1965eko
hemeroteka
Emakumeak eta euskera
Aspaldiko negarra da Euskalerrian, "Emakumeak galdu digutela euskera'. Guziok «Ni pekataria' baino errezago ikasten degu 'Zu pekataria'» esaten, eta emakumeekiko maixiaketa ori zabaldua dago gure errietan.
Ala ere, alde batzuetatik begiratuta, aitortu bearrean gaude, emakumeak kalte andia egin diela gure izkuntzari beren jokaerarekin. Edozein erritan, euskera moteltzen asten bada, emakumeak izan dira aurrena, erdera ederragotzat jo eta euskera baztertzen asi direnak.
Etxean amak du seme-alaben ardura aurrena, ta aita lanean dan bitartean, ama gelditzen da etxean txikiekin. Amak gure izkuntza baztertzen badu, ume gaixoak galduak dira euskerarentzako. Etxean ezezik, nexkak izaten dira umezai ibili oi diranak. Beraz, nexkak euskera zokoratzen badute, umeok erdaldunduta ditugu bereala.
Konbentuetan, berriz, esan bearrik ez. Ta ez dezagun erru guzia mojen bizkar bota. Moja koittau askok ez dute beren irizpiderik, inguruan dabilzkien aitorte ta prailleen burutik pentsatzen dute ta askotan auei dagokie mojen ikastetxetako erruen erantzupidea. Baina andik edo emendik dala, mojen konbentu ta ikastetxetan, gure euskerak bere ilobia arkitu izan du.
Utsa Elizak itzegin ezpalu. Azkenengo urte auetan Juan XXIII.aren itzak batez ere, zeatz eta garbiak izan dira: «erri txikietako izkuntza, oiturak eta bereizitasunak indartzen laguntzea goragarri dala, ta gauza orien aurka jokatzea ez dala bidezkoa».
Orregatik min biziagoa ematen digu, oraindik gure errietako moja-etxe geienetako jokaera, onen itxu ikusteak. Prailleetan badituzu jator euskera lantzen dutenak. Praille-etxe zenbaitetan. ikasle gazteak euskera poliki darabilte eta aldizkariak euskeraz atera ere, egin digute. Baina mojetan... ezta "deskuidoz" ere.
Egia da, Mondragoiko mojatxo batek poztu gaituala, beren etxean euskal ikastola jarri dutela adieraziaz. Ezta gutxi aide astun ontan. Txalotzekoa da benetan komentu banako batzuen aalegintxoa.
Ala geunden negarrez, emakumeak buruan txoriak besterik ez dituztela, esanaz. Eta ontan, egundoko poza izan degu. Entzuna genduan Urnietako nexka bat kitarra eskuetan artu ta euskal kanta berriak asmatzen eta abesten asia zala.
Etzan makala berria! Nexka gaxte bat euskeraz kanta berriak asmatzen eta erriz erri kantatzen? Bejandaiola! Ta bereala asi ginen nexka orren ondoren. Berari entzuteko aukerarik izango ote genduan?... Gure aleginak saririk ederrena izan zuten alako batean txori kantari ori aurrean jarri zitzaigunean.
Exeri zan bere kitarrarekin eta berez bezela, ezer bere burua beartu gabe asi zan gure txoria abesten. Alakorik! Txundituta gelditu ginan doinu berri aiek entzunda. Azkenengo aldiz, Zarautzen entzun genion, Euskal Irratsaioak ematen dituztenei egin zitzaien omenaldian.
Nolako ederki jantzi zuan omenaldi ura bere kanta-saioarekin! Esan bearra degu, nexkarekin batera, mediku gaxte ta mutil jator batek ere kanta zaarrei eraso ziela. Onek ere bere jarduna zoragarri bete zuan. Baina guretzat pozgarriena, nexka kantaria sortzea izan da.
Noizbait, ala ere, nexka onen ikasbidea ikasiko ote dute gure emakumeak? Ai, onelako bat! Gure euskera "modan" sartzen badegu, egina degu gure izkuntzaren bidea.
Zeruko Argia-ko editoriala, 1965-IX-19