euskaldunak bialtzen asteko garaia dela! Erakusle euskaldunak, sendagille eta sekretario euskaldunak...

Apezez, esana da. Aurten, gure Apezpiku jaunak esan zidanez, bost erritatik eskatzen zizkioten apez euskaldunak; era bat bezik etzuen... Eta Ameriketara joaten utzi dituzten guziak zertako joan dira, Euskalerria utsik utzi ta? Eta Iruñen guziak!!

Euskeraren iraupena...

Euskeraren iraupena Naparroan, gure eskutan dago. Garbi ikusten da ez badira gauzak laister aldatzen asten, gero berandu izan laikela. Indar guziak ongi baliatuz, aurrera atera daiken gauza da. Zaillagoak egin izan dira. Diru kontua izan balitz! Arra or dago, eta bere lana ari du. Ez badugu danok beste jokabide bat laister artzen, Jainkoak erremediatu beharko du...

J. M. SATRUSTREGI, Zeruko Argia, 1966-XII-25

Gure Mendea