1963ko
hemeroteka
Basarri Bertsolariari
ZERUKO ARGIA astekariaren zuzendari jaunari errespeto guztiekin eta Basarri bertsolariari edo Eizmendi jaunari errespeto eta giza lege guztiarekin, nik orain, Gabriel Aresti poeta txar honek esan nahi diet; azken aspaldi honetan aurrenak argitaratu dituela besteak eskribitu dituen artikulu batzuk, niri gustatzen etzaizkidanak. Oraindik gehiago, nik uste dut, nire iritzi apal, leial eta zintzoa da, artikulu horiek euskal literaturaren kaltean datortzala.
Basarrik gauza askoren gainean hitzegin du, eta nik erantzun labur batean ezin eman dezaieket guztieri arrapostua. Artikulu labur honetan gauza bakar bat esan dezaioket Basarriri, bertsolariak ere poetak direla, poeta baserritarrak, (nire lagun on batek dio bertsolariak direla egiazko poeta sozial bakarrak), eskolarik gabeko poetak, baina nire iritzian euskaldun poetarik hoberenak, olerkari guztiak baino hobeak. Eta ni "olerkaria" naiz, Loramendi eta Orixe olerti-premioak eman baitizkidate.
Azken artikulu batean dio Eizmendi jaunak, gipuzkoar bertsolari batek bertso bati GAZTELUA, TENTELUA, TXORIMALUA, ERREGALUA, TALUA, ALUA, ERREZELUA, LUA, (eta PALUA, diot nik), egotziko bazizkion, zazpi puntu pilatuko zituela (edo bederatzi puntuko bertso txiki bat tajutuko zuela), baina bertsoari etzion giharrik eta sustantziarik emango. Hainbeste eztakigu. Pilatu besterik ezpalitu eginen, konforme, baina batzuek behin esan zuten Gaudik harriak pilatu besterik etzituela egiten, eta hala ere hor dago Familia Santuaren basilika.
Euskal poesian eta gaztelania poesian geratu ezkarenak, badaukagu erbestearen berria. Orain Verlainen bertso batez gogoratzen naiz:
Les sanglots longs
des violons
de l'automne
blessent mon coeur
d'une langueur
monotone.
Bertso hau guztiz lotzen zaio puntuari. Gehiegi aberastutzen du bertso honetan Verlainek puntua. Baina hala ere (edo behar bada horregatik) inoiz ezta inon halako bertsorik eskribitu.
Nik eztut Basarri gorrotatzen, baina uste dut "enplio txar batean dala metitu". Olerkaria naiz; euskeraz mintzatzeko erraztasunik ezpaitaukat, bertsolaria ez naiz. Baina Basarrik diona legezkoa eztela uste dut. ZERUKO ARGIA astekariaren zuzendari jaunak bere paperean leku gehiago eskeintzen badit, nire gaurko esan hau probatuko dut. Eizmendi jauna nirekin horregatik hasarratzen ezpada, alegia.
Gabriel ARESTI, Zeruko Argia, 1963-XI-17
Nire bordatxotik: Gabriel Aresti jaunari
Bertsolariak ere poetak direla dio Gabriel Arestik. Badu goraipamenik asko bertsolarientzat; goi gailurrean jartzen ditu. Jorge Oteizak "Quosque tandem" liburu sonatuan bezalatsu. (...)
Zure iritzia ematea libre duzu, eta halaxe egiten duzu zuk. Hamaikatxok, horratik, esango zuten beren baitarako:
-Zer dio, ordea, Gabriel Arestik?
Ez ziren alperrik ahalegindu Lizardi bat, Orixe bat, Loramendi, Emeterio Arrese, Jauregi, Jakakortarena, Loidi etab.
Haiek erabili zuten euskara eta bertso moldatzeko tankera ez zaizkizula gogozko esatea barkagarri da, baina, haien lanetan herri bertsolarien bertsotan baino poesi gutxiago dagoela esatea, ilargiak eguzkiak baino argi gehiago duela esatea bezala da. Bertsolariak olerkari guztiak baino hobeak baitira, poesi gehiago dutelako da, noski.
Hau guztia bertsolari batek esaten dizu eta ez poeta batek, zure ustez bertsolariak poetarik onenak badira ere. Bertsolaria herrian sartuago dagoela; euskararentzat, gaur bezala, onurakorrago izan daitekeela. Hau eta holatsuko beste mila argumentu erabil litezke, baina poetarik onenak bertsolariak direla ez daiteke esan inolako moduz. Arrantzalerik onenak mineroak direla esatea hainakoa da hori.
Gure artikuluak euskal literaturaren kaltean datozela idatzi duzu baita ere.
Bejondeizula! Zuk atera dituzu babak lapikotik! Betoz ugari eta ordu onean, euskal literaturaren onerako izango diren Gabriel Arestiren artikulu gihartsuak. Gauden ixil eta mutu kaltea egiten ari garenok. Hemengo bertsolariok puntu legera lotuegi gaudela esatea, euskal literaturaren kaltegarri beraz.
Sekula holakorik!
Bertsolari batek, edo bertsolari izenek batek iritzi hori ematea, hondamendi gogorrak ekarri behar dituen zerbait da, Gabriel Arestirentzat.
Eta bera lasai gelditzen da orain arteko euskal olerkari denak aintzakoz ez hartuz eta baserritar bertsolarien azpitik daudela esanez.
Bertsoak tajutzen egon daitezke azpitik baina ez poesia erabiltzen. Bertso askotan oso poesia gutxi egon daiteke, eta bertso gutxitan poesia asko ere bai.
Hala ikusi izan dugu guk, eta hala ikusi izan dute munduko hizkuntz guztietako literaturetan. Behar bada, Gabriel Aresti bakarrik dugu hau aitortu nahi ez duena eta iritzi berezi bat daukana.
Epaiak ematen ez zara makala, adiskide.
Verlaineren bertso bat agertu zenigun eta "inork eta inon holako bertsorik ez duela eskribitu" zenion. Munduan idatzi diren bertso denak banaka-banaka aztertzen badituzu, baten bat aurkituko duzu maila horretakoa. Ta... Verlaine gogozko zaigularik.
Beldur zara Basarri "enplio txar batean ote den metitu".
Egin duen pekatua, bertsolari artean puntu-legea pixka bat lasaitzea komeni litzakela esatea izan da. Neurri batean gehiegikeririk gabe.
Gu estutxo bezala beste batzuk lasaiegi dabiltzala esatea.
Zuk kaltegarri izango litzakela diozuna guztiz mesedegarri gendukeela uste dugu guk.
Hontan ez daukagu biok ondo uztartzerik. Zu zurearekin eta gu gurearekin geldituko gara.
Haserretuko garen beldurragatik, eman zenitzake zure arrazoibideak; guk gure aldetik emango ditugu gureak. Komeni den ala ez Zeruko Argiako zuzendari jaunak ikusiko du.
Ondo pentsatzen jarrita, xelebrea da gure arteko auzia. Bi "premio irabazitako poeta bat", bertsolariak bezalako poetarik ez dagoela esaten, eta inoiz poeta izan ez den eta izango ez den bertsolari apal bat, euskal poetak bere tokian jarri asmoz.
Gehiegizko itsumenak aurrerari garamatza askotan.
Gaurko gizon batzuentzat orain arte egindako guztiak ezer ez du balio. Lurra bota behar zaio estalgarri orain arteko guztiari. Xistima berri batzuk jarri behar dira martxan.
Legezko da ahal duenak ahal duena egitea, eta nahi baduzue, batek eraman bidea biderik onena dela uste iztea ere.
Baina jaunak! orain baino lehen ere izan dugu gizon bikainik Euskal Herrian eta euskal letren barrutian.
Bai idazleetan, poetetan eta bertsolarietan.
Haiek bide urratzaile izan ez bagenitu guk ez genuen gaur Zeruko Argiaren orrialderik belztuko.
Txapela erantziko dugu beti errespeturik handienez haien oroimenetan. Ugari behar genituzke Lizardi, Orixe, Azkue, Domingo Agirre, Elizanburu eta abarren pareko gizonak. Bakan eta urri izaten ordea, zorigaitzez. Alde egin zuten gugandik. Haien lanak hemen gelditzen zaizkigu. Eta lan haiek gaurko zenbaitek hutsaren hurrengotzat dauzkan lan haiek euskaraz arnasik duen arterainoko guztian goi mailan egongo diren lanak dira. Bertsolariak goraltzeak eztezake mindu bertsolari bat. Eskerrik asko dio, alde horretatik.
Borondaterik onenez arita, euskal literaturaren kaltetan ari dela entzuteak horrek ez dio grazi gehiegi egin.
Eizmenditar Iñaki, Zeruko Argia, 1963-XI-24
Nire oficinatik: Basarri bertsolariari
Eizmendi jaunaren pluma oso ugaria da, bere bertso-jarioa beste, noski. Baina halere, kasik haren artikulu eta bertso guztiak irakurri ditut (euskaraz irakurtzen ikasi nuenetik, behintzat).
Beraz, bertsolaritzaren gainean Zeruko Argian jasotakoak, puntatik ondoraino irakurri nituen, eta uste dut, orduan bezala orain ere, euskal literaturan kaltean datortzala. Hala uste dut, eta Basarri mindu da. Eta eztauka zergatik mindu. Nik hori nire borondate on guztiarekin esan dut, eta gerotxuago probatuko dut, arrazoiekin gainera. Niretzat arrazoi horiek, pisuzkoak dira, funtsezkoak. Basarrik bestela erizten badu, gezurrezkoak direla proba dezala, eta ni ez naiz minduko, nire errakuntza aitortuko dut, eta nire borondate on guztiak eskainiko diot, euskararen onerako. Gizonak honela portatzen dira. Lapikotik babak atera ditudala esatea ez da arrazoizkoa.
Nik karta bat bidali nien Basarriri eta Zeruko Argiaren zuzendariari. Honek argitaratu egin zuen. Karta haretan lekua eskatzen nion, nire arrazoiak emateko, eta leku hori niretzat zen ala ez, orain bost egun arte baizik ez nuen jakin. Lau egun horietan nire lana preparatu dut, nik ez baitaukat Basarriren ugaritasunik.
Nire artikulua gerturik neukan: Zeruko Argiaren 40. zenbakia jaso dudanean, eta nire harritzapena ez da txikia izan, Basarri jaunaren niri zuzendutako karta bat ikusi dudanean. Bai, franko harritu naiz, Basarrik ez baitzeukan niri esateko ezer, oraindik. Oraindik nire arrazoirik entzun ez zuelako. Nik ez nuke holakorik egingo.
Basarrik, zuzenean, gauza gutxi esaten dit, bakarrik lapiko eta babarena eta holako batzuk. Pazientzia hartzen dut eta ez naiz mintzen.
Baina okerrean gauza asko esaten dit. Bestela zertarako dio ...gaurko gizon batzuentzat... xixtima berri batzuk jarri behar direla martxan, ezpada ni horietako bat naizela pentsatzen duelako? Baina... zuzen dago, hala da, oietako bat naiz. Eta horietako bi dira Joane XXIII eta Paulo VI Aita Santuak ere. Xixtima batzuk, berriak; jarri behar dira martxan, hori nahi dut, bai. Eta ez dakizu zergatik? Nire haurtzaroan ukatu zitzaidan guztia, ez dudalako nahi nire alabei inork uka dezaiela. Nik sufritu nuen gosea, ez dudalako nahi nire alabek sufri dezatela.
Beste bat: Zergatik esaten dit Basarri jaunak ugari behar genituzkeela Lizardi, Orixe, Azkue, D. Agirre eta abarren pareko gizonak? Pentsatzen du, akaso, ni txekista bat naizela, guzti horrek jaio zirenean nire eskuekin hilko nituela? Gainera, paretasun gutxi ikusten dut Elizanburu eta Azkueren artean.
Beste bat: ...haien (gerraurreko olerkarien) lanetan eguzkiak herri-bertsolarien bertsotan baino poesia gutxiago dagoela esanda, ilargiak baino argi gehiago duela esatea bezala da. Baina, gauean, gauerdiko hamabietan ilargiak eguzkiak baino argi gehiago du. Ezta Basarri konturatu? Baina gehiago esango dut: Herri-bertsolari bat dago, guzti horiek baino hobea. Nor? Bilintx. Bai. Bilintx. Eta oraindik gehiago: Bilintx, bere denboran mezprezatua izan zen. Baina gaur egunean ona izan zela ikusten dugu. Bilintxek Becquer ematen zuen euskaraz; hura zen poeta, bai Becquer, eta ez gure bertsolari itsusia. Baina Bilintx Becquer baino poetagoa da. Rosalia Castrok ejenplutzat hartzen zuen Anton o dos Cantares, gure Trueba. Pentsa ezazu! Trueba Rosaliaren ejenplua!
Bai, Basarri, poesiaren sentidua aldatu egin da, eta ez dirudi zu konturatu zarenik. Txirritaren eskola mezprezatzen duzu, eta bertatik aldaratzen zara. Olerkariengana jo duzu, eta horiek ez daukate zuri ezer erakusteko. Trukean ez duzu ezer irabazi. Baina etorkizunak juzkatuko du.
Baina hau ez da nire azalpen osoa. Nire lerro hauek eskribitu baino lehen, preparatua neukan. Honekin batera doa, hemen segituan, eta lehen neukan bezala doa, ezer aldatu gabe.
Errespeto guztiekin eskribitzen dizut eta ez dizut mindu nahi. Zuk berriz, ni mindu nahi izan nauzu. Bestela zertarako atera zenituen babak lapikotik? (Zure esana da, ez nirea).
Gainera nire azalpen hau osorik agertu arte, niri erantzuteko eskubiderik ez dizut ematen. Ez dakit artikulu hau zenbaki batean agertuko den. Baina zenbaki batzuetan agertzen bada (osorik ateratzeko prometitu dit Zeruko Argiaren zuzendari jaunak) mesedez, ez zaidazu erantzun azken hitz hauek agertu arte: Konpondu beharko du. Honela errespetatzen nauzula probatuko didazu. Bestela ni isilduko naiz eta arrazoia emango dizut. Baina zoroei ematen zaien arrazoia.
Bertsoak egiteko arterioa
Joan Etxeberri Sarako mediku jaun eta eskritore zaharrak, erderaz arte eta euskal gaiztoan erti esaten zaion horri esateko arterio hitza erabiltzen du guk ere, erdiko bide erraz batean ibiltzeko, hitz hori erabiliko dugu.
Lehengo artikulu batean gauza batzuk esaten nizkion Basarriri, eta espero dut horiekin gure bertsolari famatua mindu ez dela. Ez dugu Basarri mindu nahi.
Niretzat arterio ederretan formak moduak edertu behar dira, konparazio baterako, lehengo pintore zaharrak.
Erdiko Edadekoak figuratiboak izan ziren, baina perspektibaren sentidurik, ez zeukaten. Gaurko abstraktoek badaukate sentidu hori, baina figuratiboak ez diren ezkero, ez dira horregatik arduratzen. Zergatik? Pintura sentidu horretan pauso guztiak eman dituelako. Gaurkoak beste gauza askorengatik arduratzen dira: masen ekilibrioa, konposizioa eta abar. Badirudi formagatik arduratzen ez direla eta ez da egia. Bide berriak bilatzen dituzte, eta saiaketa zoro horietatik, gaurko arterio moderno guztia sortu da, Arantzazun Basilika berria, Bilbon kapitol zinemaren dekorazio dotorea eta gaur saltzera etorri zaizkidan Olivetti idazmakinaren azala. Nik uste dut artistaren aurreneko obligazioa hori dela, lehengo bide zaharrak hobetu, eta bide berriak bilatu. Bestela artistaren inspirazioa modu ezagunetan itoko da.
Hala gertatzen da bertsolaritzan ere. Bertsolari gutxi dagoen lekuan eta denboran, bertso kaxkarrak, exkaxak, (hau da txarki neurtuak eta puntu pobreetakoak) egiten dira. Hori da Frantziako Euskal Herriaren kasua. Han bospasei bertsolari daude bakarrik. Lehen Xalbadorrek eta Mattinek Basarrik eskatzen duen bezala egiten zituzten bertsoak. Orain Euskal Herri guztiko bertsolariekin nahasturik, hobeki egiten dituzte bertsoak. Topet Etxahun zaharra ere oso aldrebesa zen bertsoak egiten; zergatik? Bere mendean hura zelako Zuberoako bertsolari bakarra edo ia bakarra.
Bizkaian orain hamabost urte, bertsolari bi zeuden: Enbeita eta Sollubepe. Oso onak ziren biak, batez ere bigarrena. Niretzat Sollubeperen tamainako bertsolari gutxi egon da Euskal Herrian. Haren mingain zorrotzak santuak eta deabruak mugitzen zituen. Baina Basarrik esaten duen baino txarkiago egiten zituen bertsoak. Komeni zenean bederatzi silaba eta komeni ez zenean hamaika. Etortia eta begiarima oso onak ziren harentzat. Honela bertsolari on hori formaren itsusitasunean ito da.
Orain berriz hiru dozena bertsolari daude Bizkaian, eta lauzpabost daude (Mugartegi, Azpillaga, Arregi, Lopategi...), oso onak, Gipuzkoako bertsolariekin hitano hitzegiten dutenak. Urte batzuren buruan arriskuan jarriko dute Uztapideren txapela... Zergatik? Basarriren eskolari jarraitu gabe, Txirritarenari segitzen diotelako.
Gipuzkoan, azken berrehun urte hauetan ehundaka eta milaka izan dira bertsolariak. Burnia usatzearekin manaiatzen da¸geldirik dagoenari urina egiten zaio.
Gipuzkoan bertsolari-eskola bat izan da, guk Txirritarena deitzen dioguna, eta hura fundatzailea izan zelako, ez, ezbada hura eskola horretan gailen izan delako. Eskola horretako bertsolari on eta trebe guztiak estetika batez baliatu dira bertsogintzan. Prezeptiba bat kreatu dute, ez oso zehatza, erregela idatzirik ez baita egon, baina bai oso fuertea. Eskola horretan sarturik dagoen bertsolaria estetika horri lotu behar zaio. Bestela ez da eskola horretakoa izango. Eta nire iritzian, bertsolaria Eskola horretakoa ez baldin bada, izango da koplakaria, edo beste edozer gauza. Euskal Herriak hala eman du sententzia azken 200 urte hauetan, uste dut nik. Eta mundu honetan azken hitza ez du apaizak, herriak baino.
Basarri ere eskola horretakoa da, eta ez apurrena. Ez dakit nik orain ze haize bihurrik itzuli duen pauso oker horretara, baina Basarrik Txirritaren eskola ukatzen badu, bere burua ere ukatuko du. Eskola horretako bi portaera konbatitzen ditu: bertsoaren batasuna eta puntuaren aberastasuna.
Bertso batean gauza bat esan behar da, ez bi edo hiru. Bat bakarra. Ideia bat. Hori bertsoaren ze puntutan esaten den, ez dio inporta. Honela edo hala esaten bada, lehen puntuan edo azken puntuan, dotorezia edo itsusitasuna emango dio bertsoari, baina bertsoaren batasunari ez dio kalterik egingo.
Beraz, bertsoaren puntu batean, munduko zorakeriarik handiena esan liteke, baldin bertsoaren ideia bakar horri mesedea egiten badio, entzulearen adimena ideia horretara eramaten baldin badu. Beraz, bertso batean ezin trata liteke bi gai diferenteren gainean; nire lagun on Basilio Pujana Arratiako bertsolariak askotan esplikatu dit lau puntuko bertso nagusian berak nola lortzen duen batasun hori, aurren puntuan zer esan behar den, bigarrenak zertarako balio duen, eta abar.
Basarriren bigarren kezkarekin sartu baino lehen, aurpegia presentatuko diogu beste asunto bati: Harek 9 puntuko bertso txikiari edukitzen dion ezinikusia. Sobera probaturik dago galleneko bertsolariek galleneko okasioetan bertso horretara jotzen dutela. Hala irakatsi digu Aita Zabalak "Azpeitiko Premioaren bertsoak" liburuan. Konforme nago Basarri jaunarekin oso gaitza dela bertso hori, baina gaiztasunean ezagutzen da trebetasuna, ez erraztasunean. Hori baita trebetasuna: gaiztasunak erraz egiteko birtutea. Bi bertsolari, gainerako beste proba guzti guztietan berdin atera badira, eta gero nor den hobea esateko, 9 puntuko bertsoaren proba jartzen bazaie, uste dut nik munduan ez dagoela arrazoirik, portaera hori zilegi ez dela esateko.
Eta hemen problema bortitz baten aurrean paratzen gara. Xenpelar hil zenetik, ez da Gipuzkoan egon bertsolaririk, bertso-klase berriak asmatu dituenik. Eta nik hemendik, Euskal Herri guztiko bertsolari guztiei hau eskatuko nieke: ez daitezela erraztasun trankil horretan gelditu, bertso-klase berriak asma ditzatela, bestela bertsolaritza gelditasun horretan ito eta galduko da.
Eta orain goazen gure azken puntura: bertsoaren puntua nola akabatu behar duten. Lehengo bertsolari honen bertso onak aztertzen baldin baditugu, berez emango zaigu erantzuna. Badaude lege batzuk lehengo bertsolari on guztiek eta oraingo gehienek ere, segituko dituztenak.
Nolakoak dira? Uste dut ez dela leku aproposa holako gauza bat jendartera ateratzeko, lege guzti horiek oso ugariak baitira, eta hau kazeta bat baita, eta ez estudio-errebista bat! Gainera ez nintzateke ni hori egiteko estudiazalerik egokiena izango, hor baitaude Aita Lekuona osaba-ilobak eta Aita Zabala jesuita, ni baino mila mila bider egokiago eta jakintsuagoak.
Baina gauza batzuk daude oso argi eta oso garbi: konparazio baterako, astea eta atea ez datoz ongi. Zergatik? Hor erdian simadarikato bat dagoelako, gure asmo on guztiak apurtzen dituena, gezurra dirudi, baina Txirritaren eskolako bertsolari on batek ez du holakorik egingo, ezinbestean baizik. Halare lasterregi eta azkarregi oso ongi dago, G eta A alde batetik eta K eta T bestetik oso antzekoak direlako.
Hitz batean euskararen estetika eta erderarena oso desberdinak dira. Euskarazko bertsoetan rima consonante eta rima asonante delakoen gainean mintzatzen entzuten dudanean, tripak erretzen zaizkit, erderatik kanpo horiek ez daukatelako inolako esanahirik.
Eta honekin uste dut erantzun osoa eman diodala Basarriri. Badaki harek handia dela nire harenganako estimazioa. Uste dut gaizki esanak barkatu egingo dizkidala, euskararenganako amodioak bultzatu bainau gaurko trantze honetara.
Baina bukatu baino lehen, azken gauza bat. Dio Basarri jaunak, olerkariek beren bidea aurkitu dutela, eta lasai dabiltzala bertatik. Nik ez derizkiot ongi honi. Zuzen dago Basarri, baina oker olerkariak. Askotan iruditzen zait olerkaria izena txarki jarrita dagoela eta okerlaria izan behar lukeela. Lasai dabiltza, bai, eta hori da inora ez heltzeko bidea. Proba da hiruzpalau izen kenduta, gainerako guztiak berdin izango litzakeela ezer ere eskribitu ezpalute, Euskal Herriari ez baitiote (poetak bezala) horerik ematen, eta munduko atentziora ezin presenta bailitezke. Hiruzpalau hauek dira: Orixe, Lizardi, Lauaxeta, (ordena honetan behar bada Loramendi eta besteren bat.
Eta horregatik hau esan behar dut gaur. Olerkariek orain artean bezala aurrerantzean ere bertsolariak mezprezatzen jarraitzen badute, ez dute gailur handietara allegatuko. Batzuk onak izango dira (hiruzpalau), arrazoi bategatik: formaren kontrako borrokak ez dielako poetatza itoko.
Eta nahiko gaurko. Jainkoak daki nik ez dudala Basarri jauna mindu nahi izan. Bera mintzen baldin bada, Jainkoarekin konpondu beharko du.
Gabriel Aresti, Laudion, 1963ko abenduaren 2an