1966ko hemeroteka

Euskal Musika berria

Bagabiltz musika zale zenbait euskal musika berria eratu nahian. Gure iritziz euskal musika herrikoiak ez du aurrera egin, Euskal Herriak beste gauza askotan bezala. Bai, egia da, euskal musika herrikoia bezalako musika gutxi dira munduan, baina inor gutxik kantatzen du: koroak, zortzikoteak eta ondo jan eta edan ezkero... edozeñek, edozonek. ("Boga-boga" behintzat, eta pixka bat estutu ezkero "Antero txaparrotia". Ortik gora gutxi).

Nik askotan galdetu diot nere buruari, zergatik ote den hau horrela. Hainbeste kantu ditugu herriak berak eginak, benetan herrikoiak, herriaren ahotatik hartuak. Zergatik orduan ez ditu herriak kantatzen? Zergatik gelditu dira R. M. Azkue ta Aita Donostiren museoetan?

Hiru arrazoi bide jarriko nituzke:

1 ) Herriari kantu hoiek erakutsi ez dizkiolako. Ba liteke. Nolanahi dela ere, iruditzen zait, herriak berak galdu dituela abesti horiek.

2 ) Kantu hoiek oraingo musikaren eran ez daudelako.

Oraingo euskaldunak baditu mila influentzi: dantza-leku, telebista, irrati, gure aldameneko etxean bizi den neskamea...

Ohartu gabe hartu du bere baitan, musika izan behar duenaren iritzia. Esan nahi nuke gaurko musika nolakoa izan behar duen ikasi du. Eta egiazki horregatik gure musika, bere arima euskalduna benetan kanpora ateratzen deneko uzten du: goibel dagoeneko, eta abar... Beste bizitzak dituen, une guztietan, beste musika darabilki: gaurko musika arina, "ye-ye" edo beste edozein.

3) Letrak ezer esaten ez dielako.

Inolaz ere ezin gintezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen hasi, hori baino tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal herrietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin gintezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin gintezke gauza politak bakarrik kantatzen ibili. Herriak gizarte batean bizitzera esnatu behar du. Eta kantuak indar handia duela iruditzen zait euskaldunen artean jendea pixteko; jendea dagoen egoeratik esnatzeko. Eta hori egiteko gure herriak bere baitan bizitzen dituen arazoak jarri behar dizkiogu aurrekaldean: hitz batean, kantuak esannahi sozial bat izan behar du.

Dudarik gabe arrazoi horietatik aparte, telebista, irrati, zineak ez digute asko laguntzen.

Guk horien egin nahi gendukeana da, euskal-musika eraberritu, gaurko eguneko euskaldunak behar duen jantzi berria eman. Jantzia esan dut eta ez izaera Euskal musikaren izaera aldatzez gure anima ere aldatu egin beharko genuke eta hori inolaz ere ezin. Gu, euskaldunok izango gera beti, nahi badugu eta nahi ez badugu. Orduan gure animaren aurka jokatzea izango litzake, euskal musikaren izatea, sustraia, aldatzeko egin genitzazkeen ahaleginik txikienak ere. Baina ez da hori, askok beste aldera uste badute ere, gure asmoa.

Gure nahia da euskal musika zaharra estudiatu, aztertu ta hura sustrai bezala hartuaz euskal musika berria egin. Baditu euskal musikak bere-bereak dituen gauzak: kadentzi, aire... Ta uste dugu hoiek dutela benetako garrantzia euskal musikan; horiek dira benetan gorde behar diranak. Horixe da, berriz, benetan guk nahi gendukeana.

Ba dirudi guk hasi dugun joera honekin folklorista zenbait ikaratu egin dirala. Ez dago bildurtu beharrik; gu ez goaz inoren kontra. Iritzi bat badugu euskal musikataz, eta iritzi horrek balioko al du folkloristen iritziak aña. Oker egon ginezke baina folkloristak ere arrisku berdina dute, gu bezela gizon eta gu bezela hilkorrak badira behintzat...

Julian LEKUONA, Zeruko ARGIA, 1966-V-1

Gure Mendea