1965eko
hemeroteka
Twist euskeraz
Egunero ikusten dut bolara hontan Donostia’ko periodiku dan La Voz de Españan Concurso de artistas noveles delako hortaz jardunaldiren bat. Poztu arazten nau benetan, ahalegin hauek ikusteak. Gure herrietan ez dagoz bakarrik tornu, fresadora, eta futbol-taldeak. Baditugu ere gazteak gitarra bat eskutartean hartzeko gogoz. Horrek adierazten du aberastasun-mailla bat daukagula. Motibu eragileak era askotako izango dira, baiñan gertaera hor dago.
Gazte hoiengan nahi ta xede bat ikusten da. Errexa da ariñak eta burugabeak direla esatea. Badakit neuk ere, ez direla denak hoietan izango Platon eta Aristoteles’en ondorengo jatorrak. Hobe da gaiñera alde batetik hala izatea, bestela gure gizarte honek sator-komentu iluna emango luke. Danetik behar degu. Norbera bere lekuan eta bere izakeragaz osatu dedila.
Ondo dago alderdi txarrak ikustea, baiñan alderdi onak lantzen ez badira, mundu hau eta infernua bat bera lirake. Badugu lehendikan ere nahiko deabru. Hoien egitekoa hauxe da: gauza okerrak kondena ta zirikatzea (zuzentzea inoiz ere ez), eta bere kasatik batere onik ez egitea. Bila eta argi ditzagun, beraz, diren jokaera onak.
Gazte ezinegon hauek arreta bat daukate, eta arreta horri eskerrak buru-belarri dabiltza egunero zelan apaindu eta aberastu beren gaitasun eta posibilitate horiek. Xamurra dirudi jendearen aurrean zoroena egiten ateratzea, bainan ateratze horrek badakar berekin entsaio eta ordu aspergarri mordoa: diskuak aztertzea, pixkanaka musika apur bat ikastea, askotan hizkuntzak ikastea edo behintzat erabiltzea. Erbestearekin hartu-emana edukitzea, "nouvella vague" zein den jakitea. Beste aldetik, beharrezko frakaso eta kritika zorrotzak eramatea. Baita ere zenbait gauza gustagarri lagatzea: zineak, futbola, kafetegia. Zulo batean sartzeko eta amorruz partiturak jorratzeko, esperimentutan jardun burua lehertu arte.
Baiñan nik zalantza beltz bat daukat nere baitan. Gaurkoz, txapelketa hoietara ez daukat joaterik. Donostiatik urrin nago eta gainera lotuta ordu horietan. Beraz perodikuaren bidez ezagutzen ditut soilki. Eta... azaltzen al du gure Euskerak bere burua saio hauetan? Abeslariak-eta gure herrikoak ditugu:
Eibar, Tolosa, Mondragoe, Donostia... Ba ote dago inor hortaz kezkatzen dana? Ezetz egingo nuke.
Konkursu hauek Barzelonan izan balira, batere dudik gabe talde askok katalanez jardungo zukean. Hemengoak ordea, Eibarko izanik, berdin-berdin madridetarrak izan zitezkean edo Torrejón del Medio-koak.
Denak nahi dute personalidade berezi bat izatea: ilea luxe, jantzi beltzak, deadar, marru ta arrantzak izugarriak, edo dena dala. Halere ahaztu dute bere jatorrizko ezaugarririk sakonena, bereziena: bertako hizkuntza.
Negozioetako, ikaskintzarako oztopo bat izan liteke gaur egun euskera erabiltzea, ez baita oraindik eginkizun hauetarako egokitua izan. Bitarte hontan itxoin hehar dugu eta landu. Baina arrazoi honek ez du balio kantuei buruz. Euskera, frantsesa eta espainola baino gehiago da kantu-letrak tajutzeko ta itzultzeko, maleableago, errekursu ta abiabide ugariagoko. Horretxegatik dugu gure herrian bersolaritza-gertaera. Alboko hizkuntzak lotuago ta gogorragoak dire alde hontatik. Oiartzungo Lekuonatarrak oso ejenplu bikaina eman digute zer dan kantu modernu bat euskeratzea agirian jarriaz. Badugu ezin konta ahala konjuntu, abeslari, konpositore ta armonizadore. Zeren zai gagoz, ba? Joera honen ondorengo onurakorrak asko lirake, gazteen artean batez ere. Nola eskatu lekioke, bestela, esate baterako, neska bati kabaret batean "Boga-Boga" edo "Anteron txamarrotia" kanta ditzala? Neu izango nintzake lehenengoa harrika hasteko.
Zergatik ez Concurso de artistas noveles hortantxe beste sari bat itsatsi euskeraz dihardutenentzako? CINSAkoak ere, nik uste, betehehar hau gogoan hartu behar dute. Oso polita ta majestuoso dira hogei abotsetako kantak, baina euskeraren bizitzarako hori edo Sancho Panza-n abarkak berdin da. Ea ba, hemengo «chansonnier» gazte ta yayo honiek!! Lotsa pittin bat izan eta ingleseraz kantatu baino lehen etxekoa hedatu. Denok irabaziko dugu.
Juan Antonio Letamendia, 1965