argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Publikoak barre egin nahi du

2011-09-25 09:51:22 | Mikel Garcia

"The Artist".

Krisi ekonomikoa izango da beharbada, edo politikari eta epaileen gehiegikeriak, bankuen lotsagabekeria, gaztetxeen hustuketa bidegabea, berri txarrez betetako albistegiak, gogoko futbol taldearen porrota… Baina barre egin nahi du jendeak, zinema-aretotik alai atera nahi du. Proiekzioetan antzeman da, publikoak une irrigarriez nola gozatu duen ikusita, eta bozketan sumatu da, Michel Hazanavicius frantziarraren The Artist umoretsu eta baikorrak jaso baitu Publikoaren Saria. Eta arrazoi osoz: pelikula ederra da The Artist, 1920ko hamarkada bukaeran ahosdun zinemara egokitzen jakin ez duen zinema mutuko aktore bati buruz. Zuri-beltzean errodaturiko film mutua da, baina aurreiritziek ez zaitzatela engaina (aretora sartu aurretik nik neuk ere banituen), zinema mutuko estiloa eta imintzioak berreskuratuz eta egokituz, erritmo onean kontaturiko istorio magikoa eta freskoa da Hazanaviciusena.

Europako filmik onena hautatzeko garaian ere, hutsala ez den umorea, graziarekin istorio sakonak kontatzeko gai dena saritu du publikoak: Nadine Labaki zuzendari libanoarraren Et maintenant on va ? lana. Bi komunitateren arteko elkarbizitza zailari buruz komikotasunetik mintzatzeko gauza izan da Labaki, gatza eta piperra direlako kontu serioez aritzeko osagairik onenak.

Ildo beretik, ohiko umore beltzari drama, tragedia eta thrillerra gaineratu dizkio Telmo Esnalek Urte berri on, amona! proposamen original, harrigarri eta basatian. Genero batetik bestera eroso egiten du jauzi, eta bukaeraraino tentsioan mantentzen du ikuslea. Euskal zeluloideari ekarpen interesgarria egiteaz gain, harrera ona izan du Zinemaldian Esnalen lanak.

Orokorrean, maila oneko uzta bildu du Zabaltegik, txukuna eta erakargarria: Zuzendari berri onenaren saria The river used to be a man alemanak lortu du eta Gazteriaren saria berriz, Wild Bill britainiarrak, baina zalantza barik, aipamen berezia merezi dute Nader and Simin, a separation pelikula iraniar bikainak, Tyrannosaur drama britainiar gordinak eta Aki Kaurismaki finlandiarraren berezko begirada eskaintzen duen Le Havre lanak.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403