1966ko
hemeroteka
"H" dala-ta
Ez. Ez pentsa "H"ren alde ala kontra idatziko dutanik. Denbora asko galdu degu euskaldunak gai ontaz mintzatuz, eta nere iritziz alperrik. Zeren, ezin diteke zuritu "H"ren arrazoia eta ezta ere "H"ren arrazoi-eza. "H" zaleak ba dituzte beren arrazoiak eta baita ere "H" aurkakoak, bainan ez auek eta ez aiek, ez dute "arrazoia", zeren tankera ontako eztabaidetan "arrazoia" ez da ezer, konzeptu astraktu bat baizik. Errazionalismu kartesianoaren garaia pasa da, eta gaurko mendearen semeak bagera, gaurko mendeko pentsaerez jokatu bear dugu. Gaur egunean bizi-arrazoiak (arrazoi bitalak) balio dute, eta ez lojikak erakusten dizkigun arrazoi otzak. Eta ez dut onekin esan nai lojikak ez duela ezertarako balio. Ezta ere "H"ren kontuak ez duela inportantzirik. Bainan inportantzi au, "bizi-inportantzia" da, eta ematen diran arrazoien azpian bizi-arrazoi bat agertzen da. Gai ontaz oso interesantea iruditzen zait C. Santamaria jaunak ematen duen iritzia (Ikus: "La cuestión de las haches"). Abenduaren 8'ko Diario Vasco-n). Beraz, idatzi dezala bakoitzak berak idatzi bear duela uste duen eran: berez ala edozein klaseko prezioz, bietako bat gaiñea artzen joango da, eta bestea lurperatzen, ura nagusi izan arte. Au dana, bakoitzak besteen iritziak errespetatuz- eta iritzi auen onak ikusi eta onartzen dituala.
Bainan gaurko Euskalerrian ez dira gauzak ola gertatzen. Jende askorentzat, euskal idazle batzuek "txarrak" dira, "H" ez idazten dutelako, besterik gabe. Au ezin genezake onartu, ezta iñolaz ere. Ola jokatzea ez da "euskalduntasuna", intolerantzi zikiña baizik. Euskalduntasunaren izenean euskaldunkeri galantak egiten ditugula uste dut. "H" kontrakoak "H"aren aurka ematen dituzten arrazoiak, objetibismoz ikusi ezkero, ezin dira esan "H"z idazten duten idazleak eta auen liburuak baztertzeko aiñak. Ezta ere "H" zaleak "H" faltaren kontra ematen dituztenak. Eta arren, ez dezagun esan "Euskeraren bizitzaren kontra" ari dirala "H" zaleak edo besteak. Gure intolerantzia, "H"ren eta lexikoaren kontuan, arrixku milla aldiz aundiagoa da euskeraren etorkizunaren aldetik. Erri txikia izan-da gizalegez eta errespetuz jokatzen ez badugu, gureak egin du.
Artikulu edo liburu baten "txadon" edo "akeita" itzak ikusten baditut, naiz itz auekin konforme ez egon, ez dut orregatik liburua utzi eta egillearen kontra jarduten. Ez da ere "populu" edo "eskribidore abundanteak" arkitzen ditudanean. Liburu, artikuluaren mamiari begiratzen diot, ganontzeko gauzak ez baidira ain inportanteak. Liburu batzuen mami-eza eta euskera "ederra" ikusten dutanean, idazleak "begira zazute zenbat euskera dakiten" pentsatuz idatzi zuela iruditzen zait, "entzun zer esaten dutan" pentsatu bearrean. Ez dut onekin esan nai euskera ondo jakiteak ez duala ezertarako balio, baizik euskera ondo jakitea ez dela arrazoi naikoa liburuak "egiteko".
J. San Martin jaunarekin batera diot: "Clown eztanik ez dedilla atera zirkora" (Ikus: "Nobelarientzako onarri batzuek", Jakin'en I7'gn z.'n).
Ez dezagun ba geiago esan idazle bat "txarra" dela olako edo alako euskera darabilkilako. Ez dezagun euskalduntasunaren izenean euskaldunkeririk egin.
Eta, kaskoa itxusia delako botillak gordetzen duan ardoa ez dastatzia, euskaldunkeria dela uste det.
IBON SARASOLA, Zeruko Argia, "Gazte naiz" saila, 1966-I-2