1963ko hemeroteka

Unamuno ala Loroño

1963ko uda aldera eztabaida batek hainbat orri bete zituen prentsan. Bilboko herriak monumentua Jesus Loroñori jarri behar ote zion ala Unamunori:

Berriz ere Unamuno eta Loroñori buruz

(...) Unamunok mundu guztian berarekin duen itzalari jaramonik egiteke, bere izenarentzat monumentu baten eskariari buruz eztabaidaka dabiltzaten artean, erdipurdiko esportman (erdipurdikoa diot bere egintzarik aipagarriena geografia ezagutzeke "Vuelta a España" bizikletan behin irabazi zuenagaitik; zentzunez eta jakintzaz Espainia ezagutu, maitasun eta goratu zuen Unamunorekin konparatze alde) dalakoari monumentua egitea bururatu, aipatu eta aurrera eraman, inork hitzik jaso gabe asmo tonto horri kontuak eskatzeko.(...)

Unamunoren kidekoak ziren JJ Rousseau eta H. Ibsen ere, gaizki ikusiak izan ziren beren herrietan, baina gaurko egunean monumentu bikainen jabe dira Geneva eta Skien. Bakarrik, haiekin hil baino lehen gogoratu ziren beren herriak, ta gu hil eta gero ere uxatzen ari gara gure filosofo nagusiena. Urteak alferrik joaten ote dira? Zibilizazioak ez al dio zorrik gehien kondairatik jaso duen jokabideen esperientziari? Ta guk geuk, ez al ditugu gure buruak zibilizatutzat? Orduan, zertan gabiltza? (...)

Juan San Martin


 

Unamuno ala Loroño lehenago

"Unamuno ala Loroño Nor ote da lehenago?" San Martin jaunak idatzitako artikuluaren gaia ez dela oraindik agortu uste dut.

Monumentu hori egitea galeraziko badabe ez zen izango Unamunoren jakituria ukatzen dabelako, nire ustez, haren erlijiñorik eza gaurko agintariak ontzat ezin emon dabelako baino.

Baina euskaldun herriak horretan ez dau euki zerikusirik.

Debeku horretaz ez ginela isildu behar? Hitz egin beharrekorik hori baino aurreragokorik badago bost!

Unamuno ta Loroñoren artean ez dago konparaziorik. Unamunori monumentua ukatzeak ez dau agintzen bera baino gitxiago diren gauzei ukatu behar jakonik. Loroñok monumentua merezi daben edo ez beste kontu bat da. Unamunorekin zerikusirik ez daukana.

Auzi honetan mintzatzean lagun batek honako hau esan eustan:

«Nik ez dakit txirrindulari batek monumenturik merezi daben, baina iñongo txirrindulariak monumenturik mereziko badau, besterik ez bada zurezkoa bada be merezi dau Loroñok, baina Unamunok Euskal Herrian ez dau merezi; hortik zehar, behar bada Japonen, egin daioela, gizon argi bateri lez, baina gure herrian ez, euskotar txar bat izan zelako».

Nik ez dut sekula Unamunoren ezer irakurri, nik beratzaz ez dakit ezer bestiak esandakoa ez bada. Ta beste honeik, euskalduntasunaren aurkakoa lez Unamuno ipini izan dauste.

(...) Unamuno gizon argia izango zen kontixu, baina neuk be berari monumentua jasotzeko hogerleko bat ez nuke emango. Ez katoliko modura eta ez euskaldun modura.

Ta Unamuno eta Loroñotaz amaituta guazen aurrera.

Beste edozein filosofo edo gizon argiri monumentua ukatu eta deportista edo kiroltzale bati herriak jasoko baleutsa be inor ez daitela eskandalizatu.

Gu eta intelektualak be bizi daitezen, gazte gaztetatik lanari heldu beharra izaten dugun herriak kultura gizon eta konturik gitxi jakiten dogu eta jakiten ez den gauzarik ez da ezagutzen, eta ezagutzen ez denik ez da maitatzen.

Hori daneko kontua da. Herririk aurreratunetakuetan be, nire ustez, hobeto ikusten da sportman entzutetsu bat jakituri askoko beste gizon bat baino.

Hau ez dagoela ondo neuk be esaten dot. Flemingen orduan munduan izan ziren sportman guztiak batera be ez dira ezer.

Baina baita be egia jakitura hutsa ez dela ezer, jakituri hori gizandiaren onerako izan ez bada.

Hainbeste aldezlari sutsu daukazan Unamunoren irakatsiak bati baino gehiagori on egingo eutsen kontixu.

Kaminazpi

Gure Mendea