1920ko hemeroteka

Entzun!!!!!

Orain dela urte sail bat Prantzian deadar aundi bat aditu zan. Deadar onek zion: Lagundu zadazute ta gure erriko egunaririk (periodikorik) oberena katolikoa izango da. Gutxi gora-bera au zion Luis Veuillot katoliko azkarrak. Onen esana entzun balute gaurko egunean Prantzi’an katolikoen egunariak eta katolikoen gizonak aginduko lukete, Elizak etzuan ainbeste naigabe, samintasun ta kalte gure auzoko erri ortan eraman bear izango.

Ez zuten Luis Veurillot’en deadarra entzun ta egunari edo periodiko gaiztoak olatua (uiña) itxasoan zabaltzen dan bezela Prantziko bazter guztietara bere pozoia eramaten zuten. Egunari gaizto batek bakarrik egunari katoliko guztiak baño irakurle geiago zituan. Arritzekoa al da an gertatua gertatzea? Arritzekoa al da Jainkoaren izena eskoletako idaztietatik (liburuetatik) ere kentzea?

Euskaldunak!!! Euskaldunak!!!

Esnatu zaitezte! Euskerazko Irakurgai onai laguntza bear bearrezkoa da, baño aguro gero. Euskalerrian ere jendea oztutzen ari da; askori gero ta ajola gutxiago zaio Erlijio santuaz. Apaizen sermoi edo itzaldiak ez entzuteko alegiñak egiten dituzte. Erri askotan sermoirik, itzaldi gabeko Meza ixila entzun besterik ez dute egiten. Ordea beste itzaldi batzuk ardotegian (tabernan) aditzen dituzte: Apaiza au ta bestea dala; onelako olako edo alako okerkeri ta loikeriak egin dirala; Apaizak praile ta monjak, besteak baño okerragoak dirala.

Ta beste toki batzutan gauz txarragoak entzuten dituzte elizatik iges dabiltzanak.

Nola nai dezute Jainkoa’ren itza entzun gabe deabruaren itza bakarrik aditu-ta gizon oiek ez gaiztotzea? Nai ta naiez oiei Jainkoaren itza beren etxeetara edo ardotegietara eraman-ta.

Baño nork eramango die?

Euskerazko irakurgai onak. Aiek eramango dute; gaur batean ta bestean, Jaungoikoa’ren itzak anima asko bide onera ekarriko dituzte. Jaungoikoa’ren itza bizia ta eragilea da, bi aoko edozein ezpata baño zorrotzagoa da ta animen tolesetaraño ta ezur muñetaraño sartzen da. Auxen dio Jainko ber-berak.

Arian arian urak arria zulatu oi du; ta animetan Jainkoa’ren itzak eztu beste orrenbeste egingo?

Euskaldunak!!! Euskaldunak!!!

Lagundu al dezuten guztiak euskerazko irakurgai onai ta Euskalerriari, Erlijioari on aundia egingo diozute; lagun zaiguzute guztiok Euskerazko Irakurgai onen Eguna egiñik ikusi dezagun ta ordun Euskerazko irakurgai onak asko indartuko dira.

Idazleak! Zuen lumaz lagundu arren! Ez mutu egon!

Aberatsak! Zabaldu zuen sakelak, irakurgai onai indar emateko.

Gazteak! Biotz aundiko gazteak! Zuen laguntza bearrezkoa izango zaigu jai egokiak egiteko!

Ea! Astindu itzazute lo daudenak!

Apaiz jaunak! Zuek zer egin ba dakizute edozeñek baño obeto ta nik esan gabe egiñalak egingo dituzute noski.

Aurrera Euskaldunak! Aurrera Irugarrendarrak!

Lan egin! Ekin!

Irugarrengo Prantziskotarra

Gure Mendea