1966ko hemeroteka

Eskritore falta

Ez da aski gauza bat egiteko bihotza jartzea, borondate onez eginitako gauzak ez dire beti ongi ateratzen, balioa behar baita gainera.

Hau guziok dakiguna da, bainan gehienetan ahaztu egiten dugu gure artean. Ez pentsa ordea, ez naiz hitzegiteagatik hitzegiten ari.

Euskal Herrian mila arloetan, borondate oneko langileak besterik ez ditut ikusten. Neronek ere beste inor ez dagoela, ta.. hemen nauzute asteroko artikulua egiten; horregatik, asmo ona ez delako inportanteena helburu bat, asmo on bat lortzeko (batzuek ala badiote ere) gertatzen dira gehienetan gertatzen diranak.

Gure nobela, teatro ta gainerantzekoeri begiraldi bat egitea aski da ideia bat lortzeko. Hemengo antzerkigile, nobelagile ta abar, ez dire egitazko eskritoreak, borondate oneko gizonak baizik, euskeraz idatzi behar luketeenek uzten duten hutsunea betetzen saiatzen direnak, horregatik ez da euskal literatura behar bezain ona. Zergatik ote, gure hizkuntzak ez du indarrik? Bainan ez, beste mota guzietako artistak ditugu eta onak gainera, eskultore, pintore eta abar, honek nahi du zerbait esan niretzat, horiek guziek barrengo izkuntza erabiltzen baitute. Horregatik derizkiot, euskerak (euskal pensamentuak hobeki esateko) baduela aski indar, barne-giro literatura on bat izateko. Orduan forman dago akatsa? Edo ez du egitako idazle batentzat, bokazioz idaztera behartua dagoen batentzat, sailik asko? Hori uste dut dela arrazoia.

Tamalez hemengo eskritoreentzat euskera zapatilla bat da edo zapatilleetan erabiltzekoa behintzat. Etxerako euskara, kanporako erdera. Betidanik izan dire euskaldun izenak erdal letreetan.

Eta hemen ere lekzio ona ematen digute katalandarrek. Haiek bokazioa, balioa ta hizkuntzarekiko maitasuna, borondate ona, batutzen dituzte.

Hara zer dion José Maria Espinas-ek:

"Escribir en catalán es una suerte. El escritor catalán tiene una ventaja que no tiene ningún otro escritor del mundo, dispone de una causa por la cual luchar: su propia lengua... Nosotros disponemos de ese anacrónico privilegio".

Espinás-en deklarazioa oso ondo datorkigu gaur egunean euskaraz eskribitzen dutenak definitzeko. Borrokatzeko arrazoi bat duten gizonak, beren hizkuntza, katalanekin konparatzeko gauza bat falta zaie: eskritoreak izatea.

Herria beste batzuek behar luteke defenditu plumarekin, bainan lehen ere esan dute, haientzat euskara gutxi da.

RAMON SAIZARBITORIA, Zeruko ARGIA, "Gazte naiz" saila, 1966-VII-26

Gure Mendea