Gabriel Aresti'ri ihardespena
Orain arteraino euskara izan dugu geure hizkuntza, baina hurrengo etorkizunean mordoilera edo Arestiera izango bide zaigu mintzabidea.
Egia da, Sabinera edo Jeluera hura ez zen onuragarri, asmaketa hutsa baitzen, baina oraindaino euki ditugun hitz eta esakera jatorrei ukorik egitea ezta askoz hobe.
Hitz berriei buruz, edo asmaketa berriei buruz zehatzagoki, iritzi eskas ta laburrekoa izatea ta norberen hizkuntzaren ugaritasunaganako ikus-ezina, ta hau sistemaz nunbait, ez da aurrerakoi, atzerakoi ta pinpilinpauxaren uste ta jarraibidea baino.
Euskara garbia gaitz delako, euskara ikasi beharrean mordoiloaganatzen bagara, laister mordoilo bera zail eta gaitz izango zaigu ta orduan bertze lupetza zikinago batera jo beharko dugu, noski.
Herriarekin beti, bide-daukazu zure ikuspegia.
Zer Herrikin baina? Zaharrak eta antxinakoak ez ote-ziran euskaldun?
Gaztedia baldarra ta nahigabetsua baldin bada beragana joan behar? Nik ez dut nehoiz ere pentsatu erdal idazleak Otxarkoagara doazela beren hizkuntzaren ederraren iturri gardenen billa.
Herriak, Euskaraganako ardura barik, laster‚ erdera eskatuko digu, ta halaxe zioskun orain asko ez dela, Bizkaiko zimentudun herri bateko apaiz ardurabako batek, ta herriarekin batera joateko, «erdera eman ta gure nortasun ta buru berezia ukatu»
Bai, poz bedi herria, ta gaitezen alaiki hil! Bizia ez da erreza, heriotza berriz bai.
Beste alde batetik, arrazoin osoa daukazu. Egia, egun idazlan begiramengarriak behar ditugu ta ez garbi ta gatz-bakoak, baina jakingarri dan guztiak zerbait prestutasunaren premina du.
Esaistazu bestela: zergatik irakasten dute erdaldunek beren eskola guztietan duten hizkuntzaren gramatika?
Zertarako dira periodismu-ikasketaren mintzaira-irakastaldi latz eta zehatzak?
Cervantes'en hizkuntzak, edo beste edozeinek, behar duen garbi-beharra, euskerarena ere dukegu.
(...)
Euskaldunok bi bideri garraizkio. Batzuk, euskaltzaleok, jatorrei ta beste batzuk, euskaraganako ardurik ez-eta, erderaz egiten dute gehienetan.
Badira bestetzuk, ta hauek dira tontoen ta nire ustez ezteusenak, euskera jakin gabe honelako istilu ta ezbaidetan sartzen direnak, baina jakina, frantsesera ez dakienak ez du frantsesen batzarretan bozik.
Gazteok bitarikoak gera, batzuk zale ta beste talde bat ardurabako.
Zale ta maitatzaille guztiok mintzairari, horren beharra duela dakusagulako, dagokan itzala ematen diogu.
Txit gutxi dira, nik dazaudazanen artean behintzat, euskara ongi jakinik baldres ta mordoilozale bihurtzen diran euskaldunak.
Zer da zuretzat herria? Umeei euskararik irakasten ez dietenak?
Ez, nik ez ditut horiek aintzat hartzen. Egun, hil-agiñeon gaudeneon, euskaltzaletasuna biziaganako ta irauteaganako premina dula, euskaraz ahaztuten diranek eztute Euskal izenik merezi.
KINTANA'TAR FRANTZlSKO XABlER, Zeruko ARGIA, 1966-IV-3