1965eko hemeroteka

Tarzan: Zinema batek erakusten duena

Lehengo egunean zinera joan nintzen nere herrian eta Tarzanen pelikula bat ikustea tokatu zitzaidan. Beltzak gaiztoak, mokoloak, itsusiak eta astokiloak bezala azaltzen ziren. Zuriak berriz onak eta gainontzeko bertute guztiak zituztelarik. Beltzen laguna zen zuria, traidorea, gaiztoa eta itsua zen. Ta pelikula hori "apta para todos los públicos" zela pentsatzea ere! Badirudi topiko bat bihurtu arren, eleiztarren artean hamar aginduetatik seigarrena bakarrik dela inportanteena. Askotan hori pentsa erazten dute zinema kalifikazio horiek.

Benetan mingarria dela zurien, okzidenteko zurien orimenik ez! Hori zen Los Angelesen gertatu direnen berri egunerokoetan irakurtzen nituenean. Eta oraindik ere harritzekoa da Ipar Amerikako agintari gehienak gertakizun horien sustraian "organizatutako" subersio bat ikusi nahi izatea. Hori bai dela gertakizuna ezertxo ere ez ulertzea. Badirudi amerikanoak maniako hutsak bihurtzen ari direla. Lehenago beste batzuek nonahi masoiak eta judioak ikusten zituzten bezela orain amerikanoak nonahi komunistak ikusten dituzte.

Ahaztuta ote dituzte zuriak Amerikan egindako genozidio guztiak? Far-West-eko makina bat pelikuletan indio guztien gaiztakeria handia sinistu erazi digute. Bainan badirudi historia bestalde dela.

Zuriak, okzidenteko zuriak bereganatu dituzten lurraldeetan, bertan ziren lehengoak hil ez baldin badituzte zeharo okzidentalizatu nahi izan dituzte. Bainan zorionez badirudi hau ez dela oso-osorik gertatu. Hego Amerikako alderdi gehienetan gobernu gehienak gerrilarien prolema daukate. Alderdi hoietan erreboluziozale, gerrilari gehienak indioak dira. Oraindikan okzidentalizatu gabeko indioak. Estadu haietan bizi diren zuriei arrazoi guztierekin lapurrak deitzeko eskubidea dutenak. Eta beharrezkoa izandu da erreboluzio bat irixtea politikoak indio horiei bere hizkuntzan hitzegiten asteko. Orain arte horrelako zerbait Eleizak bakarrik egin zuen ta gainera toki butzuetan bakarrik.

Harritzekoa da gure ideien zuzentasuna. Beltzak eta guk esplotatu ditugun gainontzekoak azkenean bere bizi-ezinak lehertu dituelako eta pillajea egin dutelako, biolentzira jo dutelako: ez zen hori bidea esaten hasten gera. Guk nahi duguna egin ondorenean pazientzia besteei predikatzen hasten gera. Bide horren bitartez ez dela ezertxo ere lortuko, beltzak ez dutela Ipar-amerikan ezer lortuko.

Gutxienean fariseoak ez gaitezen izan. Hori pentsatzen baldin badugu gauzei beren izenez deitu behar diegu. Hau da esan behar duguna: Guk ezarritako desordena sakratua da noizean behin justiziaren apar batzuek emango dizkitzutegu txintxoak izaten baldin bazarate. Gora realismoa: gu ondo bizi gera zuek izorratu zaitezte. Amen.

Rikardo Arregi, Zeruko Argia, 1965

Gure Mendea