1966ko hemeroteka

1966ko otsailaren 23an Donostiako Victoria Eugenian antolatutako Lehen Euskal Abesti Berrien Jaialdiari buruz:

Arrisku handiko gauza zan baina jendea pozik zegoen. Berebiziko jaialdia igaro zuten. Txalo sutsuaren bidez, ontzat eman zuten eginiko prueba.

Egunak aurrera, erdaldun eguneroko batean emakumezko baten lana agertu zan Jaialdi hauen egite kaltegarria aipatuaz. Geroxeago, beste eguneroko bat aurrez idatzitakoarekin bat egiñaz jantzi urratzean gehitu zan, ondoren irrati bat, gero...

Ritmo berriko abesti batzuek abestu zirala? bai jaunak, izan ziran gureak, zaarrak edo sortu berriak, Prestley, Holliday eta Beatles-en abestiak ere bai ordea. Ta zergatik ez? Gure hizkuntza euskara izaki, eta zer dela eta ezin dugu euskaraz kanta? Euskarak mugak al ditu? honetarako erabili daiteke eta beste gauza hartarako ez? Ez, ez dugu zuek bezala pentsatzen. Guretzako euskara, ez da baserri batean edo urrezko bitrina batean gorde behar dugun gauza bat, guretzako euskara, gure egintza guztietan beraz balia gindezkeen gauza bat izatea nahi dugu.

Gaztediak ez ditu abesti zaharrak gorrotatzen, hori argi erakutsi du Mikel Laboaren diskari eman arrerarekin. Edizio guztia agortu da. Nahi gabe, ordea, telebisio, irrati diska eta abarrek beste ritmo batzuetara eramaten dio; zergatik orduan berari atsegin zaizkion doinuari euskal hitzak eman ez? Hori ezin diteke inolaz ere, euskararen aurka joatea izan. Euskara beste hizkuntza guztiak bezala erabiltzeko da, eta gure iritziz zernahitan erabili behar da.

- A! baina zuek barkaezinezko pekatu bat egin duzute, gitarra joaz euskaraz abestu.

Pena ematen digute horrelako jendeak, ezin ditugu aintzakotzat hartu, barre, ezinbeste egin dezakegu.

Hauek gure mendietako baserri batean telebisioaren antena bat ikusten dutenean su ta gar jartzen dira, Herriaren amaiera ikusiaz. Gu ere ez gara alaitzen, ez, hala da; ez ordea euskal baserrira telebisioa iritsi delako, euskaraz ez izateak, horrek mintzen gaitu.

(...)

Jaialdi hori dela eta "anonimoak" jasotzea ez zaigu batere harritu, bagenekien gauza da "euskal espiritua" "euskal arima" mito bat besterik ez direla.

IÑAKI BEOBIDE, Zeruko Argia, "Bestelakoak al gera?" saila, 1966-III-13

Gure Mendea