argia.eus

Bereziak

burua

Kritikak

Mutu baina ozen

2011-09-23 23:57:58 | Mikel Garcia

"The Artist" filmeko protagonistak.

1920ko hamarkadako zinema mutuari omenaldia eginez, zuri-beltzean errodatutako pelikula mutu frantsesa. A priori, ez zirudien bazkalosterako filmik egokiena, baina Zabaltegiko proposamenik interesgarrienetakoa da The Artist, garai berriek zanpaturiko aktore famatu baten gainbeheraz hitz egiten duen pelikula magikoa eta, kurioski, oso freskoa.

Buster Keatoni gertatu zitzaion. Baita belaunaldi hartako beste zenbait aktoreri ere; zeluloidean ahotsa sartzearekin bat, zinema mutua eta garai berrietara egokitzen jakin ez zuten aktoreak alboratu egin zituzten, sasoi batean izandako ospearen itzaletan. Badaude gai hori jorratu duten beste hainbat film, baina modu originalean kontatu du istorioa Hazanavicius zuzendariak: zinema mutuko estiloa eta imintzioak berreskuratu ditu, urrats bat harago joanez; zuri-beltzarekin, kamera perspektibekin eta argi-ilunekin jokatuz intentsitatea lortu du; istorioak kontatzeko moduez gogoeta burutsua mahairatu du; duintasunaren eta urguiluaren arteko mugez mintzatu zaigu. Eta umoretsu egin du gainera, keinu konplizeak tartekatuz, erritmoa mantenduz, txarlestonaren garaiko eta gaur egungo onena batuta.
 
Bitxia da nola, zinema mutuak jasan zuen gainbehera kontatzeko, pelikula mutua egin duen zuzendariak, mutuak ez duela zertan zaharkituaren sinonimo izan behar frogatzeko. Areago, ahotsa ez da faltan botatzen pelikulan eta ikusleak gozatu egiten du pertsonaien elkarrizketa, oihu eta xuxurla entzunezinez. Beharbada, hemendik urte batzuetara 3 dimentsioek gure pantailak berenganatu badituzte, zuzendariren batek frogatu nahi izango du bi dimentsiotan ere istorioak ederki konta daitezkeela eta ez direla zaharkituta geratzen.


ZABALTEGI SAILA
The Artist
Zuzendaria eta gidoilaria: Michel Hazanavicius.
Aktoreak: Jean Dujardin, Bérénice Bejo, John Goodman.
Frantzia. 100 minutu
.

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403