Orri nagusira
Orri nagusia


ZER DA ARGIAREN MENDEAN

Lehen jokalaria San Frantziskon, bigarren jokalaria Argentinan, hirugarrena Bartzelonan eta azkena Gasteizen. Ez dute elkar ezagutzen. Lau euskaldunek ordea, Euskal Herriari eta euskal kulturari buruz duten ezagutza frogatu nahi dute; aukera "Argiaren Mendean", "tribial" birtualak ematen die.

Jokoak badu aurrekaririk, joan den urtean plazaratutako mahai jokoa, baina azken honek muga fisikoak gainditzeko aukerarik ez du ematen. Horretara dator joko birtuala; parez pareko ordenadoretan eserita aritu daiteke edo mila kilometrotako distantzia egon daiteke jokalarien artean. Jokalariak, gainera, "chat" baten moduan komunika daitezke partidak irauten duen bitartean. Mahai jokoan aritzeko gogoa izanez gero, fitxak, dadoak edota taula bera eskuratu beharko genituzke lehenbizi. Bada, Internet bidezko jokoan buru-belarri hasi aurretik "shockwave" izeneko "plug-in"a ekarri behar dugu.

Orain pentsa ezazu lagun koadrila asteburu pasa joanda ostatu batean hartu duzutela lo egiteko tokia. Eguraldi txarra dela medio ARGIAren mahai jokoan aritzea erabaki duzue. Asko zarete eta lau taldetan banatu zarete. Lehenengo, bigarrengo, hirugarrengo eta laugarrengo logeletan partida bana hasi duzue. Mahai bakoitzeko arduradun bat izendatu duzue, mahaiak osatzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula izan: "nik bigarren mahaian nahi dut", "nik ez dut laugarrenean jokatu nahi". Arduradunak mahai bakoitzean jokalariaren jokatzeko eskaria onartu edo atzera bota du eta jokoan hasi zarete. Ostatuko gela horietan gerta daitezkeen saltsak errepika daitezke Interneteko jokoan. Horregatik, jokatzeko gogoa erakusteaz gain, aurkariak topatu behar dira.

Mahai berri bat sortu nahi duzun edo lehendik osatzen hasia den mahaian sartuko zaren proposatu behar duzu. Mahai bakoitzak bere izena hartuko du eta arduradunak izango du azken hitza. Ez dago zertan ordenadorearen aurrean esertzea otu zaizunean halabeharrez jokaturik. Hitzorduak egin daitezke eta asteburuan, larunbat arratsaldean jokatzeko aurkariak zein diren jakin dezakezu. Mahai jokoarekin bezala gertatzen da, ama, aitona, anaia, laguna edo auzokidea konbentzitu behar dira jokatzeko, edo lehiakide bat, bi edo hiru. Beraz, zure burua aurkeztu eta jokatzeko irrikitan zarela adierazi eta lehiakide gehiagok izena ematen dutenean, elkar onartu duzutenean ekin jokoari! Euskal merkatuan gazteleraz eta frantsesez eginiko antzeko produktu ugari den arren, euskarazko eskaintza oso urria da. Joko moduan badira puzzleren batzuk eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu berri duen estropadetako jokoa ere. Joko hauek ordea, CD-ROMetan kaleratu dira. Euskal Herria eta euskal kultura osotasunean hartzen dituen joko birtualik ez da. Ametzagaiña taldeak, ARGIAren eskariz egin duen "Argiaren Mendean" joko elektronikoa, joko aitzindaria dela esan daiteke. Gure Mendeak, aisialdirako oinarritzat euskararen erabilera eta euskal kultura hartzeaz gain, Interneten euskararen erabilera bultzatzen baitu.

Orain ez dago aitzakiarik. Jokatu, ikasi eta bide batez, Internetaren laguntzarik gabe ziurrenik ezagutuko ez genituen euskaldunak bisitatu.





Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403