1965eko hemeroteka

Nire Bihotzetik

Gaurko euskal poesia

Askotan defenditu dut Lizardi. Niretzat ez da Euskal Herrian hura bezalako poetarik egon. Harekin bakarrik konparatuko genuke Santa Agedako koplak (Ez bertsoak) konposatu zituen neurtitzlaria. Baina konparazio hori (orain proposatzen dudan hau) oso gauza gaitza izanen litzake, Lizardiren poetatza barreneko mamia gozoan baitatza, eta Santa Agedako koplariarena kanpoko azal koloretsuan. Lizardi, gure zoritxarrez, ez zen estilo baten jabea izan; haren estilo berezia, aitortu behar dugu, horixe izan baitzen, estilo-falta agiri bat. Eta gure bigarren poeta seinalatuak estiloan dauka bere birtuterik gailena. Jarri ditzagun aurrez aurre, eta itsurik ez dagoenak argi ikusiko du:

LIZARDI
Nola den iluna
Bera-behar hau
Nik ez dut eguna
Bihurtzerik gau.

SANTA AGEDA
Eder elizan liburu
Usoak haren inguru
Etxe hontako
txiki-handiak
Paradisuan aingeru.

Nire iritzian hauxe da Lizardiren poesiaren bekatu bakarra: Formaren anarkia, estiloaren desberdintasuna. Lizardik eskola bat fundatu zuen: Horri lizarditasuna deitzen zalo; eta ez bakarrik poesian. Gerraurretik gerrondora iraun zuten idazleakan Lizardiren zigilua ikusten dugu. Lehendabiziko Lizardi-saria eman zenean (Orixeri eman zitzaion, eta ni mindua geratu nintzen, Orixek jueza izan behar zuelako, eta ez parte), premio hura lizarditasunez eman zen, eta Lizardiren espirituaz (edo gorputz herbailaz) kutsaturik ez geundenak, alde batera geratu ginen.

Lizardiren eskola, nagusi da gaurko euskal poesian. Gerraurretik gerrondorako poeta gehienak eskola horretakoak dira. Gogora etortzen zaizkit orain holako izenak: Joakin Zaitegi, Santiago Onaindia, Nemesio Etxaniz, Salbatore Mitxelena, Fernando Artola, Bingen Ametzaga eta gainerako lizarditarrak. Guzti hoek maisuaren pausoetan abiatu dira; bakoitzak bere zera eman du, nire uste apalean ez dute pittinik ere gehitu. Lizarditasuna ur-lo mantso bat da Lizardi hil zenetik hogeitamar urtera.

Zorionez frutu berriak eman ditu Lizardiren arbolak, eta frutu hoietatik zilegiztatzen da eskola horren izaera; bi bizkaitar dira.

Bitoriano Gandiaga eta Antonio Bilbao-Monasterio. Orain biak txit sariztatuak dira, baina hemendik hogoi urtera, ez dakit nik zertan geratuko den hoien poetatza, baldin eta eskola berrietara aldatzen ez badira.

Lizardiren eskolarekin elkar ikusi handia dadukate beste bi eskolok, (nire iritzian eskola bezala, esanen nuke), bide hilean daudela: Orixerena (Aranalde, Gaztelu, Dorronsoro eta iazko euskal jai donostiarretan saria irabazi zuen bat), eta Lauaxetarena (Arrue-Apraiz, Joane Aingeru Etxebarria, Sabin Muniategi, Paulino Sorozabal). Hiru eskola hauek batera junta litezke, eta hiruren batasunari nik Aitzolen eskola deituko nioke. Eskola batu honen zertasunik nabarienak hauek dira (Hitz bitan): Zaharkitasuna (obsoletasuna: erromantikotasun berantetik sinbolismora pausoan geratu ziren), estiloaren anarkia eta herriaren poesiari edukirikako arbuioan. Eta gure gaurko euskal poesia gelditasun horretan geratuko zen Bidasoaz harunzko airerik etorri ez balitz guregana. Ezerekin lokarririk eduki gabe, erraldoi bi sortu ziren bertako zubero-nafarroretan: Xabier Ihartza eta Joane Mirande. Hauek biok zerotik hasten dira, ez dadukate aurreneko euskal poetekin zorrik. Mirandek (poeta bezala) Lizardi ekartzen dit gogora, batez ere bere denborako kezkek eta influentziek astindurik dagoelako, eta Lizardi baino zabalduago da munduko aireetara. Ihartzaren lana berriz, isilagoa da; bizi den lurrean hartzen du oina, bere herriaren berezitasunean anparatzen da, eta poesia zahar baten durundio herritarra darama kultur-literatura baten izimentarrietara.

Poeta bi horien batasunetik (bakoitza bere aldetik ibili arren), sortu da gaurko euskal poesiaren olatu berria. Eskola berri bat fundatu da euskal poesian (zahar askok olatu berria deitu digute), nik eskola modernoa deituko niokeena, edo herritasun mundutarrarena izendatuko nukeena. Joane San Martin euskaltzain eibartarrak esan didanez, Auñamendi liburu-sortan poesi-bilduma bat argitaratuko da, lau euskaldun poeta gazteren lanekin. Nireakin batera, Otsalar, Josepe Azurmendi eta Mikel Lasa joanen dira. Baina honek ez du esan nahi, gu laurok hoberenak geranik, ezpada zarata gehien atera dogunok.

Dena dela, (eta eskolen arteko eztabaida alde batera utzirik), iruditzen zait niri, gaurko euskal poesia gerraurreko gradu gailena alkantzatzen hasi dela. Euskeraren onerako.

Euskal Herriaren zerbitzurako.

GABRIEL ARESTI, Zeruko Argia, 65-I-24

Gure Mendea