1966ko
hemeroteka
Euskal Kultura gure gaurko gizartean
Soldaduska dela ta Galizia'ko lurraldetan nabil azken bolara ontan eta ango aldizkari batean irakurritakoa primeran datorkit nere saioari asiera emateko. Gallegoz idatzitako aldizkari bakarrak GRIAL du izena ta iru illabetetik bein argitaratzen da ale bakoitzak eun ta ogei ta amar bat orri izaten ditu. Udara aldian argitaratu zen 13'gn. alean ba dakarki aldizkari onek estudio sakon bat izen onekin: "Ensayo de bilingüistica, galego e castelán frente a frente". Estudio onen barruan onelako gauzak irakurtzen dira: "Un galego empeza a definirse no intre da eleución idiomática, e remata, ás veces, de facelo cando pacta con certo tipo de galego ou con certa clas de castelán", Beste leku batean berriz: "Incluso a cultura‚ é una fonte de alienació, cando a sua misión debera ser desalienar, loitar contra todo aquelo que deshumaniza ó home. Defendelo racismo nunha escola burgalesa non é mais alienante que reirse nunha escola luguesa, do pequerrecho ó que lle sai en galego unha noción elemental calqueira. En Galicia a cultura, a riqueza, o poder, a alta posición social o mensaxe divino identificase, en liñas xerales, co idioma castelán, ou seña, a outra fala aparez identificada cos valores máis cobizados pola sociedad burguesa. Por este camiño chégase a conclusión de que o pensamento burgués non é máis axeitado pra plantear a fondo o problema da lengua en Galicia".
Gallegoz jarri ditutedan aipamen guztien artean garrantzi andienekoa auxe iruditzen zait: "Por este camiño chégase a conelusión de que o pensamento burgués non é máis axeitado pra plantear a fondo o problema da lengua en Galleia". Ta au bi arrazoiagatik. Lehedabizikoz euskal kulturaren prolema neurri aundi batean eta gehien izkuntzaren prolema dela esan ditekelako. Bestaldetik berriz pentsamentu burgesak izkuntzaren prolema ezin duela erabaki esaterakoan gaurko gure gizartean euskal kultura gertatzen zaizkionak ondoen azaltzen ditulako.
Nere iritzian euskal kulturaren barruan urte bat, fetxa bat, jarri behar bagenduke gaur egunean bere baitan gertatzen diran gauz berriak aztertzeko 1960'gn urtea jarri beharko genduke. Dudarik ez dago kulturaren barruan urteak eta fetxak jartzen arrisku aundi batekoa dela kultura etengabeko izate bizi bat delako, ta ez saltoka dijoan zerbait. Ala ere zientzi ta jakintza guztietan era ortara jokatzen da, lanerako astrakzioak egiñaz, geldi-eziña den errealidadea estudiorako geldituaz.
Euskal kulturarentzat 1960.gn. urteak aldi berri baten muga adierazi nahi baldin badu ezta ere ez da ahaztu behar urte ortan gutxi gora bebera emengo ekonomian eta gizartean garai berri batzuen asiera gertatzen dela. Beste artikulu batean, "Euskal Poujadismoa" izenarekikoak esaten nola Españia'n "Plan de Estabilización" eta "Plan de Desarrollo" delakoekin aldakuntzak gertatu ziran. Ta ez da kasualidade utsa gizartean onelako aldakuntzak gertatzea eta euskal kulturara, au da euskal literaturara, euskal pinturara, euskal abestira, euskal antzerkira etab. belaunaldi berri irixtea. Bi gertaera oiek ba dute elkarren urteko lokarri estu bat ta ezin zitekien bestela izan. Ezin diteke‚ esan ordea euskal kulturaren belaunaldi berri au berez sortu danik, ekonomian eta gizartean gertatzen ari diran gauz berriak berez sortzen dirala ezin esan ditekeen bezela. Euskal kulturaren berpiztea, agoniak, eriotzako zoriak sortuarazi zuen berpiztea emeretzigarren gizaldiaren bukaeran asi ta 1936'gna. arte iraun zuen. Arrigarria izendu zen urte oietan egindako lana, baiñan urte oietan euskaltzaleak egin zituzten lanak, orain bezela ekonomi, politika ta gizarte gertaerak kondizionatuta egon ziran eta euskaltzaletasun defenditzen zuten jendeak nortzuek ziran ikusirik neurri aundi batean, neurri aundi batean diot eta ez oso osoan, orduko euskal kultura edo, obeto esateko, orduan defenditzen zen euskal kultura ruralista zela esan ditekeela uste dut. Orregatik orduan defenditzen zen kultura burgesa zela esatea baiño ruralista zela esatea egokiagoa eta egiagoa iruditzen zait eta ori esaterakoan ez dut desprezio tankeran esaten, ezin nezakelako ori egin beste herrietan, gure antzeko prolemekin enfrentatu diran herrietan antz aundiko joerak izan diralako. 1936'gna. ezkeroztik azkeneko urte auek arte dijoa euskal kulturaren berpiztean bigarren etapa ta mailla bat. Ixilagoa ta behar bada illunagoa. Ezin diteke esan, ezta gutxiago ere, bitarte ortan ezer egin ez danik bainan bai, esan diteke, etapa ortan belaunaldi bat galdu dela, Gerra osteko belaunaldia. Izan dira gizonak izen aundikoak eta lana egin dutenak baiñan belaunaldi bezela atzera gelditu dirala uste dut. Ala ere garai oietan prestatu da gaurko belaunaldi gaztearen jaiotza. Gure gizartea, ta baita ere España guztikoa, itxita bezela egon, bere baitan bildua. Bitarte ortan gizarte orren barruan bere biziko aldaketak, transformazioak gertatzen ari ziran, eta aldaketa oiek bere azpi lana egiten ari ziran eta azkenean azalera atera ziran. Gizartearen eta ekonomiaren xistima edo ta era batean aldatu ta beste bat jarri edo ta zuzentze aundiak eta teknika berriak artu beharrean arkitzen zen lehengoarekin jorratzekotan. Ta azkenez au izan da gertatutakoa. Ori dela ta, gure alderdietan beiñepeiñ, "civilizacion de consumo" delako ortara iritxi gera ta ortik sortu dira gaxtediarentzat, ta ez gaztediarentzat bakarrik, jokaera berriak, konportamentu berriak. Ta ori mailla guztietan ikusten da. Ta gizartea bera ere, emen, aukera bat egin beharrean arkitu da edo xistimaz aldatu edo ta teknokraziaren barruan era bat sartu. Bigarren au da gehien bat emen gertatzen al dana. Au gertatzerakoan zeintzuek dira gehiena sufritzen dutenak? Erdi mallan dabiltzanak. Beste itzetan eta argi itzegiteko, euskaltzaletasuna defenditzen duten jende gidariak ta ortik ezin egon bat sortzen da. Izan ere ruralismoaren kontestu ura joan zen eta euskaltzaletasunak lehendabizikoz bere duintasuna sustraitu beharrean arkitzen da. Ortan ere, ordea bi bide arkitzen dira: batetik, eta ortik dijoazte zenbait jende, nere iritzian aristokrazismo izenarekin ezagutu dezakegun bidea, au da, euskera ta euskal kultura burges aundiak, dirudunak, agintariak itzegitera eta erabitzera iritxitakoan salbatuko dela uste izatea. Auek ez dute xistima aldatu nahi, xistima ortan gallen diranak, goian diranak euskerara biartu nahi dituzte. Beste bidea artzen dutenak ordea euskera proletarizatu nahi dute. Auentzat iltzeko zorian dagona ezin diteke burgesa izan, rebeldea besterik ezin diteke izan. Gaiñera, diote auek, burgesiaren izaeraren bertan ez ote dago euskeraren eta euskal kulturaren eriotzaren edo eriotz arriskuaren arrazoia? Batzuek menpeko izatea ta besteak goiko, batzuek morroi ta besteak nagusi izatea ta euskeraren eriotza elkarren artean zer ikusirik ez duten gauzak ote dira? Orrelako milla galdera sortzen asiak dira gure artean. Aspaldiko urte auetan ez da izan gure artean ainbesteko saltsik, ainbesteko nasketarik, ainbeste egi arkitu nahirik, ainbeste ideiologirik ez da izan. Ori besterik gabe gertatutako gauza izan ote da? Ezta ez. Batetik ori egun batean edo bestean gertatu beharrekoa zen, bestetik gizartearen eta ekonomiaren estrukturetan aldaketa aundiak gertatu baldin badira kulturaren arazoak ezin zitezkeen geldirik iraun erazi.
Gure izaera guztiak, ekonomikoak, gizartekikoak, kulturarenak zalantzan jarriak daude. Orregatik gure poesia, gure literatura, gure pintura etab. eten gabeko galdera bat izango: zer da euskaldun izatea? Zergatik euskaldun iraun? Kapitalismoa ta euskera zer? Eta Quebec'eko abeslari famatu batek dion bezela:
Mon pays,
C'est l'envers d'un pays
Qui n'etait ni pays ni patrie
Ma chanson
Ce n'est pas ma chanson
C'est ma vie
Rikardo Arregi, 1966-XII-25