1958ko
hemeroteka
Gora euskera
Atzerrietan bizi geran euskaltzaleok pozarren ikusten dugu nola azken denboran euskaltzaletasuna bizkortzen ari den Euskalerriko bazter guzietan, baita erbestean arkitzen diren euskaldunen artean ere.
Nere euskaldun adiskideen idazkien bitartez (Buenos Aires'ko "Euskaltzaleak" izeneko Bazkunak antolatutako "Idazkuntza"'n --euskerazko idazkien norgeyagoketan-- parte artzen ari naiz eta 1956garren urtean, 1955garrenean bezela txapelduna izan naiz) berri pozgarriak eldu zaizkit Euskalerriko zati guzietatik gure euskera maite ta zarrari buruz.
Zubero'ko Alose'n bizi den Jauregiberry Madaleine anderenoak Eguberriaren okazionean auxe idazten dit ango euskalgi eder-ederrean: Euskara, goure mintzaire eder zaharra sartuko da Siberoko eskoletan ourthe hatsarren hountan». Eta euskaldun eta katoliko on bat bezela joan zan Lourdes'era, Ama Birjiñari, omen-urtearen asieran, eskerrak ematera... Euskaltzale sutsu orrek eta guziok, sendoki, sinisten dugu Jaungoiko onak nai duela euskerak burua goratzea, euskal-idazle ospetsu Kardaberaz Aitak esan zuen bezela.
Araba'tik artzen ditudan berriak itxarokorrak dira ere. Araba'ko uri-buruan, ango euskaldunen artean (5.000 inguru an bizi dira) baita erdeldunen artean ere, euskaltzaletasuna igon-aldian dago. Bai Institutoan, bai erradioaren bidez euskal-ikastaroak antolatzen dituzte. Ikastaro oyetan euskera ikasi nai duten lerrokada ederrak parte artzen du, 250 inguru; eta ez euskera ez dakitenak bakarrik, bainan sortzez euskaldunak diranak ere; oietxek beren barnean euskeraz idatzi ta irakurtzeko bearra sentitzen dute. Gazteiz'en agertzen den «Pensamiento Alavés» izeneko egunerokoak orain euskal-sail berezi bat dakar.
Auñamendiko beste aldeko Euskalerrian ere gizarte mail guzien artean-eta bereziki gaztedian-euskerarenganako maitasuna esnatzen ari da. Sokoa'ko erretor Larzabal apezaren lana, euskal-antzerkien (komedien) bitartez so-egillen artean euskaltzaletasuna piztutzea, txit merezigarria da.
Bainan aipamen berezi bat Naparroa'ko Aldundiaren lanak merezi du, baita euskaltzale guzien eskerrona. «Navarrorum lingua» nola beera dijoan ikusirik, Naparroa'ko Aldundiak erabaki txalogarri bat artu du: «Printzipe de Biana Istitutoan» Euskeraren Alde izeneko sail berezi bat eratutzea. Atseginez beterik ikusten dugu nola sail onen lagunak euskeraren onerako lan egiten ari diran: Uarte-Arakil'en eta inguruko errietan egin dituzten azterketak argiro erakutsi digute, Naparro'ko erri askotan euskera oraindik bizia dela eta Aldundiak artutako erabakia txit egokia dela Euskera bizkortzeko. Eta Leitza'n egin zan jaia, Orixe aundiaren omenez, euskaltzaletasunaren beste erakuspen eder bat izan da.
Au guzia ikusita, asko poztutzen dira atzerrietan bizi diren euskaltzaleen biotzak; eta gure zorion-agurrak bialtzen dizkiegu lan merezi onen zuzendari ta lankide guziei.
Jarrai zazute, eten-gabe, Jaungoikoaren laguntzarekin eta Orreaga'ko Ama Birjiñaren babesean, bide ontatik gure euskera maitearen aldez.
Norbert
Tauer
Praga'tik
1958'gko. Otsaillaren 15'ean
Zeruko Argia