1963ko
hemeroteka
Eguneko Hiru Arazoak
Gaurko munduan hiru eginkizun nagusi agertzen zaizkigu: desarmatzea, ONU edo egitura internazionalen bat sendotzea eta herri guzien arteko merkatuak antolatzea.
Hiru kondizio horiek beharrekoak ditugu ondorengo belaunaldientzat pakea eta lasaitasuna irixteko.
Ginebran armamentua gutxitzeko aspalditik eztabaida handiak ari baldin badira ere, ezta oraindik batere aurrerapenik egin.
Izan ere, gure aroan istiluak garesti baino garestiago dira eta haien eskuartzeak gastu ikaragarri eta eraman ezinak dakarzki herrien gain.
Frantziak, adibidez, hiru Q-252 deritzon urpeko ontziengatik -hogeita bost mila milioi peseta ordainduko ditu. Honelako zamak herrietan bi edo hiru haundienetakoak bakarrik eraman ditzake. Zer egingo dute gainerakoek? Nork eta nola jarraitu lehiaketa horri?
Bigarren arazoa da herrietako antolamendu sendo eta indartsu bat lortzea.
Antzinako "Société des Nations" baino gaurko ONU altsuago da noski. Azkeneko gertakarietan nabari izan da hori. Bainan ez dala nahiko indartsu iruditzen ziagu, hala ere.
Guda arriskua baztertzeko legezko erabide bat, alegia, guztietaz jabetu diteke Herri-Elkarte bat behar-beharrezko da.
Azkenez, aberastu ta hazi-gabeko herrien arteko salerosketan gaurko merkatuen eta prezioen politika baino neurridun hobea ezarri beharko da.
Orain erabiltzen den jokabidean lurgintzako herriak hondatzen ari dira herri industridunen mesedetan. Etzaie egoki haiei herri aberatsenak diru-laguntzak ematea, beste aldetik ez badiete bere produziori bidezko preziorik ordaintzen. Horrelako tratuan kaltez aterako direlako ziurki.
Mundu guztian edo lurralde handi batzuetan behintzat antolamendu kolektiboak egin behar dira produkzioa apaintzeko eta banatzeko.
Herrien zuzendariak bide hiru horiei jo ezkero guztiak batean, etorkizuna ez litzateke hain beltza izango.
Basaka, Zeruko Argia, 1963-III-10