1963ko
hemeroteka
Galderak eta kontrasteak
Horra, gu gazteok ere gure Herriaren zabarkeria bultza nahian. Nora ? Zertara? Nonbaitera. Zerbaitera. Zerbait berri ta bizkorragora. Eraberritzeko gosez gaude.
Halako existentzialismo-kutsuz eraginda zerbait latz eta ernegarriak tiratzen gaitu, eta ez dugu eraman nahi hala-hala gure Herriaren zaharkeria.
Arnas eta kutsu gazteak nahi ditugu, gogo eta eginkizun berrituak opa ditugu, hitz batean, Euskal Herri gazte eta gordinago bat nahi dugu. Halako Euskal Herri bizkor, sendo eta modernoa. Ez nolanahikoa. Ez sinplekeria eta kultura huskeriaz ahitutako Euskal Herria...
Gazteok, gure zain eta odolaren antzera, bizipen eta zorna berria erantsi nahi diogu Euskal Herriari, gure gurasoak euskaldun eman ziguten Euskal Herri hari.
Eta gaurkora tajutze honek, modernizatze honek eskari asko daramazki berarekin; eta gu gazteok --lehengoak ez-hainbatean-- eskari hauetara erratzera beharturik aurkitzen gara gordin segi nahi badugu.
Bai, kultura, folklore, zineratze, hizkuntza, pentsakera eta katolizismo giharragoak opa ditugu. Hau da, gure arnas eta antsi modernuetara egokitzen diren ernaberritasunak, gure orduari harrera egiten dioten tajutzeak.
Amorrua diogu gure sinplekeriari (Ez dago hau bakarrik Euskal Herrian), gure bederatziurren edo nobenatako euskara motelari, gure kulturazale batzuen sasi-baserrikeria ustelari.
Gure Euskal Herriak ba al du arnas gazterik oraingo kulturan? Euskarak --dagonez-- merezi al du bizitzea? Edota ba al dauka hainbat gazte eta handientzat esanahirik gaurko gizarte modernoan?
Horra gure galdera, horra gure kezkaren azalpen batzuk.
Gu zerbait berri, zerbait ernagarriagoren bila gabiltza. Ez ordea snobismo edo berrizalakeria hutsez, bizi nahi dugulako. Berrogei urtez edo atzeratutako Euskal Herri batez (kulturan behintzat) ez gara salbatuko heriotzetik.
Guri ez digu hainbat esaten euskara hau eta hura dela adieraztea, edota hainbat urtekoa dela, edo han eta hemen, Sorbonan, Salamancan edo Tokion erakusten dela jakitea guk gure betartean Euskal Herriaren sabelean geroz eta gehiago ahitutzen eta ahultzen doala sumatzen badugu. Honek egiten digu min, honek kezkatzen gaitu
Kezka dugu bai --gazte batzuk behinik behin-- gure gaurko Euskal Herriaz. Gure errespontsabilitatearen haztuna daramagu bizkarpean. Heriotzarekin jokatzeko beldur gara.
Gu gaztaro geranez segibide edo idealen egarria dugu, eta min damaigu gure aurrean herriko hainbat balio itzaltzen edo ahultzen ikusteak. Eta hau gaztaro eta euskaldun gazte geranez.
Bainan... beste galdera mingarri eta ilogiko bat: ea, euskaldun gazte guztiok Herriaren kultura-balioen --ta batez ere euskararen-- heriotz-kezkarik al dugun? Urratzen al ditu gure hainbat gazte gure kultura-balioen galerak? Gure nonahiko ta batez ere Bilbo, Iruñea, Barakaldo edo Tolosako gazteak kezkatzen al dira benetan gure lehengo balioa --hau da euskara-- herio-larrian sumatzean? Ba al dakite guri --baten batzueri behintzat-- halako herio-gura edo ondoeza damaigula Donostiako Getari kalean edo Iruñeko Carlos III kaletik pasatzen, edota gure Lurreko jolastoki, zine eta saltokietan gurea ez den hizkuntza entzutea?
Horra, irakurle hemen hala-hala ipintzen dizkizudan galdera batzuk. Pentsatu eta ausnartu problema hau. Gaztediari dagokio Herriaren etormena gaztediak daramazki berekin gerokoaren uste onak. Errespontsabilitatea dugu gure gain. Baina kezka urragarri hau dugu, era gure euskaldun guztiak --bilbotar edo nunahiko erdi-erderatu horiek-- min ote duten hiltzea.
Guk ez baitugu uste euskaldunak beste kulturetan jorratzea, gurean jorratzea denik. Guk beldurra baitugu orain arteko euskal intelektual handienak bezala, hurrengoak ere auzokoaren sorora joango ote diran, etxekoa sasiz eta malkarrez utzirik. Zer? Ez al digu ezer esaten munduan ospetsuen ditugun euskaldunak samaldan erderara jo dutela ikustea? Ez al digu tutik esaten Unamuno, Pio Baroja edo Zunzunegui bat guretik kanpo ibiltzea? Euskara horientzat antzu gelditu da; semeak beraien hizkuntza zapuzturik auzokoarena joan dira, eta etxean ama zahartuaren lotsa eta agorkeria geratu da.
Horra nire galderak. Horra gure kontrastea. Gazte zuk erantzun. Gazte zuk, bilbotar edo iruñar, edo irundar gazte zerorrek erantzun. Edota kalean edo institutuan edo trolebusean euskaraz jarduteko lotsa duzun neska gazte, zuk ere erantzun.
Guk gurean gordin eta bizidun segi nahi badugu, beste jokaera benetakoetara jo beharrean gaude, eta laisterrean gainera. Eta hortarako autokritikak asko lagunduko digu herdoila kentzen.
Luis Muxika, 1963ko uztailak 14