argia.eus

Bereziak

burua

Extra! Extra!

Neke zinematografikoaren kontrako erremedioak

2011-09-24 01:38:19 | Gorka Bereziartua

Ez baita bekatu kuluxka bat filmaren erdian

Ez, ez da nekea, desilusio handi bat da pelikula gustatu ez zaizunean. Ez da nekea, ez; da sentsazio abstraktu bat, istorio konkretu baten aurrean. Nekea? Ez! Zinema gustuko baduzu ez zara inoiz nekatzen zineman. Ez da hori betazalak grabitatearen menpe jartzen dituena, ez da hori lepoa doi bat eskuineratzen dizuna, aharrausi bat, galdu duzun sekuentzia bat, bi, hiru eta zurrungak. Bai, onartzen dut, nekea da.

Baina “show must go on!” esaten diozu zure buruari eta beraz pelikuletan lorik ez hartzeko erremedioak bilatzen dituzu. Jarraian, aurtengo festibalean gehien erabili ditugunak esplikatuko dizkizuegu.

1) Kafe amerikano bat Picachillan: Kursaal pareko taberna bigarren etxea da han dabiltzan kazetarientzat eta (batez ere) bazkalosteko paseak ZZZZ eginez ez pasatzeko komeni da kafe bat, hutsa eta doblea.
2) Edari energetiko bat aldean eraman: kafeinak ez baitu miraririk egiten eta filma mantso samarra bada, bazkalostean beti dago arriskua Martin Itsua gainera etortzeko. Ezin dugunez legez kanpoko sustantzien propagandarik egin, akordatu: Red Bullek hegalak ematen dizkizu.
3) Atximur egin zure buruari: drogek… barka, substantzia legal piztaileek funtzionatzen ez dutenean, mingarriagoa den erremedio batera jo behar izaten da. Begiak behar baino gehiago ixten ari bazara, eman atximur on bat zure besoari, ikusiko duzu gorputza nola jartzen den alertan. Eta besoan eginda funtzionatzen ez badu, beti daukazu beste nonbait egitea. Bai, zuk badakizu non.
4) Deskarga elektriko txiki bat: etxean daukazun argazki kamerarekin erraz egingo duzu deskarga elektriko txikiak emateko gai den taser bat (bideo honetan azaltzen da nola). Atximurrekin nahikoa ez baduzu, probatu gorputzari boltio batzuk sartzen.
5) Zurrunga ere egin dezakezu: kontua ez baita etxera Aresen mutilekin gurutzatu bazina bezala iristea (nahiz eta, gauzak dauden bezala, geroz eta zaialagoa dagoen saihestea ere). Bilatu aparte samar dagoen leku bat ahal baduzu, eta egin lo lasai. Kasu batzuetan, gainera, filma ikusta bezala geratuko zara siestaren ondoren (Kim Ki-duken Ameni buruz ari naiz, bai).
 

 

  • Erantzunak (0)
  • |
  • Zabaldu:
  • Facebook Twitter Digg Delicious

ERANTZUNAK

Ez dago erantzunik.

ZER DA HAU

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren 59. edizioaren jarraipena egingo dugu gune honetan. Irailaren 16tik 24ra, egunero zine kritikak, hainbat adituren hitzak jasoko dituzten bideoak, gomendioak, jaialdiko programa, pelikulen trailerrak, diaporamak, bitxikeriak, lotura interesgarriak... izango dira ikusgai.

AZKEN BIDEOAK
JARRAITU KANALA

Facebook Twitter RSS jarioa

Argia.com

© 2008-2011 ARGIA.eus - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403