argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Senar-emazte triste horiek

2011-09-18 23:51:34 | Gorka Bereziartua

Take this waltz filmeko eszena bat

Ezkontza pelikula balitz, gauza bat gutxienez argi legoke hasieratik: maitasunak hilda bukatzen duela. Bizi osoa elkar maitez bizitzen duten bikoteekin ez dago pelikularik egiterik eta hortaz, amodio itzaliko bikoteak dira protagonista Take this waltz eta The deep blue sea filmetan.

Diferenteak dira gaiari heltzeko erabilitako moduak. Sarah Polleyren Take this waltz komedia tristea da, bizilagunarekin maitemintzen den emakume gaztearen istorioa: senarra ere maite du (beharbada errekurtso errepikakorregi bihurtzen diren eszena domestikoetan erakusten da), baina berritasuna xerkatzen du.

Harreman baten amaiera eta beste baten hasiera modu txukun eta sotilean kontatu ditu pelikulak nire ustez, baina zalantza ere sortu zait kontu batzuekin: daukan estetika indieak eta batez ere soinu bandak zenbateko eragina izan ote duen nire iritzi positiboan. Leonard Cohenen kanta batek ematen dio titulua filmari eta Feisten abestiak ere entzuten dira han eta hemen. Duda horixe da: soinu banda kenduta berdin funtzionatuko zuen? Ba, ez dakit. Eta kontuan izan zenbait zinegilek diotena, filmak soinu bandarik gabe ere harrapatu beharko lukeela, ona izatekotan.

Terrence Daviesen The deep blue sean Rachel Weiszek senarra uzten du RAFeko pilotu batekin lotzeko, baina harekin ere problemak berehala hasiko dira. Terrence Rattiganen antzezlan batean oinarrituta dago (1955ean ere egokitu zuten zinemarako testu bera) eta antzematen dela esango nuke: zati batzuetan teatralegia begitandu zait, hitzaren zentzu txarrean. Inpostatua da Kenneth Moren antzezpena haserre dagoela edo mozkorra dagoela adierazi nahi duenean, ez dut sinetsi. Une komikoak dituen arren, melodramarantz lerratzen da pixkanaka, eta zehazgabetasuna du bekatu.

Huts egiten ez duena Leonard Cohen da eta utziko didazue, Urumea Kursaal ondotik pasatzen dela probestuz, haren Take this waltzekin amaitzea kritika bikoitz hau.
 

SAIL OFIZIALA
Take this waltz
Zuzendaria: Sarah Polley
Aktoreak: Michelle Williams, Seth Rogen, Luke Kirby, Sarah Silverman, Jennifer Podemski
Kanada
116 minutu

SAIL OFIZIALA
The deep blue sea
Zuzendaria: Terence Davies
Aktoreak: Rachel Weisz, Tom Hiddleston, Simon Russel Beale.
Ingalaterra
98 minutu

 

  • Erantzunak (1)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

  • User Gravatar jon eskisabel - 2011-09-21 19:30:01: Nire kasuan, soinu bandak eragin du "Take this Waltz" filmari buruzko iritzi negatiboan. Ikuslea bereganatzeko kantu eder bat jartzea baino errazkeria handiagorik ez dago zineman, eta kasu honetan jasangaitza egin zait. Feist aipatu duzu, baina Micah P. Hinson, Ron Sexsmith —beste batean ahotsean...— eta abar entzuten dira.
ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403