Orri nagusira

Orri nagusia

 

[Aurreko eztabaidak]

Herri telebistak
Hogei txori txiki kate erraldoien erdian


Herri telebistak. Urteen poderioz gero eta indar handiagoz azaleratzen ari diren komunikabideak. Euskal Herrian daudenen errepasoa egin dugu. Beren ezaugarriak jakin nahi izan ditugu, nola funtzionatzen duten, nola lan egiten duten, euren arteko ezberdintasunak...

Informazioak edo, hobe esan, informazioaz elikatzen diren hedabideek laugarren boterea osatzen dutela esaten da usu. Jendearengan iritzia sortu eta aldatzeko duten ahalmena inork gutxik ukatzen die. Bizi dugun garai honi informazioaren aroa deitzen dionik ere ez da falta. Azken boladan prentsan eta irratian baino, telebistan -Espainiakoan- eman den iraultza ere aipagarri litzateke honen adibide gisa. Canal Satelite Digital eta Via Digitalen arteko lehiek eta liskarrek agerian utzi dute, berriro ere, era honetako hedabideak kontrolatzeak zer-nolako garrantzia duen -boteredunentzat noski- eta zenbaterainoko interesak dauden atzean.

Badaude ordea, telebisten mundu honetan, plataforma digitaletatik edota kate generalistetatik aldentzen diren beste hedabide batzuk: telebista lokalak edo herri telebistak. Hauek jorratu nahi ditugu datozen lerroetan.
Eta gaia abiatzeko hauen historiara jotzea, aproposena. Duela urte gutxiko fenomenoa da herri mailako ikusentzunezko hedabideena. Euskal Herrian funtzionatzen duten telebista lokaletatik gehientsuenak 90ko hamarkadan sortutakoak dira eta hauetarik asko azken urteetan. Salbuespen bakarrenetakoak Eskoriatzako Telesko, Andoaingo Kanal On eta Barakaldoko Tele 7 dira. Hauek emititzen jarraitzen dute, baina badira iragan hamarkadan hasi eta, arrazoiak arrazoi, beren bidea eten dutenak, Plentzia Telebistak kasu. Bitarteko jakin batzuk edukita -kable bidezko seinalea, kameraren bat eta editatzeko mahairen bat, esaterako-, egin baitaiteke telebista eta gisa honetara sortutakoak izan badira, nahiz eta programazio erregular bat eduki ez eta gehienetan daten arabera -festak direla edota ekitaldi bereziren bat dela- funtzionatu izan duten.

Egitura sendoago bat dutenen artean, eta kronologiari helduz, Arrasate Telebista (ATB) aipatzea da nahitaezkoa. 1990ean jaio zen Arrasate Euskaldun Dezagunek (AED) bultzatuta, eta egun erreferentzia bilakatu da, bai erdietsi duen kalitate mailagatik -ezin ahaztu halaber, gerora ezagun egin den aurkezle askoren harrobi izan dela-, bai euskara hutsez aritu eta aritzen delako.

Zarauzko Telebista (ZTB), TeleBilbao (TB) eta Urnieta Telebista (UTB) izan ziren ondorengoak, 1991 eta 1992 artean sortuak eta izaera ezberdinekoak hiruak ere. Kostaldekoa enpresa pribatu batek abiatua, baina udaletxearen babesa jaso duena, hiriburukoa iniziatiba pribatutik jaioa eta hirugarrena, Urnietakoa, udaletxearen ekimenez sortua.

1994ean TeleDonostik (TD) eta Eibarko Kateberriak (KTB) heldu zioten erronkari. Lehenak, batez beste, hamabi orduko programazioa emititzen du egunero, nahiz eta honen erdia kanpo ekoizpena den -hau da, erositako saioak- eta bigarrenak bi ordu, baina berauek ekoiztutakoak. Biak ere publizitatez hornitzen dira bizirauteko.
Ermuko Telebistak (ETL) 1995 hondarrean ekin zion lanari. Telesko, ZTB eta UTBrekin batera, hau da kable bidez emititzen den bakarrenetakoa.

Hurrengo urtean, 1996an, telebista andana sortu zen Euskal Herrian: Gasteizko biak, Canal Gasteiz eta TeleVitoria (TV), Iruneko Canal 4 -aurretik Nafarroako hiriburuan emititzen zen Pamplona Television desagertu ostean jaio zen gaurkoa-, Tafalla Television eta Oarso Telebista. Pasaian, Lezon, Errenterian eta Oiartzunen ikus daitekeen telebista honek berregituraketa sakon bat bizi izan zuen iaz eta urte honen hasieran indarberriturik ekin dio bideari.

Errepasoa amaitzear, eta guztien berri zabalagoa ondoko orrialdeko mapan duzuela aurreratuz, 1997an Canal Bizkaia Telebistak (CB), Txingudi Telebistak, Xaloa Telebistak eta Aldudarrak-en Ele Bistak -ikus 29. orrialdean honi dagokion atala- lehen urratsak eman zituztela aipatzea besterik ez zaigu geratzen. Ezin ahaztu hala ere ekainaren 1ean Ttipi-Ttapa Telebista abiatuko dena.

EZBERDINTASUNAK. Euskal Herriko herri telebisten arteko ezberdintasunak nabariak dira. Hasteko eta behin, ez da gauza bera hiriburuko telebista edo herriko telebista egitea, bai enpresaren helburuei begira, bai audientzia aldetik eta bai edukiengatik. Hiriburuko telebistek -Bilbo eta Gasteizko biek, Donostiakoak eta Irunekoak- jende kopuru zabalago bati zuzentzen diote mezua, audientzia potentzial handiagoa dute, eta honek publizitate gehiago kudeatzeko aukera ematen die. Beraz, guztiak ere pribatuak izanik, dirua egitea dute helburu, zerbitzu bat eskaintzeaz landa.

Herrietako telebistek, nahiz eta hemen ere ezberdintasunak egon, baliabide murritzagoak dituzte, oro har. Batzuk publizitatea dute finantziazio bide bakarra, beste batzuk dirulaguntzak jasotzen dituzte eta beste batzuk berriz, erabat publiko dira.

Programazioen edukietan ere bada bata eta bestearen artean tarterik. Hirietako telebistek ahalik eta ordu gehien emititzen dituzte egunean zehar, kanpo ekoizpenari leku garrantzitsua eginez. Herrietakoek aldiz, barne ekoizpena dute giltzarri. Lehenengoak, kate generalistei itzal egiteko asmorik azaltzen ez badute ere, eurekin lehiatzen dira eduki nahiz audientziatan. Bigarrengoek kate handien osagarri moduan dakusate euren telebista eta ildo horretan egituratzen dute euren programazioa, bitartekoak bitarteko eta edukiak eduki. Zein da herri telebista baten filosofia, helburua- Horra hor galdera, nahi duenak erantzun dezan.

Baina zerbaitek bereizten baditu Euskal Herriko herri telebistak, hori, hauetako bakoitzak mezua helarazteko darabilen hizkuntza da. Euskara hutsez aritzen diren telebistak lau besterik ez dira, nahiz eta laster beste bat batuko zaien, Ttipi-Ttapa Telebista. UTBk eta Kanal On-ek ere gehiengoa euskaraz emititzen dute, baina gainerakoek, batzuk gehiago, besteak gutxiago, ezer gutxi.
Hiriburuetako telebistak dira, oro har, euskara gutxien erabiltzen dutenak. "Bai horixe" euskara ikasteko saioa da hauetako zenbaitzutan errepikatzen dena, informatiboetan albiste laburpenak euskaraz ematearena errepikatzen den moduan. Gaztelerazko kate hauentzat euskara ez da errentagarria publizitatea eskuratzeko, beren audientzia potentzialaren zati handi bat, gehienetan, ez baita euskal hiztuna. Dirurik ez bada, saiorik ere ez -kasuak kasu, noski-. Hala ere, somatzen da telebista batzuengan egun duten euskarazko saioen batez bestekoa areagotzeko asmoa.

EUSKAL TELEBISTAK. Arrasate Telebista, Oarso Telebista, Xaloa Telebista eta Zarauzko Telebista dira euskara hutsez lan egiten dutenak -Aldudarrak elkartearen Ele Bista ere euskaraz mintzatzen da-. Arrasate Telebista izan zen aitzindaria eta dagoeneko hiru ordu t'erdi eta lau ordu bitarteko programazioa osatzen du egunero. Arrasate Komunikabideak-en (ARKO) barruan dago, Arrasate Press aldizkariarekin batera.
Oarso Telebistak aurtengo urtarrilean heldu dio ekinaldi berriari eta pixkanaka ari da programazioa sendotzen. Erronkak ez zaizkie falta. Xaloa Telebista iragan urte amaieran abiatu zen Europatik jasotako 5 milioi pezetako dirulaguntza eta Baztango Udalaren babesa dela medio. Zarauzko Telebistak urte dezente daramatza lanean eta egunero ordubeteko programazioa emititzen du.

Hauez gain, hastear den Ttipi Ttapa Telebistak ere euskara izango du mintzabide. 19,5 milioi pezetako aurrekontua aurreikusten dute lehen denboraldi honetarako. Bortziriak eta Malerrekan gozatu ahal izango dute hedabide berri hau.

Herri telebista hauen ezaugarriak agertzerakoan, argiro nabarmentzen dira honakoak: herri mugimenduetatik, euskararekin lotutako elkarteetatik sortutako komunikabideak dira -Zarautzekoa salbu-, lehendik beste zereginetan -aldizkari edo irratietan kasu- zeuden pertsonen ekimenez.

Finantziazioa ere adierazgarria da. Dirulaguntzen beharra nahitaezkoa ikusten da, baina autofinantziazioan emandako urratsak ere aipatzekoak dira. Oarsokoak eta Ttipi Ttapakoak adibidez, fundazio egitura dute eta bertako bazkideen kuotekin aurrekontuaren zati bat estali dezakete, Arrasate Telebistan gertatzen den moduan. Publizitatetik iristen diren dirusarrerak ere nabarmentzekoak dira. Azken ezaugarria, beste herri telebistetara luzatu litekeena, barne ekoizpenak duen garrantzia litzateke. Uhineratzen diren saio guztiak dira bertokoek eginak.

LEGEDIA. Euskal Herriko herri telebista guztien egoera legala alegalitatea da. Hauen inguruko legea oraindik garatu gabe dago eta beraz, ez dute emititzeko lizentziarik, nahiz eta emititu emititzen duten. 1995eko abenduaren 22an orduan gobernuan zen PSOEk telebista lokalak arautzeko legea kaleratu zuen, baina autonomi erkidegoetako gobernuek garatzeko geratu zen eta oraindik egiteke dago.

Barakaldoko Tele 7-ko eta EAEko herri telebisten elkarteko zuzendari den Javier Picazak esan digu elkarte honen helburua, Eusko Jaurlaritzak lege hori garatzean, egun dauden telebistak kontuan hartzea dela, "ez dadin etorri inor izugarrizko inbertsioarekin eta berak telebista jartzea". Horretarako gutun bat bidali dute Eusko Jaurlaritzara "orain arte iraun dugun bezala irauteak meritua duela, legearen aurretik goazela, enplegua sortzen dugula, zerbitzu bat eskaintzen dugula..." esanaz.

Ikusi beharko zer gertatzen den EAEko Gobernuak legea garatzen duenean, baina oraindik, hauteskunde autonomikoak igaro arte, ez dirudi ezer egingo denik. Nafarroako Gobernuak ere badirudi ez duela legea garatzeko presa handirik eta kable bidezko telebistengan arreta gehiago jarri duela ematen du.

ALDUDARRAK-EN "ELE BISTA". Ipar Euskal Herriko herri telebista bakarra Nafarroa Behereako Aldude herrian dago. Ohiko telebistetatik aldenduz, egitasmo berezia jarri dute abian herri honetako Aldudarrak elkartekoek. Iparralde osoko komunikabidea izan asmo du, baina ez da seinale batekin, uhin edota kable bidez helaraziko, bideo kazeta moduan baizik, duela bi urte eskas "Egin"ek abian jarritako "Ikusmira" bideo informatiboaren antzera.

Ele Bista izena jarri diote eta joan zen urteko ekainean argitaratu zuten lehena, froga gisa. Aurten, hala ere, pauso berri bat eman nahi izan dute eta lehendik zegoen proiektua zabaltzera jo dute. Urteko lehen hilabeteetan Iparralde osoan ibili dira berau aurkezten, hainbat bilera eginaz, eta Ximun Karrere Aldudarrak-eko kidearen hitzetan, "ideia aunitz bildu ditugu".

Bilera hauei amaiera eman ziena Donibane Garazin burutu zen eta bertan Ele Bistaren lehen zenbakiak -iragan ekainekoa 0 zenbakia izan zen- izango dituen edukiak eztabaidatu ziren. Bilera hauetatik lan talde bat osatu da eta astero hiruzpalau aldiz elkartzen dira lehen ale horren gaiak lantzen joateko.

Bideo kazetak ordubete pasatxoko iraupena izango du eta bi ataletan banatuko da. Batetik hogei bat minutuko eztabaida, non "ziurrenik laborantza mundua landuko den", eta bestetik, erreportajeak edo dokumentalak. Nondik nora joango diren azaldu digu Ximun Karrerek: "Donibane-Lohizune inguruko erreportaje bat, Bardoze aldeko beste bat, Nafarroaren Egunari buruzkoa...Kazeta honetan Iparraldeko aniztasun geografikoari egin nahi diogu kasu".

Ele Bistaren 1 zenbakia ekainean izango da kalean. Ipar Euskal Herrian ohiko guneetan izango da salgai, baina Hegoaldean sartzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Ekaineko lehen zenbaki honez gain, Aldudarrak elkartekoek bigarren bat ere eman nahi dute argitara urtea bukatu bitartean. Datorren urte hasieratik aldizkakotasun finko bat lortu eta bi hiletik behin bideo kazeta berri bat argitaratzea dute helburu.

(Larrun 24. zenbakia)

 

 



Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403