1965eko hemeroteka

YE-YE gaztedia

Gaur eguneko gaztediari buruz zenbat lerro idatzi ote dira? Gai honetaz denak dute zerbait esan beharra, denak dute iritziren bat; gehienak ordea aurkakoak dira. Denak batu ta gutxi gora bera hau diote: Gaurko gaztedia ganberro ta irresponsable hutsa da.

Horrela mintzaten diranari galdera hau egiten diet: Azken iritzi hori egin baino lehen, zenbat gazterekin mintzatu zerate?

Ez begiratu, melena, zarata dun musika ta janzkera harrigarri hoieri bakarrik. Ille luze ta orraztua, alkandora txukun da gogorra, eta pajarita erabiltzen zutenen gaztedia igaro da. Gaztedi honek zarata bidez, eta zaharragoari harrigarri zaizkioten beste era batzuen bidez, berak bizitza gain duten iritzia agertzeko, bide hori aukeratu dute.

Akor nago, gazte asko daudela orain ere (lehen eta beti izango ziran bezela) izate huts bat daramatenak, idealik gabekoak, zaratan eta ekzentrizidadeetan beren asper eta hutsa gordetzen dutenak. Zineko artistaren janzkera, jesto ta abar beren helburu guzia dirala; ta ez da harritzekoa, askotan nahi ezta ere sare hoietan eroritzea.

Bai, hori egia da. Baina ez dezagula uste izan gazte guziak berdinak diranik. Gazte batzuegaitik ez ditzatela beste guziak juzgatu. Badira beste gazte batzuek ere, horiek izan ditezken bezin «olatu berri»koak, Yenka Surf edo Twist dantzatzen dutenak, azken modako jantziak erabiltzen dituztenak, eta beren bizitzaren helburua zer dan dakitenak, da eginkizun gogorrenak ere betetzeko prest daudenak.

Gu baño zaharragoari eskatzen diogu, zuhurragoak izateko beren iritziak emateko garaian, oker dauden iritziak zuzentzen ahalegindu behar dugula, denak iritzi berdinekoak ezin gintezkeela izan jakin arren. Jabetu behar duzute, gaurko gaztedi yeye hoien artetik atera behar dutela, bihar gure herria zuzendu behar dutenak.

Gurmenditar Arantxa, Zeruko ARGIA, "Gazte naiz" saila, 1965-VII-27

Gure Mendea