1934ko hemeroteka

Ostatu eske

(Eguberri-ipuia)

Behin batean baziran senar-emazte batzuek, eta bazuten seme bat eta alaba bat. Baso ondoko etxe txikitxo batean bizi ziran. Gizona egur egiten aritzen zan, eta ola ateratzen zuen, nekez bada ere, guziontzako bizibidea.

Abendu-arrats batez, guraso ta umeak sukaldean eseriak zeuden goxoki, beren aparitxoa egiten. Kanpoan elurra ari zuen gogorki, eta aize zakarrak etxeko pareten kontra botatzen zuen azkar elurra. Beingoan norbaitek jo zuen kaxkax leioan, eta mintzura ezti batek otsegin zuen karrikatik: «Ai! Zuen etxe ortara sartzen utzi nazazue! Aurtxo gaxo bat nauzue, jatekorik ez aterberik eztut, goseak eta otzak il beldur naiz. Ai! utzi nazazue sartzen!».

Etxeko bi aurrak, Mikel ta Maritxu, alkitik zartadan txutitu ta atea zabalduta esan zioten: «Sar zaite gaxo hori! Guk gerok ere beartsuak gera, ezer gutxi dugu, baña ala ere zuk baño gehiago bai. Dugun pixka ortatik pozik emango dizugu zuri». Aurtxo arrotza sartu zan barnera, su ondoan jarri ta bere gorputz kikildua berotu zuen. Etxeko aurrak jatera eman ta gero esan zioten: «Nekaturik zaude noski gaxo ori; atoz, gure oetxoan etzan, guk sukaldeko zizalluan egingo dugu lo».

Aurtxoak esan zien: «Eskerrik asko! Nere aita zerukoak dizuela ordaiña!».

Eraman zuten beraz beren gelara, oean sartu ta poliki estali zuten, bitartean beren baitan gogoeta auxe egiñez: «Gu ederki bizi gera argatik, gaxo onen aldean! Guk sukalde ta oe beroa badugu behintzat; aurtxo onek berriz ori ere eztu; zerua aterbetzat ta lurra oetzat besterik eztu».

Gurasoak lotara ziranean, Mikel ta Maritxu ere etzan ziran sukaldeko zizaluan eta elkarri esan zioten: «Poxik aldago orain aur arrotz ori, alako oe guri beroa duelako! Gau on!».

Bi aurrak lokartu ziran; baiña andik bizpairu orduen buruan Maritxu esnatu zan, ta bere anaia poliki iratzarri ondoan, esan zion: «Mikel, itzar adi, itzar! Entzun, zein soñu goxoa dan gure leio aurrean!» Mikelek bere begiak igortzi zituen ongi esnatzeko, eta adi adi jarri zan. Baiki, soñu ta kanta goxoak entzun zituen beren etxe aurrean. Eta garbi garbi aditu zituzten onako itz auek:

Aur sandua, agur dagitzugu
soñu eztiz
ta eresiz!
Aur sandua, goxoki lo zaude,
bitartean
emen gaude
gu zure zai gau beltzean!
Oi bai dala doatsua, zuri
ostatua
eman dizun
etxe ori!
zorionez beteko da!

Bi aurrak oro entzutean poz-ikaratu ziran; jaiki ta leiora atera ziran, kanpoan zer ote zan ikusteko. Eta ara zer ikusi zuten: Eguzki-aldean zerua gorri gorri zegoen, eta beren etxe aurrean aur-multzu bat, beren eskuetan urrezko musika-soñuak zituztela. Ikuskizun ortaz arriturik leiotik kanpora begira zeudela, norbaitek ukitu zituen bizkarrean; burua atzera itzuli zuten, eta ara! aurtxo arrotz ura beren aurrean zeukaten.

Len ez bezelako itxura zuen orain ordea; urrezko soñeko disdis bat zuen jantzia, buruan koroa eder bat zeraman, eta onela mintzatu zitzaien:

«Jesus Aurtxoa nauzue, munduan barna nabil ara-ona. Lagun-abarreko aur bat nintzalako ustean, gaur ostatu didazue; nik, ordañez, zorionez beteko zaituztet bizi zeraten arte ta gero sekula guzian. Eta kristau gaxo onbear bati ongi egiten dioten guziak, neri Jainko Aur beartsu oni egiten didate; eta nik emango diet ordain-saria gero zeruan».

Urtsuia (Polikarpo Iraizoz), Zeruko Argia, 1934

Gure Mendea