1930eko hemeroteka

Baserrira itzulpena

«Arri zabal onetantxen eseri ninduzun
burua ametsez josirik, kezkazbiotza illun.
Amets aien egarria etzait asetu iñun.
Zorigaiztoan emendik noizbait alde egin nun.

Udaberriko goiza zan. Maite-musu gartzuz
euzkiak ernai zun lurra, lorak nun-nai piztuz.
Txoriak kabi egiten alkar urrumatuz,
zilipurdika belartzan umek beiak zaituz.

Bizitza-sua piztu zan nere aragian.
egarri il-eziña sortu biotz muiñ-erdian
dei eztitsu bat entzun nun, ixil, belarrian,
ia utzirik baserri zarra, sar nintzan urian.

Jo nun, oialak zabalduz, bizitza-itsas gaitzan,
sartu lagun alaiekin atsegiñ-ondartzan,
ta, loraz inguraturik, bizitz-oturuntzan
ardoze ta maite-eztiaz moskor-moskor nintzan.

alere beti egarri ta goibel biotza,
ezti-txurrutaren urren, barnean mingotza,
beti ta nun-nai aurrean, eriotz zorrotza,
ta laga nuan baserri zarraren oroitza.

Ene baserri-oroipen bultzakor ta argia!
Ik urratu diak nere biotz-illundia.
Ik bultza ta zatorrek gaur kaiera ontzia
beti-betiko utzirik itxaso nasia.

Jaiki ta noan… Laister det begien aurrean.
Ara antxe… Baso-alboan, muño-bizkarrean…
Zuri-zuria, patxaren belartza-gañean,
zabal-zabal ataria, elizaren eran.

Agur, ene sor-lekua, euskal-lur donea,
nere aurtzaroko kutxa oroigaiz betea,
nere aitonen aitonen ilobi maitea,
nere odol-iturburu kutsurik gabea…!

Nere eusko-odolaren deiak entzunda, ba-nator
maitasun-kabi bero bat ezarritzera or,
nere besoaz eustera horma oiei gogor,
gaurtik il-arte izatera baserritar jator.

bai, gaurtik zuretzat nere besoen indarra,
nere buruko ametsak, biotzeko garra,
begietako malkoak, ezpaiñ-irriparra…
Gaurtik zure bizitza da, nere nai bakarra.

Su aundi bat piztu nai det sukalde otzean,
aingerutxoak ezarri seaska-utsunean,
mentu sendoak txertatu sagasti zarrean,
zorion-euzkia sortu baserri illunean.

Aitonen oroigai-kutxa nai det aberastu,
aien izerdi zintzoa nereakin nastu,
aien ta nere bizitza maite-katez batu,
gaztelu zarrean kabi berria eratu.

Poztu, baserri, gaur-arte, maite-kabi utsa.
Poztu, gaurtik amaitu da zure alarguntza.
Poztu, ene gurasoak, begira onuntza…
Jainkoak entzun du zuen eskari-otoitza.

Jautarkol, Zeruko Argia, 1930

Gure Mendea