|
2002ko
ekainean aurkeztu dira euskararen erabilerari buruz SEI elkarteak
egindako IV. neurketaren datuak. Euskal Herriko populazioaren
%25 euskaraz berba egiteko gai da, eta horietatik %14k erabiltzen
du bere egunerokotasunean. Aurreko neurketekiko, erabileran pitin
bat aurreratu da, baina esan liteke egoera egonkorra dela. Bizkaian
eta Gipuzkoan apur bat aurreratu da, Araban apur bat atzera egin
da eta Nafarroan eta Iparraldean erabilera berdin mantentzen da.
Datuen interpretaziorako garaia da eta, gehientsuenetan legez,
bakoitzak bere ikuspegia du, nahiz eta adostasun garrantzitsuak
diren. Euskaldunek leialtasun handia dute euskararekiko; ezagutzan
indar handia jarri da azken hamarkadatan, baina horrek ez du behar
adinako islarik izan erabileran; euskaldun kopuruen handitzean
bai, baina erabileran ere indar berezia jarri beharko da aurrerantzean.
Horra hor ondorengo orrialdeetako lerro nagusienetakoak.
Datu uholdea dago SEI elkarteak egin
berri duen euskararen kale neurketaren emaitzetan eta mahai-inguruan
modu orokorrean heldu zaie, nahiz eta datu zehatzen batzuk ere
aipatu diren. Bestela, erabilitako bi orduen ordez, hamaika gutxienez
beharko genituzkeen. Eta datuak mahai gainean, interpretazioen
elkartrukerako eta eztabaidarako tartea zabaldu da. Inkesta zuzendu
duenaren ikusmoldea eskaini du Olatz Altunak. Nafarroako datuen
interpretazioaz aritu zaigu Rosa Ramos, Nafarroako gune eskaldunetan
emaitza hobeagoak espero zituela aitortuz. Nahiak nahi, errealitatea
hor dagoela gogorarazi dio Xabier Aizpuruak, datu, ikerketa eta
interpretazio askoren jabetzatik, Euskal Herriko hizkuntz errealitatea
gutxik moduan ezagutzen duela erakutsiz. Iñaki Martinez
de Luna EHUko irakaslea baikor agertu da datuen aurrean, baina
hizkuntz gutxitu guztiek duten desagertzeko arriskua garbi utziz;
horrexegatik, bere ustez, tentsio puntua mantentzea ezinbestekoa
da.
Jadanik ezagutzen
dituzue datuak. Balorazio oso orokorrarekin hasiko gara, gero
xehetasunetara sartzeko.
OLATZ ALTUNA. Datuak
gazi-gezak dira. Erabilerak gora egin du eta hori positiboa da,
baina igoera horren erritmoa moteldu egin da. Gainera, bi erritmoren
konstatazioa jaso dugu, hau da, gorakada ez da homogenoa izan.
Bizkaian eta Gipuzkoan hazkunderako joera nabarmendu da, baina
gainontzeko lurraldeetan erabilera bere horretan dago. Baldintza
soziopolitiko egokiak dauden tokietan gorakada eman da, baina
euskararen normalizazioari oztopoak jarri zaizkion eremuetan erabilera
egonkortua dago. Garrantzitsua da, halaber, %14ko erabilera ondo
aztertzea. Euskara erabiliko bada jakitea ezinbestekoa denez,
euskaraz hitz egiteko gai direnen kopurua kontuan hartuta, jaso
dugun erabilera espero zitekeena baino altuagoa da. Hau da, erabilera
ezagutzarekin alderatuz gero -%25 inguru-, %14ko erabilera altua
da. Beraz, euskal komunitatearen aldetik badago euskaraz aritzeko
gogoa eta hori oso positiboa da.
IÑAKI
MARTINEZ DE LUNA. Hizkuntza batean ezagutzak eta erabilerak
ez dute bat etorri beharrik. Ezagutzak ez du zergatik erabilera
ekarri behar. Gutariko asko gai gara ingelesez zerbait aritzeko,
baina ez zaigu burutik pasatzen gure artean ingelesez hitz egitea.
Ezagutzatik erabilerara pasatzeko baldintza batzuk behar dira.
Gipuzkoa eta Bizkaian bada euskal hiztunen komunitate bat, Araban
-Aramaio salbuespen- gehienez protokomunitate batzuk daude. Hor
dago toki batzuetan erabileran aurrera egitearen klabea. Hizkuntza
politika eta euskalgintzaren jarduna ere, besteak beste, klabe
garrantzitsuak dira.
ROSA RAMOS.
Ados orain arte esandakoekin. Batez ere garrantzitsua iruditzen
zait kontestualizatzearena. Nahia eta borondatea badira, eta hori
oso garrantzitsua da. Hau esanda, azterketa honetan adierazten
den egonkortasuna azpimarratuko nuke, duela lau urteko argazkia
eta egungoa berdintsuak direlako. Positiboa da ikustea nola hiztun
berriak -haurrak eta gazteak- komunitatean txertatzen ari diren,
batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Bilboko kasua adierazgarria
da, haurren erabilera tasan hazkundea izan da, eta hori ez da
ematen ez Nafarroan, ez Araban ezta Iparraldean ere. Toki hauetan,
beraz, hezkuntzatik datorren ezagupen horrek komunitatean txertatzeko
arazo handiak ditu. Horrez gain, Nafarroako eremu euskaldunetan
erabileraren hazkunde handiagoa espero nuen.
XABIER AIZPURUA.
Datuak baloratzen hasi aurretik, operazioa bera baloratu nahiko
nuke. Oso interesgarria da kale neurketa moduko tresna bat izatea,
batez ere hainbeste urtetan egitea lortzen denean. Horrek neurri
bat ematen du eta, metodoak metodo eta kezkak kezka, serie bat
egitea oso interesgarria da. Oso informazio aberatsa da eta, Euskal
Herriko inkesta soziolinguistikoarekin batera, Euskal Herrian
euskararen bilakaeraren berri izateko daukagun tresna bakarrenetarikoa
da.
Oro har, ikusten da aldeko hizkuntza
politika dagoen tokietan igoera dagoela eta hizkuntza politikarik
ez dagoen tokietan egoerak egonkor jarraitzen duela oso igoera
txikiarekin. Ni nahiko harrituta nago datuekin. Nik espero nituenak
baino dezente hobeagoak dira eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako
Sailburuordetzan ditugun beste iturri batzuek baino -orain lantzen
ari garen hirugarren inkesta soziolinguistikoa, esate baterako-
emaitza hobeagoak ematen ditu. Edozein eratan, Olatzek azpimarratu
duen bezala, ezagutza populazio osoaren %25 ingurukoa denean,
%14ko erabilera izugarri handia da. Nafarroan, esate baterako,
dakitenak %10 baldin badira eta erabilera %7an baldin badago,
esan nahi du 10etik 7k euskaraz egiten dutela eta nik neuk ez
dut uste erabilera hainbestekoa denik. Hala eta guztiz ere, lurralde
guztietan ikusten da, ezagutza tasak kontuan hartuta, erabilera
handia dagoela. Horrek erakusten du euskararekiko leialtasuna
oso handia dela. Hori da datu interesgarrienetakoa. Oro har, igoerak
eta jaitsierak txikiak dira eta, beraz, egonkortasuna azpimarratu
behar da.
Balorazio orokorra egin duzue. Sar gaitezen
iradoki dituzuen xehetasunetara.
X. AIZPURUA.
Nik metodologiari buruzko galdera bat egingo nioke Olatzi. 500
biztanletik beherako herriak neurketatik kanpo utzi dituzue. Horrek
azaldu dezake zenbait tokitako beherakada edo diren datu bitxiak.
Izan ere, herri txiki erdaldunetan euskaldunak %5etik behera direnetan
alegia, euskararik ez dela egiten kontatzen duzue, baina 500 biztanletik
beherakoak baztertzean gune euskaldunenetako herri oso euskaldunak
ere ezabatzen dira. Ez dakit horrek aurreko neurketekiko aldaketa
esanguratsurik eragin dezakeen. Metodologiari buruzko beste galdera
bat: honen aurreko neurketetan, norbaitek behin, bitan ala hirutan
hitz eginez gero kontuan hartzen zen eta orain balio errepikatu
horiek ezabatu dira. Hortaz, gerta al daiteke orain erabilitako
metodoak hobeto neurtzen duenez euskararen erabilerari buruzko
emaitzak txikiagoak izatea? Posible al da halakorik gertatzea?
O. ALTUNA.
Metodologian egindako zuzenketak minimoak dira. Oso argi eduki
da komeni dela neurraldi guztietan metodologia bera erabiltzea
datuen alderaketak zuzen egin ahal izateko. Beraz, 1989an erabilitako
metodologiari aldaketa oso gutxirekin eutsi diogu. Biztanle kopuruari
dagokionez, aurretik ere 500 biztanletik beherako udalerri oso
gutxi neurtu ziren, nagusiki Nafarroan. Arrazoia ez zen emaitzak
aldatuko zirela, kalean jenderik ez zela topatzen baizik. Iparraldean
ere milatik gorakoak neurtzen ditugu eta sarritan arazoak izaten
ditugu. Hor ez dut uste desbideraketa handirik egongo denik. Horien
ordez jarri diren herriak ezagutza proportzio berekoak dira, baina
tamaina handiagokoak.
Bigarren galderari erantzunez, egia
da oraingo neurketan behin baino gehiagotan entzundako pertsonak
aurreko neurketetan ez bezala tratatu direla. Aurrekoetan elkarrizketa
guztiak jasotzen ziren, nahiz pertsona berak behin baino gehiagotan
aritu. Errepikatzen duten pertsonek izan dezaketen gehiegizko
pisua saihesteko, oraingoan neurri zuzentzaileak hartu dira. Errepikatzen
duten pertsonei elkarrizketa kopurua mugatu egin zaie. Kontua
da, ordea, horrek eragina duela euskarazko nahiz erdarazko elkarrizketetan
eta, beraz, ez luke zertan euskararen erabilera txikiagoa denik
adierazi behar.
I. M. DE LUNA.
Erabileraren %14ko datua azpimarratzea baino, nire ustez garrantzitsuena
joerak azpimarratzea da. Zeren eta, zer da hizkuntza bat erabiltzea?
Zein egoeratan neurtu behar da jakiteko erabilera nolakoa eta
zenbatekoa den? Egoeraren arabera, erabilera mota bat edo beste
bat egon daiteke. Denon gustukoa litzateke lau urtez lau urte
ahalik eta erabilera handiena izatea, baina hizkuntzekin ez dago
jauzi kualitatiborik halako epe motzetan. Hizkuntza aldaketa gizarte
aldaketa mota bat da, eta gizarte aldaketak oso geldo doaz baldin
eta Europako Ekialdeko herrialdeetan bezala gertatzen ez bada:
harresia gauetik egunera erortzen da eta berarekin batera beste
hainbat gauza. Horrez gain, pertsonek oso ikuspegi historiko laburra
dugu, guretzat 30-35 urte bizitzaren erdia izan liteke eta hizkuntza
batentzat huskeria da. Beraz, joera ona den bitartean, gauzak
ondo doaz. Eta alde iluna? Esan den bezala, leku guztietan ez
dela joera bera antzematen. Hori da euskalgintzaren baitan gogoetatu
beharko duguna. Xehetasunetan sartuta, oso deigarria egin zitzaidan
duela 12 urteko datuetan Iparraldea, Nafarroa eta Bizkaian ia
abiapuntu berdina zegoela, hau da, erabileraren proportzioa %7-8an
zegoela. Gaur egun, emaitzak desberdinak dira. Zer dago horren
atzean? Gipuzkoan eta Bizkaian lan sendoa egin dela eta Iparraldean
eta Nafarroan ez. Arabako kasua desberdina izan daiteke, abiapuntua
ere desberdina delako.
Nafarroa eta Arabako egoera sarritan
parekatzen da gauza askotan. Hizkuntza kontuetan egin liteke hori?
XABIER AIZPURUA.
Hizkuntzari dagokionez ez dago parekatzerik. Hizkuntza Politikarako
Sailburuordetzan egindako azterketetan, erabilera tasarik altuenetarikoak
ia beti Nafarroak ematen ditu, Nafarroako euskaldunak oso gune
trinkoetan daudelako: lehen hizkuntza euskara dute, harreman sare
euskaldunak etxean eta lagunartean... Gaur gaurkoz ere, Nafarroako
gune euskaldunenak Bizkaia eta Gipuzkoako gune euskaldunenak baino
euskaldunagoak dira. Gero Iruñerrian nahasketa dago eta
gainerakoan ez dago erabilerarako ia inolako aukerarik. Araban
egoera desberdina bizi da. Gasteiz dago, gune erabat erdalduna
eta beste muturrean, berriz, gune guztiz euskalduna Aramaio aldean.
Neurketaren datu zehatzagoetan oinarrituz,
eskualde batzuetan igoera nabarmenak ikusten dira, esate baterako
Deba Behekoa, Deba Goiena, Gernika-Bermeo eta Durangaldean. Kopuru
orokorretan gazte eta haurretan ere aurrerakada esanguratsuak
eman dira. Bizkaia eta Gipuzkoa nabarmentzen ditugu, baina Tolosaldea,
Donostia, Bilbo... askoz egonkorrago daude.
ROSA RAMOS.
Nafarroari dagokionez, nik aurrerakada handiagoa espero nuen eremu
euskaldunenetan eta Iruñerrian zerbait handiagoa ere bai,
baina bietan ematen da egonkortze prozesu bat. Iruñean
argi dago euskaldunak elkartu egiten direla harreman sarea egin
ahal izateko, bestela ez legoke erabilerarik ia. Eremu euskaldunetan
beste zerbait gertatzen da, eta seguruenik euskaldunek beste trinkotze
maila bat dute erdaldun elebakarrekin. Agian horrela azaltzen
da egonkortze hori eremu euskaldunetan, hau da, erdaldun elebakarren
kopuruak herri horretan duen garrantzi estatistikoan.
Neurketa guztietan aurrera egin duten
Gipuzkoa eta Bizkaiko zenbait eskualde nabarmendu ditugu. Aztertu
al daiteke leku horietan zer baldintza diren eta zergatik egiten
den aurrera?
X. AIZPURUA.
Bizkaian ere bi mundu ikusten dira: Bizkaiko ekialdekoa, nahiko
euskalduna, eta mendebaldea, askoz ere erdaldunagoa.
I. M. DE LUNA.
Esparru euskaldunetan garai batean erdaraz ziren harreman sareak
errazago ari dira ordezkatzen euskarazko harreman sareekin. Tolosa
batean, esaterako, azken bolada honetan gazteek errazago izan
dute euskaraz egitea. Aldiz, eremu erdaldunagoetan, euskaldunek
haien arteko harremanak euskaraz izateko zailagoa dute. Donostiako
kasua aztertua dut eta adibide ona iruditzen zait: euskaldun euskaltzaleak
nahiko etsita sentitzen dira erdal munduaz inguratuta daudelako.
Eskualdeburu euskaldunetan, aldiz, harremanak euskaraz garatzea
errazagoa da. Horrez gain, euskararen munduak oro har dituen baldintzen
arabera tope bat dago, eta seguruenik, Nafarroako zona euskaldunetan
ere egonkortasun bat ageri bada horregatik izango da, euskararen
munduaren baldintzen arabera bere topera iritsi delako. Baldintzak
izugarri aldatu beharko lukete hori aldatu ahal izateko.
R. RAMOS.
Zalantzarik ez egoera sozialak eragina du horretan baina, horrez
gain, norberaren garapen linguistikoa ere hor da. Iruñerrian,
adibidez, zaila da benetan irakaskuntzaren bidez euskalduntzen
diren gaztetxoen erabilera ez formala lortzea, erraztasunez eroso
komunikatzen ez direlako. Beraz, sarea bai, baina erraztasuna
ere eragile garrantzitsua da. Azken finean, bi hizkuntzen arteko
gaitasun erlatiboak argi dago zeinen alde egiten duen, hau da,
Iruñerriaren kasuan gazteak erosoago sentitzen dira erdaraz
komunikatzen. Neurketak batez ere eremu pribatuko zerbait neurtzen
du -kalean lagunekin, familiarekin...- eta, beraz, ez da gune
oso formala. Horrexegatik iruditzen zaizkit datu interesgarriak
Bilbokoak, gune erdalduna izanik, erabileran gora egiten duelako,
Nafarroako eremu euskaldunetan eta Iruñerrian ez bezala.
Eta zergatik espero zenuen igoera handiagoa
Nafarroan?
R. RAMOS.
Batez ere euskaldun eremu horretan, Iruñerriko euskaldun
tipologiak dituen zailtasunak ez dituelako.
X. AIZPURUA.
Lehen, Iñakik joerak azpimarratu behar direla esan du eta
nire ustez ere hori da garrantzitsuena. Neurketaren datu hauek
-nahiz eta hobeto aztertu beharko diren- joera on horren erakusle
dira. Datuek espero zitekeena erakusten dute, Iñakik esan
duen bezala, hizkuntzak oso geldo garatzen direlako. Honakoak
dira dauden joeretako batzuk: muturretako egoerek gero eta pisu
txikiagoa dute, hau da, gune euskaldunenak ez dira hain euskaldun
eta gune erdaldunenak ez dira hain erdaldun. Harreman sareei dagokienez,
halaber, egoera nahasiak geroz eta ugariagoak dira, eta horrek
sekulako ondorioak ditu hizkuntza jokabidean. Harreman sareak,
oro har, gero eta euskaldunagoak dira, Iparraldean ezik; hau da,
gero eta solaskide euskaldun gehiago dago gure harreman sareetan,
salbu eta toki euskaldunetan, adineko euskaldunak hiltzen ari
direlako. Zer gertatzen da? Eremu euskaldunagoak izanagatik ere,
ez direla euskararen erabilera bermatzeko behar bezain euskaldunak.
Erraztasunari dagokionez, hau erabakigarria da. Euskara lehen
hizkuntzatzat dutenak eta euskaraz errazago moldatzen diren hiztunak
hiltzen ari dira, eta datozen euskaldunak, euskaldun berriak dira,
hots, erdara da haien lehen hizkuntza eta harreman sare ia guztiz
erdalduna dute. Horrek ere ez dio mesederik egiten erabilerari.
Hirugarrenik, hor da arau soziala. Hizkuntzak
ospea duen tokietan, erabilera gune formaletan ari da hazten:
eskola, administrazioa... baina esparru ez formaletan gutxiago
igotzen da, motelduta dago eta kasuren batzuetan behera egiten
du. Esparru formaletan euskaraz aritzeko unean uneko konpromisoa
behar duzu -urtean behin errenta aitorpena egitean, esate baterako-,
baina harreman pertsonaletan eguneroko konpromisoa behar da, eta
errazagoa da unean unekoa eguneroko hori baino.
Bestetik, Nekane Jausorok bere garaian
lan kualitatibo bat egin zuen gazte euskaldunen arteko erabilerari
buruz. Beste batzuen artean honako ondorio oso interesgarria zuen:
parekideen arteko hizkuntza eta goitik beherako harremanen hizkuntza
bereizi zituen, eta gazteentzat euskara gero eta gehiago omen
zen goitik beherako harremanetan -gurasoekin, irakasleekin, nagusiekin...-
erabiltzeko hizkuntza parekideen artean erabiltzekoa baino. Oraingo
neurketan datu interesgarriak agertzen dira helduen eta umeen
euskarazko harremanari buruz.
Erabilera ezagupenarekin alderatu behar
dela aipatu duzue lehen. Erabileraren erdia haurrekin egiten da,
eta haurrekiko erabilera horretan euskaraz gutxi dakiten nagusien
kopurua handia da. Distortsiona dezake horrek zenbait datu? Inkesta
batean, guraso askok esan dezake euskaraz ez dakiela, baina gero
haurrekin zerbait egiten dute edo saiatzen dira.
X. AIZPURUA.
Horiek izan daitezke gure datu batzuen -Hizkuntza Politikarako
Sailburuordetzakoak- eta neurketa hau bezalako behaketen artean
dauden desberdintasunak azaltzeko arrazoiak. Guk ondo dakitenak
bakarrik hartzen ditugu eta beti euskaraz hitz egiten dutenak.
Erabilera gure datuetan baino handiagoa da hemen.
O. ALTUNA.
Egia da nagusi eta haurren arteko elkarrizketek irudi euskaldunagoa
ematen dutela, kasu batzuetan helduek euskaraz ondo egin ez arren,
haurrei hitz egiteko adina moldatzen direlako. Xabierrek erabilera
sendotzeko hiru faktore aipatu ditu: harreman sarea, hitz egiteko
erraztasuna, eta arau soziala. Nik laugarren bat aipatu nahi dut:
hizkuntzaren hautaketa kontzientea. Alegia, bizitzan une batean
hizkuntzaren hautaketa egin behar da kontzienteki, batez ere gaztetxoen
adinean eta nerabezaroan. Euskara dakiten gazte askok ez dute
euskararen aldeko hautua egiten, beste faktoreek -erraztasuna,
arau soziala,à- eraginda.
Ezagutza ez da nahikoa erabilera bermatzeko,
eta Katalunian hori oso agerikoa da: gaitasuna %75ean dute eta
%95ek ulertzen du; alabaina, eremu informaletan katalanaren erabilera
dela eta kezkatuak daude, neurketarik egin ez badute ere, gutxi
erabiltzen dela uste baitute. Han zera ikusten da: "Nire
hizkuntza katalana da" esaten dutenek normalean katalana
erabiltzen dute, eta "nireak katalana eta gaztelera dira"
diotenek, normalean gaztelera lehenesten dute. Han ere, beraz,
hautaketa kontzienteak eragin handia du.
I. M. DE LUNA.
Azkenean, horren atzean dagoena hiztun komunitatea da. Orain arte
hiru osagai nagusiri buruz aritu gara -ezagutza, harreman sarea
eta komunitate izatearen kontzientzia-, hiztun komunitatea osatzeko
funtsezkoak direnak. Komunitate mota guztietan behar da komunitate
horretako partaide izatearen kontzientzia, eta hizkuntzetan ere
bai. Horren premia ere badago, euskaldun berri asko edo etxean
ikasi duten asko, esaterako, ez dira euskal hiztun komunitatearen
partaide sentitzen. Honekin Fishman edota Txepetxen planteamenduetan
gaude, eta gakoa horretan dago. Gurean euskaldun berriak hiztun
komunitate batean sartzen ari dira, baina ez ekoiztu ahala batzuk
euskarazko harreman sareetan txertatzen ez direlako.
Ezagupena eta erabileraz ari gara etengabe.
Ezagupen maila bat lortzen ari da, eta horrek bere isla du erabileran
ere. Dauzkagun datuen arabera, ezagutzak behar adinako isla al
du erabileran? Gipuzkoan, adibidez, zazpi eskualdetatik bostetan
haurren erabileran euskara da nagusi, %50etik gora; Bizkaian bitan.
Honek motibazioan ere eragina du. Aitzitik, ezagutzan asko aurreratu
den tokietan baina erabileran %5etik pasatzen ez denean, ez al
du eragin negatiboa motibazioan?
X. AIZPURUA.
Bai, badira euskara ikasi baina ez erabiltzearen poderioz galtzen
dutenak ere; porrot pertsonala inork ez duenez onartzen errua
bestearena izaten da eta horrek euskara ez erabiltzearen diskurtsoa
indartzen du. Ezagutza ez da nahikoa, erabilerak hautu bat egitea
eskatzen du, baina ezagutza derrigorrezkoa da, areago, derrigorrezkoa
da denek ezagutzea. Hori oraindik ez da gertatu, eta ezagutza
hamarretik zazpi edo zortzira igotzen ez den arte, erabilerak
apurka egingo du gora, baina ez modu nabarmenean. Zer gertatzen
da? Euskal Herrian baditugula baldintza horiek betetzen dituzten
zenbait toki, eta horietan arau soziala da oso garrantzitsua.
Hor badago aukeratzerik, eta hor pixka bat ezkorragoa naiz. Halakoetan,
unean uneko erabilera ikusten dut, baina hortik gure bizitzan
24 orduetan euskaraz aritzera desberdintasun handia dago. Toki
horietan badirudi ez dela gertatzen ari espero zitekeen erabileraren
igoera. Hor beste eragile batzuk ere erabakigarriak dira: komunitatearekiko
partaidetza, euskaltzaletasuna, norberaren pentsamoldea...
ROSA RAMOS.
Dena den, euskaldunen hazkunde hori ere ikusteko dago, gutxienez
Nafarroa eta Iparraldeari dagokienez. 1986ko erroldaren arabera,
Nafarroako elebidunen kopurua %10,2koa zen eta 1996koaren arabera
%10,9. Orokorrean ematen diren ezagupenari buruzko aurreikuspenak
ez dira berdintsuak toki guztietan. Araba, Nafarroa eta Iparraldea
horretan ikusten ditut desberdin: ez dut daturik, baina Araban
ezagutzaren hazkundea handiagoa izango da seguruenik.
Kale neurketa honetatik irakurketa baikorra
eta ezkorra egin daiteke, datuei nola heltzen zaien arabera. Gizarteari
begira nola komeni da interpretatzea datuak? Duela gutxi, adibidez,
Unescoren txosten batek euskararen biziraupena kolokan jartzen
zuen.
X. AIZPURUA.
Ni ez nator bat Unescok Euskal Herriaz dioenarekin. Argi-itzalez
hitz egin da hemen eta egia da, neurketan argi-itzalak dira, baina
datuak bere ingurumarian irakurri behar dira. Paradoxa bat da,
baina ez hain datu onekin diskurtso positiboagoa egiten da zenbait
tokitan, datu on hauekin egiten den diskurtso negatiboarekin alderatuz.
Ez dakit zergatik gertatzen den hori. SEIren txostenean honako
irakurketa egiten da: hazkundea moteltzen ari da eta erritmo honetan
euskararen geroa ilun dago. Hori ere asko matizatu daitekeela
uste dut. Unescok enkargatutako txosten hark dioenez, euskararen
biziraupena ez dago bermaturik. Ni ziur nago belaun honetan euskararen
egoera aurreko belaunean baino askoz hobea dela, horretan ez dut
zalantza izpirik. Ez dut inolako zalantzarik belaun honetan ere
ez dela galduko. Hurrengo belaunetan zer gertatuko den? Hurrengo
belaunei galdetu beharko zaie. Azken 25 urteetan eman den jauzia
garrantzitsua da, jarraitua eta joera hobera doa. Tolosan edo
Añorgan duela 25 urte gazteek ez zuten euskaraz hitz egiten.
77-78an Gasteizen Dato kalea zeharkatzean ez zen euskara izpirik
entzuten, eta gaur egun, ezinezkoa da Dato kalea edo Gasteizko
beste edozein auzo zeharkatzea euskararik entzun gabe, gutxi baina
entzuten da. Ilunak ere, dena den, badira baina, nire ustez, ez
hizkuntzaren biziraupena, epe ertainera bederen, arriskuan jartzeko
modukoak. Besterik da, ordea, bide honetatik barrena euskararen
erabateko normalizazioa erdietsi ote daitekeen ala ez.
Lurralde desberdinen arteko egoera litzateke
ilun horietako bat. Nafarroa eta Iparraldea, esate baterako.
X. AIZPURUA.
Argi dago, euskararen aldeko hizkuntza politikak dauden tokietan
euskarak ospea eta indarra hartzen du, eta euskararen aldeko politikak
ez dauden tokietan edota politika euskararen aurkakoa denetan,
ez dago ospe hori. Nagusiki Nafarroaz ari naiz, orain, eta ez
horrenbeste Iparraldeaz. Iparraldeko zenbait neurri berri ez dira
nik nahiko nituzkeenak, baina duela hamar edo hogei urteko egoerarekin
alderatuta positiboak dira, nahiz eta ez dakidan joera aldaketaren
seinaletzat har daitezkeen.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez
ere, esan ditudan arrazoiengatik, ez dut espero sekulako igoerarik
erabileran. Baina bai espero dezaket euskaraz bizitzeko aukera
errealak dauden tokietan erabilera handiagoa izatea. Toki horietan
ez dugu behar bezala asmatu, edo behintzat ez da ikusten. Erabilera
ez formalean ere ez dugu behar bezala asmatu, eta hor egiten da
bizitza gehiena. Eskolak euskaraz dakiten pertsonak ematen dizkigu
baina ez euskal hiztunak, alegia, euskaraz mintzo direnak, eta
gainera eskolari ezin diogu hori eskatu. Hori beste nonbaiten
landu behar da eta hor ere ez dugu behar bezala asmatu. Guztiok
gehiago eta hobeto saiatu beharra dugu etxetik kanpoko gertuko
komunitatearen euskarazko auzogintzan eta zerbitzugintzan.
I. M. DE LUNA.
Esparru formalean indar handia jarri da eta agian ez zaio behar
besteko garrantzia eman esparru ez formalari: lan munduko harremanei,
familiari, lagun arteko harremanei... Langileen %84k esparru pribatuan
egiten du lan eta gainerako 16k esparru publikoan. Datu horrek
bakarrik ematen digu lan munduaren garrantzia. Plangintzak leku
formaletarako edo administrazioen arteko esparrutarako bakarrik
egiten badira, gizartearen parterik potoloena ahazten dugu. Gogoan
dut eremu euskaldun bateko lanbide eskola bateko ikasle euskaldunek
duela hamar urte esaten zutena: "Ez, euskara hemen ez da
garrantzitsua, gero lanera zoaz eta erdaraz egiten da". Esaldia
literala da. Lan mundua euskaldundu ezean, neurri batean behintzat,
jai dugu.
R. RAMOS.
Badirudi guk hautatu egin dugula eremu publikoan gehiago eragitea.
Nagusiki baliabide kontua izan da, eta ahal izan dugun lekuetan
eragin da. Orain kontzientzia handia hartu dugu lan munduaz, seguruenik
beste alor batzuetan urratsak eman direlako eta orduan hurrengo
urratsak hobeto ikusten direlako. Lan munduan sartzeko baliabideak
behar dira.
I.M. DE LUNA.
Ados, baliabideak behar dira, baina baita lehentasunak ezartzea
ere: utz ditzagun dauden egoerak dauden moduan eta gutxienez jar
dezagun aldaketarako ahalegina hastear direnekin. Herri elebidun
batean bagaude, horri aurre egin behar zaio eta bietan funtzionatu
behar da, zerbitzuak ere bi hizkuntzatan emanez. Eta hori, kasurik
gehienetan, ez da ematen, nahiz eta tartean dauden eragile guztiak
euskaldunak izan.
X. AIZPURUA.
Gaur egun lan munduan nagusi den belauna, agintean dagoen belauna,
guk noiz ezagutu dugun erdaldunena da. Hori ere pixkanaka aldatzen
ari da, eta lan munduan euskaraz aritzeko belaunaldi gazteak ere
orain ari dira hezkuntzatik lan mundurako jauzia egiten.
I. M. DE LUNA.
Ikuspegi positibo horren alboan negatiboa jarriko nuke. Euskaraz
ikasten ari diren ikasle euskaldun horien artean zenbatek egiten
du euskararen hautua? Unibertsitatean, euskal adarrean, ikastetxean
izandako hizkuntza portaera berbera mantentzen du ikasle askok
eta askok: irakaslearekin euskaraz eta haien artean gazteleraz.
Gaitasuna badute, baina kontzientzia pixka bat edo tentsio pixka
bat ere behar dute.
R. RAMOS.
Orain ikusten ari gara nola datozen lan mundura duela hamabost
urte prozesu batean sartu ziren gazteak. Orduan eremu formalari
eman zitzaion garrantzia eta orain ikusten da eremu ez formalak
duena, batez ere gazteengan; hau da, hiztun osoak lortu behar
ditugula, eta ez bakarrik irakaskuntzarako hiztunak. Duela hamabost
urte hasi zirenak ez zuten gaur egun izan dezakegun perspektiba
hori eta gerora begira hobeto aritzeko aukera izango dugu: ikastetxeetako
hizkuntza planak, planteamendu globalagoak, udalerri mailako plangintzak...
Horietan dago koska. Hauek ere berri samarrak dira, eta ikusiko
dugu zer emaitza ematen duten. Horrez gain, bi abiadurako normalizazio
prozesuak gertatzen ari dira eta hori bai da kezkagarria euskal
hizkuntza komunitatearentzat. Demografikoki, hiztun multzo handiena,
zorionez, eremu aurreratuenean da, baina ezin da ahaztu beste
abiadura, bestela bi eremuen arteko tartea gero eta handiagoa
izango da.
Olatz, zu SEIko
datuen kaleratzeko moduari buruz zerbait esan nahian geratu zara.
O ALTUNA.
SEI elkartearen helburua erabileraren argazki bat egitea izan
da, diagnosi bat, eta hausnarketa eta eztabaidarako materiala
sortzea. Datuen irakurketari dagokionez, azpimarratu nahi izan
dugu, batetik, erabilera ez dela norbanakoaren ezaugarria, interakzioaren
ezaugarria baizik. Eta, bestetik, erabileraren hazkundearen moteltzea
dela-eta alarma piztu nahi izan dugu. Txillardegik dio ezagutzan
%30era iritsita ere, erabileran %15era iritsiko garela, gehiago
ez. Eta hori horrela, gaina jotzeko zorian gaude. Ezagutzak puntu
askotan egin behar du gora, erabileraren igoera nabarmena izan
dadin. Datozen kale neurketek emango dute horren berri.
X. AIZPURUA.
Bilakaera moteltzea kezkagarria dela esatea gauza bat da, eta
ni horrekin ados egon naiteke, baina horrek ez du zerikusirik
hizkuntzaren desagerpenarekin ezta arriskuan dagoela esatearekin
ere. Gaurko egoeran hiztunak nabarmen gehitu ezean eta dakitenek
etengabeko erabilera egin ezean, erabilera ez da asko haziko.
Hortik hizkuntza galzorian dagoela esatera sekulako jauzia dago.
Nire kezka da, oro har, euskaldunok ez dugula behar besteko euskararen
hautua egiten, familian, lagunekin, lan munduan... Alde horretatik,
dakitenen kolektiboarekiko diskurtsoa horren autokonplazientea
izatea eta, aldiz, ez dakitenen kolektiboarekiko horren penalizatzailea
izatea arriskutsua iruditzen zait. Dena den, hau oso balorazio
pertsonala da.
R. RAMOS.
Luze aritu beharko genuke lehialtasuna zer den adosteko. Dena
den, garrantzitsua da Tutera edo Iruñerria bezalako zona
erdaldunduetan, esate baterako, euskara erabiltzeko aukera dagoen
gehien-gehienetan euskara aukeratzea. Baina, horretaz gain, are
garrantzitsuagoa da norberaren harreman sarea hizkuntzaren arabera
antolatzeko joera. Eta hiztun elebidunek horrela egiten dute,
bestela erabilera askoz txikiagoa izanen litzateke. Ikuspuntu
horretatik erabilera tasa altua da.
X. AIZPURUA.
Bai, ni ere horrekin ados nago, baina ni ez nago prest bizitzaren
24 orduak euskaraz bakarrik bizitzeko moduko egoeratara soilik
mugatzeko. Gasteizen bizi naiz eta zenbait egunetan hala gertatzen
da, egun osoa euskara hutsez ari zarela, beste zenbaitetan erdara
hutsez. Euskararekiko leialtasuna, beraz, handia da, baina zenbait
gunetan euskararen eguneroko erabilera arrunta handiagoa izan
daiteke oraindik.
I. M. DE LUNA.
Ez dakit Unescoren txostena okerra den ala ez, ez dakit hemendik
eta hamarkada batzuetara zenbat hizkuntza desagertuko diren, baina
batzuk bai. Dakidana da, hizkuntza gutxitu batek beti duela galtzeko
arriskua. Duela hogei urte baino askoz hobeto gaude, bai, baina
arriskua oso presente dago beti. Euskal hiztunentzat hizkuntza
beti izan behar da hizpide, horrela tentsio puntu bat mantentzen
delako. Ezin gara lasaitasunean erori, "euskara ondo doa"
eta kito. Leialtasun maila ospetsu horri heldu ahal izateko tentsio
puntu bat behar dugu, bestela erdararen zama hor alboan dago eta
horrek euskara zapuztuko du. Ondo goazela esan behar da, baina
transmititu beharreko mezuan, kezka puntu bat ere behar da. Errealitatea
itxaropentsua da, baina gordina ere bai.
X. AIZPURUA.
Ados nago, etengabe egin behar da aurrera eta, oro har, hala dela
uste dut. Normalizazioa ez dugu guk lortuko, baina kontua da belaun
bakoitzak aurreratu behar duela, eta hurrengoari egoera hobeagoa
utzi. Beste kontu bat da tentsio puntu hori lortzeko egin beharreko
diskurtsoa zein den.
Lehen esan da argazki finkoa dagoela,
halako egonkortasun bat, orain aurrera goazela. Ez al dago hor
halako kontraesan bat?
X. AIZPURUA.
Jakina, horrek ñabardurak eskatzen ditu eta ñabarduretan
sartzea ona da. Behaketa honek esparru jakin bat neurtzen du,
hizkuntzaren gaur gerorako funtsezkoa dena, baina ez da esparru
bakarra, inguruan beste asko daude. Inon ikusten bada aurrerapen
txikia erabileran da. Areago, belaunez belauneko famili transmisioa,
adibidez, adierazle gogorragoa da eta hor ere emaitza onak izaten
ari dira, ikerlari batzuk harritzeko modukoak, baita euskaldun
berriez osatutako bikoteetan ere.
Hizkuntza politika molde batek zer eman
duen ikusten ari gara apurka, erakundeetatik, udaletxeetatik,
elkarte pribatuetatik... Hizkuntza politika bera, diru kopuruak...
Aldaketarik somatzen al da aurrera begira?
X. AIZPURUA.
Euskararen aldeko partehartze planifikatua ukaezina da. Horrek
bi gauza behintzat eskatzen du: daukagun dirua hobeto gastatu
behar dugu, hau da, egiten duguna hobeto egin: lehentasunak hobeto
detektatu, hobeto adostu, balio duten lehentasunak indartu, bermoldatzeko
ahaleginak areagotu... Aldaketa batzuk behar dira, eta inertzia
batzuk astindu beharra dago. Horrez gain, baliabide gehiago ere
behar dira, orain arte indarrean jarri ez diren zenbait egitasmo
indarrean jartzeko. Errezetei begira ez noa ezer asmatzera, eta
ildo nagusiak jasoak daude Euskara Biziberritzeko Planean. Oinarrian,
oso inportantea da hiztunak irabazten jarraitzea, eta hiztunak
nagusiki eskolatik datoz, baina baita famili transmisiotik eta
azken eragile hau gero eta garrantzitsuagoa izango da. Azken eremu
hau indartu eta babestea oso garrantzitsua da. Horrez gain, eta
lehen esan da hemen, euskaraz egiteko aukerak nabarmen gehitu
behar dira, zerbitzuak besteak beste, etxetik edo eskolan ikasi
den euskara hori erabili ezean galtzeko arriskua dagoelako. Euskarazko
zerbitzuak eta produktuak areagotzea oso inportantea da.
Horrez gain, esparru jakinetan euskararen
aldeko araua jartzeko ordua da, hau da, "hemen normala da
euskaraz egitea" finkatzea "hemen normala da erdaraz
egitea"ren partez. Horri buelta ematea ikaragarri zaila da
eta horretarako estrategiak bultzatu behar ditugu. Esparru sozio-ekonomikoan
oso gabezia handiak daude alor horretan eta gaur egun duela 10-15
urte baino baldintza hobeagoak daude.
I. M. DE LUNA.
Gauza asko eta gauza on asko egin da. Dena den, soziolinguistikaren
tresna ezagutu arte intuizio hutsezko pausoak eman dira, kasu
batzuetan emaitza onekin eta beste batzuetan ez horren onekin.
Formazio gabezia horretatik abiatuta, akaso izan den gabeziarik
handiena orokortasun falta izan da. Adibide bat, Gasteizen bidegorriekin
gertatu izan dena: bidegorriak egin dira espaloi batzuetan, baina
kale bukaeran bidegorria amaitzen da eta horrekin ezin da bizikletaz
ibili. Hizkuntza batekin beste horrenbeste, hizkuntza bat ezin
da irakaskuntzan bultzatu eta gero ezer ez. Edo ibilbide osoa
osatzen da edo bestela jai dugu. Gero eta planteamendu orokorragoak
egiten dira, baina oraindik ere bada plangintza orokor baten beharra.
Euskaldunak ekoizteko tresneria abiadura osoan dugu, baina gero
ez dakigu euskaldun horiek non kokatu; hori enpresaren eremuan
estrategia falta litzateke, ondasunak produzitu eta gero saldu
ez. Herri mailan hainbat ahalegin ari dira egiten zentzu horretan,
baina ez leku guztietan. Agian Gipuzkoan bai, Bizkaiko alde batean
ere bai, baina Araban ez. Araban herri mailako ekimenari esker
ez bada ez dago ia ezer.
Beste adibide bat: zer ari da gertatzen
egunero sortzen diren erakunde berriekin? Plangintza bat bideratu
beharko litzaieke, hizkuntza planteamendua ere tartean ager dadin.
Nik dakidanez ez da halakorik egiten. Askoz errazagoa da sortzen
ari diren erakundeekin jokatzea daudenekin ohiturak aldatzea baino.
Benetan aurrera egiten duen hizkuntza gutxitu baten kasuan, sortu
berriak diren elkarte, enpresa edota harreman mota berri guztietan
hizkuntza gutxituak leku jakina eta agerikoa izan beharko luke;
hau da, leku gehiena berari eskainita edo, gutxienez, hizkuntza
nagusiaren parean, elebitasuna ezarrita. Horren ezean, gune berri
horietan hizkuntza nagusiak hizkuntza gutxitua zeharo baztertuko
du, eta hori ez da hizkuntza gutxitua normaltzea, diglosia egoeran
sakontzea baino. Hizkuntza normalkuntzaren benetako martxa ezagutzeko
hauxe proposatuko nuke: sortzen diren talde berrietan euskarak
eta erdarak duten lekua aztertzea; erdarak gehiago balu, atzerapausoaren
seinale litzateke.
OLATZ ALTUNA.
Nik gazteen eremua azpimarratuko nuke. Euskal hezkuntza ereduetatik
ez dira berez sortzen hiztunak, kezka hori behin eta berriz agertzen
da eta hori bereziki landu behar da. Gazteen erabilerak oro har
gora egin du, baina Bilbon behera egin du, adibidez, eta beste
zonalde askotan bere horretan dago. Horrez gain, globalizazioak
dakartzan zailtasunak hor dira, esate baterako Komunikabideen
arloa bereziki landu beharko litzateke.
R. RAMOS.
Gauza gehienak atera dira jadanik. Dena den, Arabako kasua ere
gehiago aztertuko nuke haurren artean batez ere. Lau urte itxaron
gabe, zenbait puntutan fokoa jarri beharko genuke nola goazen
hobeki ikusteko. Badakit neurketa lau urtetan behin egitea lan
handia dela orain, gainera, tarteko neurketak egiten hasteko,
baina erakunde publikoen laguntzarekin, agian, oso interesgarria
izanen litzateke SEI elkarteak zenbait tokitan eta adin multzotan
neurketa bereziak egitea lau urte pasa baino lehen.
I. M. DE LUNA.
Arabatik ikusita, esango nuke arriskutsua izan daitekeela beste
leku batzuetarako hartu diren neurriak Araban indarrean jartzea
itsu-itsuan. Adibide bat: etorkinekin dagoen kezka. Zenbait tokitan
izan daiteke kezka, Gasteiz batean etorkinek euskaraz edo erdaraz
ikasten duten ez da kezkagarria. Gasteiz moduko lekuetan, garrantzitsuena
euskal komunitatea sortzea da; euskal hiztunen kopuru esanguratsua
badago, baina neurri handi batean sakabanatuta. Araba moduko toki
batean ezin da euskarazko zerbitzuen aldarrikapenean hasi euskal
hiztunen komunitatea sortu baino lehen. Bai, agian lortuko lirateke
zerbitzu horiek, baina agian ez erabiltzeko, komunitate kontzientzia
eta babes hori ez dagoelako. Dauden ezaugarrien arabera, tokian
tokiko neurriak behar dira.
R. RAMOS.
Ñabardura bat. Iruñerriarekin konparatuta, ez dakit
esaterik dagoen euskal komunitaterik ez dagoela. Neurketaren datuak
hor daude, eta komunitate ahul eta sakabanatua izango da, baina
komunitate hori egon badago. Trinkotze maila bat badago eta, beraz,
komunitatea. Ez da konparagarria Bergaran egon daitekeenarekin,
baina hor dago. Ez da nahikoa, ados, baina gogorregia iruditzen
zait guztiz ezabatzea.
X. AIZPURUA.
Iñaki, zuk lehen bidegorriena aipatu duzu estrategia faltarena
adierazteko. Egia da Gasteizen bidegorri asko dagoela eta bat-batean
etorbide batean bukatzen zaizula eta pasatzeko bizikletatik jaitsi
behar duzula edo semaforoa berde jarri arte zain egon. Halako
egoerak badaude, baina kasu horretan ere, nahiago dut bidegorriak
egotea, ondorengo arazoa delako horiek nola lotu haien artean
zirkuitu bat osatzeko. Gasteizen euskal hiztunekin ere berdin
gertatzen da, asko daude baina haien artean lotu gabe. Haurrak,
gazteak eta horien gurasoak daude; horiek, eskolarako hautu bat
egin dute, baina gero eskolatik kanpo ez da ikusten hautu horrekin
jarraitzen dutenik edo horretarako aukerarik dutenik. Zorionez,
hiztun komunitatea egon badago, baina uharte askotan banatua eta
horiek elkar lotzeko pasabideak eraiki beharra dago. Loturak egiteko
estrategietan -ez Gasteizen bakarrik, oro har- ez da asmatu. Beraz,
egin diren ahaleginak hobeto egin beharko dira. Egin dena hobeto
egiten, badugu lana urte batzuetarako.
Kike Amonarriz / Xabier Letona
(Larrun
56. zenbakia)
(2002-06-30.
1860.alea)
|