1957ko
hemeroteka
Eutsi euskerari
Lotsagarria da aspaldiko urtetan euskaldunok gure izkuntzarekin, euskararekin, daukagun ajolarik eza. Errietan, egunetik egunera gutxiago itz egiten dala ikusi, onela jarraitzen badegu luzaro baño len betiko galduko dala jakin, ta ezer ere ez degu egiten bere alde. Euskera alde egiteko girorik ez dagola ta kito!
Euskeraren ondamendira juate onen erru edo kulpa besterik eman ta buruauste bat, zeregin bat kentzen degu. Ara or ederki! Baña ez; gauzak bear diran bezela esan bear ditugu. Euskera alde egiteko azkenengo urte auek onenak izan ez badira ere, egiten degun baño milla aldiz geiago egin genezake.
Euskera galduko ote da gero? bear bada norbaitek esango du. Euskera galtzen ari dala esaten aspaldi asi giñala, baña oraindik bizirik dirauala ta galdu ere eztala egingo, bein baño sarriagotan entzun izan degu. Ez daude zuzen au diotenak. Orain ogeitamar urte, euskeraz bakarrik egiten zan erri askotan, gaur gazteak erdera besterik ez darabilte ezpañetan. Lenago, ordea, euskerarik egin ez ta gaur egiten dan erri bat ez degu ikusi. Gañera lengo kanturik ez dago orain. Len erririk geienetan euskaldun utsak bizi giñan. Irakurri ere gutxi egiten zan. Ez zegoen ez radio ta ez zinerik. Itz batean: erdaldun ta erdera gabe bizi giñan.
Gaur, ordea, eguneroko ogi billa etorrita, Euskal-Erri osoa erdaldunez bete zaigu. Izparringi, zine ta gañerako guziak nai ta naiez erdera utsaz irentsi arazitzen dizkigute. Orregatik, gaur, euskera sekula baño bizkorrago dijua eriotzarako bidean.
Badira, ordea, eriotzara eramango duan gaitzak jota dagola euskera ta berari indarra ematen jardutea alperreko lana dala, luzaro baño len galduko dala diotenak. Auek, ere, oker daude. Egia esan, ludiko beste gauza guztiak bezela izkuntzak ere il egiten dira, batzutan, il ez, aldatu. Beintzat il edo aldatu, lenago egiten ziran izkuntza asko gaur ez dira itzegiten. Baño izkuntzak ez daukate ludiko beste gauza askorek bezala berez il bearrik. Gizonak, geienez, onenbeste urteko bizia du; abere mota bakoitzak ere onenbeste edo arenbeste ta berdin zugaitz eta gañerako mendiko izaki guztiak ere. Baña izkuntzak ez; izkuntzak geienetan politikari lotuta daude. Esate baterako, gaur ludi guzian ain zabal ta indartsu dagon izkuntza, larri aurkituko litzake, Errusik Amerika zapalduko balu. Ez du, bada, euskerak, nai ta naiez il bearrik; baño ilko balitz, guk euskaldunak ala nai izan degulako izango litzake.
Iturriondo
Zeruko
Argia, 1957
Baita Inglaterran ere
Baita inglaterran ere... Euskera onartua da Euskerritik kanpora. Leku askotan maite dute. Alemanin, Japonen ta beste toki batzuetan erakusten da euskera. Pozgarria zaigu jakitea Inglaterran ere erakusten dala euskera. Inglaterrako Essex urira euskera erakustera joan da Leitza’ko neskatx bat: Martinez’dar Pakita.
Eta emen gaudenok zer egiten degu...? Euskaldun askoentzat ez al da lotsagarri jakitea kanpotarrak euskaldun berak baño geiago maite dutela euskera? Kanpotarrak dirua ematen euskera ikasteagatik; eta guraso euskaldun askok ajolarik ez. Aurtxoentzat gurasoak izan bear lirake erakusle. Ortarako ez dute dirua eman bearrik; lan erraza daukate. Baño negargarria da leku ta etxe askoetan ikusten dana... Gurasoak aztapoka erderaz itz egiteko, eta umetxoak itz bat ere ez euskeraz... Au lotsagarri da. Eta noren kulpaz? Gurasoen kulpaz guztia. Gurasoak saiatuko ba lirake etxean aurtxoak euskeraz itz egin zezaten, aurtxoen ezpañetatik euskerazko itz goxoak entzungo genituzke. Erdera ikasi dezatela; baño lenengoz gure izkuntza: euskera. Aurtxoetan dago euskeraren etorkizuna. Aurtxoak euskera galtzen ba dute, alperrik da jakintsu batzuk euskera ikastea. Era ortan euskera erabat galduko da. Eta guk, euskaldunok, ongi ikusiko degu au? Guk, al izan ezkeroz, utziko genuke gure ama laztana iltzen? Saiatu gaitezen, bada,guziok gure izkuntza gordetzen.
Gurasoak, zuen aurtxoei erakutsi euskera. Ekin eta jarrai!
Bitaño
Zeruko
Argia, 1957
Euskal-neskak eta euskera
Bost, sei, zazpi neska liraiñ, pozaren-pozez, saltoka-saltoka, langille nekatuari pasatzeko zirrikitu bat ere utzi eziñik... orra zer ikusten detan.
--Qué te crees, Garbi, que les voy a hacer caso? --dio ixkiñako batek.
--Yo, por lo menos, hasta las 12,30 no me acuesto.
Bertan dira, ezagutzen ditut. Agerre-ko Edurne, Jospiñixin alaba; Etxeberri-ko Garbiñe... Baserriko neskak erderaz itz egiten..., gabeko amarretan zinera... Arantzazuko Ama Birjiña!!!
Euskaltzale bat, au ikusita, lasai oeratuko al-da, kezkarik gabe bizi...? Ez Jainkoarren!!
Mintzatuko ba-lirake izkuntza berri bat ikasteko, ondo; baña lotsa dute, bai, egitan diotsut, lotsa. Amak txiki-txikitandikan, esnearekin batean barruraño sartuko izkuntz ederrak lotsarazten ditu.
Zure ama ikusteak lotsa ematen al dizu? Ta... euskerak, zure bigarren amak, ainbeste neke ta lan jasan ditun izkuntza gaxoak, lotsa ematen dizu. Etzaitu ikusten aitonak!!!
Jakintsuak, ikusirikan euskeraren aberastasuna, or ari dira, lan da lan ikasten eta euskal kutsuak batzen..., eta gure baserrietako, Euskalerriko neskak, erdel-itz-jario parragarrian dabilzkigu.
Euskerak lotsatu, euskerak arpegia gorritu, lepoa makurtu... Tuntunak, alenak, alakoak!!! Erderak beste malla batean ipintzen dituztelakoan dabiltz, ikusten dan bezela, zoroen eran.
Irakurle, neska baldin ba-zera, irten kalera, zoaz lagun artera, ta mintzatu zaitez euskeraz; euskeraz kalean, euskeraz pamilin. Ez uste izan, arren, euskerak ao zakarretan izan bear duanik. Zu ta ni baño gizon aundiagoak, ospetsuagoak euskeraz mintzatzen dira, batere lotsatu gabe.
Euskeraz mintzatzeko lotsa, nundik nora? Ez orrelakorik, euskal neska gazte; euskera ederra da, mamitsua, goxoa.
Jaunak eman zigun; izan bedi, bada, gurea.
Ondo jokatu zaitez ta egunen batean, Jaunaren graziarekin, entzungo dezu zuren semetxoen aotik, magalean kixkur-kixkur egiñik daukezun une gozo aietan, itz eztitsu auek: ama... aita!!
Bilbo, Gasteiz (Bitori), Iruña eta Donostin, beintzat neska saill ederra ari da lanean. Nola? Alkarren artean euskeraz itz egin da, euskal liburuak irakurriz. Zenbat alaitzen geran euskaltzale guztiok gauz aek entzunez.
Euskal liburuak irakurriaz, esan dizut; irakurri bai, euskera ondo jakin nai badezu; ba-dituzu liburuak-eta. Galestiak dirala-eta, ez orregatik irakurri gabe gelditu; saltzen ez diralako bai-dira galestiak.
Orrela egiten ba-dezu, izango zera benetako euskal neska, garo usai goxoa ixuriko dezu zuren aldamenean; izango zera aurreko euskal nesken irudi apaña.
Illunbe
Zeruko
Argia, 1957