1930eko hemeroteka

Euskaldunak Ameriketan

Orain bi urte. Ezin det aztu.

Gau illunpetan zapi beltz baten antzera ezarri ziran lur gañean. Zeru sapaian izar txiki txuriak eta basetxe leioetan krisalluak, an da emen, banaka banaka arpegia agertzen zuten.

Tan, tan, tan…!

- Kosme, norbaitek deitu du atean; begira nor ote dan… Aurrera, Joxe; atoz sukaldera. Jooooosus…! ia etzaitut ezagutzen. Eseri zaitez emen. Zer artuko zenduke?-

- Eskerrik asko. Ez det ezer jateko gogorik. Zuei azken agurra egitera bakarrik natorkizue. Zortzi egun barru Ameriketara nua.-

- Ai, ene ama!… Ameriketara? Baña egia diozu?

- Bai andre.

- Zu Ameriketara? Nola diteke ori? Au mutillaren zoritxarra!… Euskal amonatxoaren aurpegia illundu zan eta gero jarraitu zuen: Ameriketara zoaz. Ara joan zen nere semea ere apaizgai zazpi edo zortzi urtez ibilli eta gero. Lenbiziko illebeteetan eskribitzen zuen maiz ta zein samur eta egoki!… Baño gero oztutzen asi zen eta azkenez… ixildu zen. Amar urte ziran semearen berririk eznekiela. Orain azkenez auzoko aide batzuek diotenez, nere semeak Elizako bidea aztu du eta… bere ama ere bai! Nitzaz itzegiten badiote lotsatzen omen da!- Eta egiz zoritxarreko ama arrek negarrari eman zion -Ama gaixoa!

Gau artan nere gelan bakarrik arkitu nintzanean, nion nere baitan: «Euskaldunak Ameriketara joatea! Ez al da izango egia Emeterio Arresek diona:

«Uste txoro bat izanik eta
ametsa munduko dena,
au da gizonak egin lezaken
ametsikan ametsena».

II

Suburdi beltza bere burni lerroz laisterka zijoan. Batzuetan txistuka, zurrunka bestetan eta beti ke matasa lodi zikiña kopeta gañean arro-arro eramanez bere arrokeria agertzen zuen.

Suburdi beltzak Euskalerriko mugak igaro zitun azkenez eta Aragoniako lurretan sartu zan.

Ordu artantxe, txioka nere buruan zebiltzen eusko txoriak, norbaitek arrika egin bazien lez izutu ziran. Kalian eta inguruan ikusten ziran lur legorrak, mendi motzak, etxalde itxusiak atzera utzirik egatu ziran… Euskalerriko mendi naro, baso andi zugaitzez bete ta erreka garbien inguruetan oituak bai zeuden eta azken agurra egin nai zien:

«Agur, maite ditugun
Asaben erriak
Agur, ikusten diran
Ekandu garbiak;
Agur, jaioterriko
Lagun on guziak,
Zugaitz ederrok eta
Mendibitartiak!»

Zoritxarrez, laister utzi bear izan nituan nere ametsak. Nere ondoan, patxada ederrez jarrita ikusi nuan eun da berrogei kiloko gizon puska, maukutsik, egiten zuen bero bizia ezin eramanda ufaka. Ura gizona!…

Alako batean bere ondoan zijoan mutil gazte batek galdetu zion euskeraz:

- Aizu, osaba: Ameriketan olako bero zakarra egiten al du?

- Ez, mutilla!… Etzakala izan bildurrik.

Aiek ere Ameriketara zijoazten.

Zer ote du Amerikak euskaldunen begiak itxutzeko?

Euskal Bidaiari, 1930

Gure Mendea