1965eko hemeroteka

Laño artean

Lotsagarria da, irakurle maiteok, mundu goibela eta alaitasunik gabeko hontan, olertia eta olerkariak hain gutxi estimatuak izatea.

Ni ez naiz poeta, matematikoa baizik, bainan gaurko jendeek olertiari baino zientziari estima handiagoz begiratzen diotela esan behar dut.

"Poetak, besterik ez, poetak zarete zuek" esaten zigun, apalondo eder batean, euskal lanetan ibiltzen garenoi, oso nire adixkide den injinadore batek. Eta "poetak", hori erabiltzean, berak bere erdeinua eta mezprezua ezin ezkutatu zezakeen. Gero, bere pentsaera osatzeko, "oinak lurrean ondo ezarriak izan behar ditugu gizonok" jarraitzen zuen.

Bai noski! Ez estutu, oinak ezezik, gorputz osoa lurpean ezarriko digute behintzat ustekabe batean!

Baina olertia eta olerkarien gainean zer iritzia dauka gaurko jendeak?

Askorentzat poesia lilura eta amets hutsa da. Gure bizimodu hontan garaitzeko, alegia, dirua irabazteko, munduko atseginak gozatzeko, gizon-emakumeak bereganatzeko eta ahalmena iristeko, poesiak balio ez duela esan ohi dute gehienek. Joko alfertzat jotzen dute.

Giza eginkizunak alde batean ipintzen baditugu, poesia beste aldean jarri behar dela diote, tresna edo ume-jostailu izango litzakeen bezala. Irudimenezko usteak, zoroen asmaketak eta txakurraren ametsak besterik ez dira olerkarien etsaiek diotenez.

Askok olertia eta bertsoa nahasten dute. Beste askok olertia eta sentimentalismoa bat direlako ustean daude.

Noiz adieraziko diegu poesia gauza serioa eta benetako dela eta gure Gandiaga, Aresti eta hamaika horrelakoak, lan ederra eta baliotsua egiten dutela? Errealitatearen egitura ez da, batzuek pentsatzen duten bezala, geometria tankerakoa, baizik, nik sinesten dudanez, olerti itxurazkoa.

Bai jaunak, poesiak egiazko ezagutza bat --batzutan ere garrantziarik handienetakoa-- ematen digu errealitatearen gainean, baina inondik ezin atera dezakeguna.

Arrazoia gauza handia da, zalantzarik gabe, baina, jaun horiek, Hegel-en mundua, arrazoiaz guztiz maniatutakoa, ez da gure mundua, deabru guztien mundu bat baizik.

Olertia biziaren muina da.

Olertia da, minak eta atseginak eta dena itzaltzen zaigunean, gauza bakarra gelditzen zaiguna laino artean.

Carlos Santamaria, Zeruko Argia, 1964ko urtarrila

Gure Mendea