|
|

Hizkuntza, edozein hizkuntza, metaforaren gainean eraikitzen den etxea
da. Edozein hizkuntzako hitzak eta esamoldeak ez dira ezer hiztunok hitz
eta esamolde horiei gaineratzen diegun imajinaziorik -metaforarik- gabe.
Hizkuntza batek bere indar metaforikoa galtzen badu, bereak egin du. Alegia,
hizkuntza bateko hiztunak beren hizkuntza imajinatu eta berregiteko gauza
ez direnean, hizkuntza horrek ez du gatzik, ez piperrik. Ez du adierazkortasun
handirik. Ez du libertitzeko balio. Ez du sentitzeko balio. Ez du bizitzeko
balio. Eta, bistan da, bizitzeko balio ez duen hizkuntzak ez du ezertarako
balio.
Euskaraz lokuzio, esklamazio eta esamolde asko dago. Horietako batzuk,
alegia, euskararen betiko ondareko zati diren batzuk bildu ditugu lan
honetan. Baina ez dugu euskal lokuzio historikoen bilduma bat egin nahi
izan, eta betiko ondarea apur bat arakatu badugu ere, ez gara horrekin
konforme gelditu. Aitzitik, beste batzuk, berriak, asmatu ditugu. Gure
bizimodua, kultura, egoera, umorea eta inguruari begira egoki eta baliagarri
iruditu zaizkigunak. Inori baimenik eskatu gabe. Ez diogulako inori baimenik
eskatu behar. Are, eskatuta ere, inork ezin liguke baimenik eman. Hizkuntza
berriz asmatzea eta berriz eratzea gure eskubidea baita. Eta gure beharra.
Nork bere eskubideak erabiltzea bere beharrak asetzeko munduko baimen
guztien gainetik dago.
Gazte eta euskararekin zaletua eta kezkatua irudikatzen
zaitugun irakurle hori, ez dizkizugu hemen dauden lokuzioak ikasarazi
nahi. Bakar batzuk gustatu eta zure hizketa moduan sartzen badituzu, plazer
handia izango da guretzat. Hala ere hori baino joriago eta aberasgarriagoa
izango da liburu honen emaitza, baldin eta, hemen dagoena buruz ikasi
ez eta, aldiz, iradokitzen den bideari segitzen badiozu. Alegia, zure
gustu, behar, bizimodu, umore eta inguruari begira egoki eta baliagarri
iruditzen zaizkizunak asmatzen badituzu. Lasaitasun eta askatasun osoz,
jator asunlabelak, tituluak, ortodoxia zertifikatuak eta gainerakoak banatzen
dituzten jaunandere txit prestu eta jakintsuei behar dena baino errespeto
gehiago eduki gabe. Lotsagabe-lotsagabe, alegia
|